Rock musikari eta haren aldaera guztiei tokia egingo die Azkena Rock jaialdiak 2025ean. Gaur iragarri dituzte datorren urtean oholtza gainean izango diren zenbait talde, eta rock alternatibo eta psikodelikoaren ikur nagusietako bat izango da kartelburu: The Flaming Lips. Wayne Coyne abeslaria buru duen taldeak Yoshimi Battles the Pink Robots disko ikoniko eta gurtua taularatuko du. Manic Street Preachers taldea ere kartelburu izango da. 2025eko urtarrilean hamabosgarren lana kaleratuko du, Critical Thinking, eta jaialdian aurkeztuko dute.
Ekainaren 19tik 21era egingo dute festibalaren 23. aldia, Gasteizko Mendizabalan, eta jaialdia ongi ezagutzen duen artista bat ere izango da bertan, Lucinda Williams. Americana deitu izan zaion musika generoaren ordezkari nagusietakoa da, eta 1970eko hamarkadaren amaieratik darama folk, rock eta country estiloak ezin hobeki uztartzen; musikaria birritan izan da jaialdian, eta datorren urtean berriro bisitatuko du Mendizabala.
Melissa Etheridge artista ere jaialdian izango da. Duen ahots bereizgarriagatik da ezaguna, eta 1990eko hamarkadan izar bilakatu zuen soinu rockero indartsua oholtzaratuko du.
John Lydon ere egon izan da jaialdian, Sex Pistols taldearekin, baina, oraingoan, P.I.L. edo Public Image Ltd talde legendarioarekin izango da. Punk eta hardcore musikan ezinbesteko den beste talde bat ere egongo da festibalean: Dead Kennedys. Eta Mendizabalan ereserkiaren maila gainditu ere egin duen Ever Fallen In Love (With Someone You Shound’t’ve) abestia entzuteko ametsa beteko da Buzzcocks Erresuma Batuko punk taldearen melodia errepikakor eta letra zorrotzekin.
Horietaz gain, punk estiloko Euskal Herriko talderik garrantzitsuenetako batek 25. urteurrena ospatuko du etxean: Kaotiko taldeak. Euskal Herriko taldeei dagokienez, oraingoz beste bi talde iragarri dituzte: Ezezez eta Libe izango dira jaialdian.
Bestelako talde batzuk ere izango dira Mendizabalako taulen gainean: The Hellacopters taldea Eskandinaviako rockaren ikonoetako bat da, eta taldearen 30. urtemuga ospatzeko kontzertua eskainiko du. Jaialdiak iragarri du, halaber, Norvegiako Turbonegro hard rock taldearen umore lotsagabeaz ere gozatzeko aukera izango dela.
Mendizabalan entzungai izango da, era berean, Reckless Kelly taldea, country eta red dirt doinuekin— Europa osoko kontzertu bakarrenetako bat izango da—, eta Derby Motoreta’s Burrito Kachimba Espainiako taldearen rock psikodelikoa; eta 90eko hamarkadako underground musikaren mugimendutik berpiztutako Psilicon Flesh taldeak metal, pop, funk eta grunge estiloen nahasketa eskainiko du.
Beste talde asko ere egongo dira jaialdian: Diamond Dogs and Chris Spedding —Little Richarden omenez grabatu duten About The Hardest Nut to Crack diskoa aurkezten—, Robert Jon & The Wreck, Masters Of Reality, The Chesterfield Kings, Richard Hawley. Quique Gonzalez eta La Estrella Azul, besteak beste.
Sarrerak azaroaren 20an jarriko dituzte salgai, 10:00etan, jaialdiaren webgunean, prezio berezian. Aurreko urteetan jaialdian izan diren lagunek bihartik aurrera eskuratu ahal izango dituzte sarrerak eta abonuak, prezio murriztu batean. Aurten, gainera, kuadrilla bonua erosteko aukera izango da (bost bonu erosita, beste bat opari).