Nazioarteko hamasei organo jotzaile bilduko ditu aurten Donostiako Musika Hamabostaldiko organo zikloak. Aurreko ostegunean hasi eta bi astez, doako hamabost emanaldi antolatu dituzte Donostiako San Bizente, Iesu, Artzain Ona eta Koruko Andre Mariaren Basilika elizetan. Kontzertuak prestatu dituzte Tolosako, Loiolako, Debako, Ataungo, Azkoitiko eta Usurbilgo elizetan ere (Gipuzkoa).
«Aurtengo edizioak askotariko formatuak eskainiko ditu», adierazi du Ana Belen Garcia Hamabostaldiko zuzendariak. Organoa ardatz izanik, bertsolariek, perkusioak eta haize-metalezko instrumentuek osatuko dituzte emanaldiak. Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariak gehitu zitzaizkion Daniel Oiartzabal organo jotzaileari atzo, esaterako, Artzain Onaren elizan. Datozen egunetan eskusoinuak eta tronpetak bat egingo dute organoarekin.
Aurtengo organo zikloan, gainera, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea eskultoreak omenduko dituzte. Lehena aurreko larunbatean omendu zuten, Koruko Andre Mariaren basilikan. Bigarrena datorren igandean omenduko dute, Usurbilen.
Organo ikastaroa, berrogeigarrenez
Urteroko legez, aurten ere Nazioarteko Organo Erromantikoaren ikastaroa antolatu du jaialdiak, eta 40. ediziora heldu da. Gaur hasi eta ostiralera bitarte, Thomas Ospital Parisko Saint-Eustache elizako organo handiaren titularrak hogeita bi ikasle jasoko ditu hainbat herrialdetakoak, eta landuko dituzten obrak ostiralean aurkeztuko dituzte, 20:30ean, Koruko Andra Maria basilikan. Haiekin egingo duen lanaz gain, Ospitalek Begirada gurutzatuak izeneko emanaldia ere egingo du gaur, arratsaldeko zortzietan, leku berean. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako lanak denboran lehenagokoak diren obrekin lotuko ditu. Euskal Herriko organoen eta bestelako instrumentuen garrantzia nabarmendu du organistak. «Halako instrumentu talderik ez duzu aurkituko beste inon, beste herrialdeetan ez bezala hemen ez baitira aldatu urteak pasatu ahala».
«[Euskal Herriko bezalako] Organo eta instrumentu talderik ez duzu aurkituko beste inon, beste herrialdeetan ez bezala hemen ez baitira aldatu urteak pasatu ahala»
THOMAS OSPITALOrgano jotzailea
Donostiako San Bizente elizak bihar hartuko du Jean-Baptiste Monnot frantziarraren emanaldia, 20:30ean. Saint Ouen elizako Cavaille-Coll organo handiaren titularrak Maisu handiak programa joko du, Johann Sebastian Bachen, Louis Vierneren, Cesar Francken, Johannes Brahmsen eta Charles Marie Widorren lanez osatua.
Carol Williams organista britainiarrak, berriz, Mugetatik haratago! programa aurkeztuko du etzi, Artzain Onaren katedralean. XVIII. mendetik orain arteko obrak biltzen ditu; esaterako, Solerren eta Rimski-Korsakoven lanak. A Reverence to San Sebastian lanaren estreinaldia ere izango da.
Ostegunean, Michel Bourcierren eskutik, Mina eta kontsolamendua kontzertua izango da 20:30ean, San Bizente elizan hori ere. XIX. eta XX. mendeetako konpositore frantsesen piezak interpretatuko ditu musikariak, besteak beste Valery Aubertin, Jehan Alain eta Maurice Duruflerenak.
Asteburutik aurrerakoak
Loiolako santutegia bihurtuko da zikloko eszenatoki nagusia larunbatean. Santiago Banda organo jotzailea eta Enrique Abello tronpeta jotzailea izango dira bertan, arratsaldeko zortzietan. Duo sonoro handia programan, Julio Blascoren, Marc-Antoine Charpentierren eta Gabriel Fauren obra garaikideak aurkeztuko dituzte, besteak beste.
Igandean, berriz, Lorenzo Ghielmi milandarrak Ez Bach bakarrik aurkeztuko du Donostiako Loiolako Erribera auzoko elizan, 12:45ean. Ghielmi Bachen organo eta klaberako obren interpretatzaile ospetsuenetako bat izanik, Domenico Zipoliren, Bernando Pasquiniren eta Bernardo Storaceren obrak joko ditu. Arratsaldean, Nestor Basterretxea eskultorearen jaiotzaren mendeurrenean, omenaldia egingo diote Usurbilgo Salbatore elizan. Susanne Kujala organistak eta Veli Kujala soinu jotzaileak Bakearen usoa interpretatuko dute. Inprobisazioetan eta konposizio propioetan oinarrituko dute obra.
Astelehenean, Tolosako Santa Maria elizan Elkarrizketa sinfonikoak errezitala aurkeztuko du Matias Sagrerasek. Tolosako Santa Maria Kaperako abesbatzak lagunduta, Luis Urteagaren, Felipe Gorritiren eta Eduardo Mokoroaren korurako eta organorako obrak entzun ahalko dira, besteak beste. Miriam Cepedak itxiko du organo zikloa, biharamunean; Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko parrokian arituko da, EHUko eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzekin batera. Maurice Durufleren obrez osatutako programa aurkeztuko dute.
Jada lau kontzertu
Horiek dira heltzear dauden kontzertuak, eta jada bost kontzertu izan dira aurtengo organo zikloan. Aurreko ostegunean inauguratu zuten A2duo organista taldeak eta Jaume Santonja eta Manuel Martinez perkusionistek, eta Karol Mossakowski aritu zen Eduardo Txillida eskultorea omentzeko emanaldian. Bachen eta Widerren obren doinuei jarraikiz, eskultorearen obrak proiektatu zituzten Koruko Andre Mariaren basilikan. Igarotako saioen artean, Angela Metzgerrek Frantziarren eta alemanen dialogoa aurkeztu zuen atzo arratsaldean. «Ederra da hizkuntza berean hitz egiten ez duten bi herrialdek musikaren bidez komunikatzea», adierazi du organistak.