Gaur amaituko da Zinebi Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko jaialdia, Bilbon. Arriaga antzokian egingo dute amaiera ekitaldia, eta goizean jakinarazi dituzte sarituen izenak. Andrea Gatopoulos zuzendaria izango da protagonistetako bat aurten, haren The Eggregores Theory hamabost minutuko film laburra apartatu baitu epaimahaiak aurtengo lehiaketako gainerako lan guztien artetik. Arrazoi hauengatik eman diote Zinebiko sari nagusia: «Artistak ordezkatzeko erabili ohi diren teknikak, hala nola adimen artifiziala, modu sortzaile eta originalean erabiltzeagatik. Horrez gain, kontakizun distopiko irmo bat izateagatik, aztertzen duena zentsurak nola ekartzen digun sormenaren heriotza eta pertsonen bakartzea». 7.000 euro jasoko ditu egileak, eta, horrez gainera, European Film Awards sariketarako hautagaitzarako izendatua egotea ere lortu du lanak.
Aitzol Saratxaga zuzendariaren Ehiza fikziozko filma ere saritu dute. Ramon Agirre, Urko Olazabal, Mikel Losada, Goize Blanco eta Lander Otaola aktoreek hartu dute parte bertan, eta XIX. mende amaieran girotuta dago pelikula. Mateo apaizaren desagerpenak eragiten duen ikerketa kontatzen du lanak, eta Euskal Zinemaren Sari Nagusia eman diote, zehazki. «Euskal kulturaren tradizioa eta idiosinkrasia interpretazio irmo batzuen bidez islatzeagatik, gaur egungo gizartean oraindik ere oihartzuna duen kontakizun mitologiko batekin». 6.000 euro jasoko ditu zinemagileak.
Horizontal lana ere Euskal Herrian filmatu du Alex Reynolds zinemagileak, eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia jaso du horri esker. «Kontakizun distopiko aztoragarri eta intimoa izateagatik» nabarmendu du epaimahaiak, bai eta «balio zinematografikoz betea» egoteagatik ere. 6.000 euroko saria jasoko du lantaldeak.
Guztira, jaialdiak 82.000 euro banatzen ditu saritan, eta Zinebi First Film saileko lanik onenarentzat izaten da kopururik handiena: 12.000 euro, hain justu. Opera prima-k lehiatzen dira sail horretan, eta, aurten, Celeste Rojas Mugica zinemagileak jaso du saria, Una sombra oscilante dokumental luzeagatik. Aho batez hartu du erabakia epaimahaiak. Haren konposizioa nabarmendu dute, eta «argazkigintza eta material filmikoa asmamenez eta fintasunez erabiltzeagatik eta soinu paisaia oniriko bat asmatzeagatik» saritu dutela ere zehaztu dute.
Horrez gainera, Nelson Makengoren Rising Up at Night filma ere nabarmendu dute alor horretan, aipamen berezi batekin, eta Farahnaz Xarifi zinemagilearen My Stolen Planet filmak jaso du gazte epaimahaiaren saria (2.000 euro).
Esparrukako Mikeldi sariak ere eman dituzte sail ofizialean. Gabriella Choueifaty zinemagilearen 2006 lanak jaso du fikziozko laburrik onenaren saria (5.000 euro), «emakume familia baten intimitatetik kontatutako gerraren erretratu leiala izateagatik». Eta epaimahaiak aipamen berezia egin dio Yakup Tekintangaç zuzendariaren Mori fikziozko laburrari ere.
Saurav Ghimire zinemagilearen Songs of Love and Hate filmak jaso du film dokumental laburrik onenaren saria (5.000 euro), eta Camille Monnier zuzendariaren Ashen Sun filmarentzat izan da animaziozko laburrik onenarena (5.000 euro). Tugh Hunduma zinemagilearen The Medallion film labur dokumentalari ere aipamen berezia egin dio epaimahaiak.
Fon Cortizoren Bumblebee filmak jaso du Publikoaren EITB Saria (3.000 euro). George Todriaren Los invitados de Amaia lanak irabazi du Cineclub Fas saria (2.000 euro). Alicia Moncholiren Campolivar pelikularentzat izan da Unicef saria.
Dokumental luzeak sortzeko
Zinebi Networking izeneko bi sari ere banatzen ditu jaialdiak, duela zazpi urtez geroztik. Dokumental luzeak egiteko proiektuak dira saritutakoak, eta 15.000 euroko laguntza jasotzen du haietako bakoitzak. Aurten, Marina Palacio Burgeño zuzendariaren Y así seguiran las cosas lanak irabazi du Euskal Herrian egindako proiekturik onenari dagokion saria. Eta Guillermo Roques, Rafael Honrubia eta Javier Marin zuzendarien The Dutchbat lanarentzat izan da bestea.
Aukera izeneko sariak ere banatu dituzte. Beatriz M. Larragetak irabazi du (H)emen saria, Emakumeak. San Cristobaleko Espetxea lanagatik, eta Saioa Miguel Morenoren Piztiak eta Itziar Lamarka eta Ane Alvarezen Gaua da luze eta Aroa Fernandez Lazkanoren Itsas-epel ere saritu dituzte. 3.000 euro jasoko ditu haietako bakoitzak.