Donostiako 76. Musika Hamabostaldia

'Thriller' baten osagai guztiekin

Pucciniren 'Tosca' taularatuko dute Kursaalean bihar, Ainhoa Arteta protagonistaren rolean dela

Tosca operaren aurkezpena, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Dramatismoa bere handitasunean. Horixe eramango du Kursaalera bihar eta larunbatean Musika Hamabostaldiak, opera ezagunenetariko bat iritsiko baita Donostiara: Giacomo Pucciniren Tosca. Mende erdia baino gehiago igaro da hirian obra erakutsi zela, 1962. urtean taularatu baitzen azkeneko aldiz. Orain, Ainhoa Arteta soprano tolosarra rol nagusian dela eta Miguel Angel Gomezen zuzendaritzapean eskainiko dute, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Easo abesbatzaren eta Eskolaniaren parte hartzearekin.

Bartzelonako Liceu antzokiaren ekoizpena iazko udaberrian estreinatu zuten. Orain, Sevillako Maestranza antzokiarekin eta Argentinako Salas del Arenalekin elkarlanean, Kursaalean egiteko egokitu dute, Paco Azorin eszena zuzendaria gidari dela. Haren hitzetan, «operaren historiaren lehen thrillerra da Tosca», maitasuna, traizioak, pasioa, sexua, jukutria politikoak eta abar nahasten baitira istorioan. «Partitura zoragarria da; libretoa erlojugintzako piezen parekoa da, ez baitago ezer faltan, ez sobran; eta, zoritxarrez, lanak aktualitate osoa du, preso politikoak, askatasuna, tortura, maitasuna, sexua eta halako gaiak biltzen baititu, hor daudenak eta datozen 20 mendeetan ere hor egongo direnak».

1896an hasi zen Puccini Tosca konposatzen. Hamar bat urte lehenago Parisen ikusi zuen Victorien Sardouren La Tosca antzezlana hartu zuen oinarri gisa —Sarah Bernhardtek jokatu zuen rol nagusia—, eta 1900. urtean estreinatu zuen azkenean, Erroman. 1800. urteko Italian dago girotuta istorioa, herrialdea Napoleonen menpe dagoela. Tosca eta Cavaradossiren maitasun istorioaren eta garai hartako gatazka politikoaren hariek katramilatuko dute istorioa. Madama Butterfly eta La Boheme-rekin batera, Pucciniren operarik ezagunena da. Hainbestetan eman da, jaialdi batean erakusteko zer edo zer berezia eskaintzea beharrezkoa zela uste zuen Azorinek, eta asmatu dutela dio, batez ere antzezleengatik: Artetaz gain —Toscaren rolean—, Teodor Illincai tenore errumaniarra —Cavaradossiren rolean— eta Roberto Frontali tenor italiarra —Scarpia baroiarenean— ariko dira oholtza gainean.

Hitzik gabe ulertzekoa

Hitzik gabe ere ulertzeko modukoa ei da Tosca. «Ezagutzen duenak ez du testua behar gertatzen denaz jabetzeko, musikak argi islatzen baitu», Gomezen hitzetan. Partitura ez ezik, testua goitik behera ezagutzen du zuzendariak. Puccini opera sortzaile «perfektua» da haren ustez, «zehatza eta laburra». Hala ere, zuzendari batentzat, obrarik zailenetarikoa da Tosca, pertsonaia ugari, erritmo aldaketa etengabeak eta «notak adina jarraibide» baititu.

Horiek horrela, eta kontuan hartuta entseguetarako hartu ohi den denboraren erdia besterik ez dutela izan, pozik agertu da zuzendaria, «emaitza sinestezina» dela iritzita. EOSen —lau urtez zuzendu zuen— eta Easo abesbatzaren kalitatea goraipatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.