'The Square' filmak irekiko du Tabakalera-Zabaltegi saila

Ildiko Enyedi hungariarraren 'Testrol es lelekrol / On Body and Soul' lana Donostiako 65. Zinemaldiko Perlak atalean erakutsiko dute

Ildiko Enyediren Testrol es lelekrol lanaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Ainhoa Sarasola.
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Cannesko zinema jaialdiko etaBerlinaleko sari nagusiak irabazi zituzten bi filmak erakutsiko ditu Donostiako 65. Zinemaldiak, Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan, hurrenez hurren. Cannesko Urrezko Palmorria lortu zuen Ruben Ostlund zinemagile suediarrak The Square lanarekin, joan den maiatzean, eta film horrek inauguratuko du Zabaltegi-Tabakalera saila. Perlak atalean, berriz, Ilkido Enyedi zuzendari hungariarraren Testrol es lekekrol / On Body and Soul fabula emango dute, iragan otsailean Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen filma. Zabaltegi-Tabakalera sariagatik lehiatuko da lehena, eta Perlak ataleko Publikoaren Saria lortzeko, berriz, bigarrena.

Enyediren filmaz gain Perlak sailean erakutsiko dituzten beste hainbat tituluren berri eman du Zinemaldiak. Horien artean dago Andrey Zvyagintsev errusiarraren Nelyubov / Loveless, Cannesko Epaimahaiaren saria irabazi zuena, baita jaialdi berean Epaimahaiaren Sari Nagusia eraman zuen lana ere, Robin Campilloren 120 battements par minute (120 BMP) / 120 Beats Per Minute. Cannesen Todd Haynesek aurkeztu zuen Wonderstruck lana ere sail berean emango dute, baita Sundanceko jaialdian erakutsitako bi film ere: Michael Showalterren The Big Sick, eta Luca Guadagninoren Call Me By Your Name. Iragan astean iragarri zutenez, Fernando Leon de Aranoaren Loving Pablo lanak itxiko du saileko programazioa —Belodromoko pantaila erraldoian emango dute—.

Bestalde, The Square filmaren ondotik, beste hainbat lan ikusteko aukera ere izango da Zabaltegi-Tabakalera sailean. Horien artean daude Philippe Garrelen L'amant d'un jour / Lover for a day; Tesnota / Closeness, Kantemir Balagoven lehen filma; Felix Viscarreten Saura(s); Gustavo Salmeronen Muchos hijos, un mono y un castillo; João Moreira Sallesen No intenso agora / In the Intense Now dokumentala; eta Vergüenza telesaila, Juan Cavestany eta Alvaro Fernandez Armerorena.

Gaur bertan beste hainbat film iragarriko ditu Zinemaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.