'LUSH LIFE'
Taldea: The Belair Lip Bombs.
Diskoetxea: Cousin Will Records.
Melbourne hiriko CLAMM post-punk taldeko baxu-jotzaile ohi Maisie Everettek abiatutako egitasmoa da The Belair Lip Bombs, bere kezka popzaleenak haizatzeko asmoz, bestelako soinuei ere lekua eginez: tartean, new wave, post-punk eta jangle-pop giroak. Kantuak apartak dira, hala konposizio aldetik nola instrumentazio aldetik. Melodia eztiak, tarteka amorratuak, konponketa sotil bezain iradokitzailez apainduak ateratzen dira bozgorailuetatik, Everetten etorri ezti eta ahaltsuaren inguruan hazten diren bitartean, ahotsak eta melodiek osatzen baitute hemen muina. Iaz entzun dudan pop disko onena.