Testuinguru jakin batean izan zen sortua Mafalda komiki pertsonaia; 1963 eta 1973 artean, Argentinan, eta mundua bi bloketan banatuta zegoenean. Baina txoko hartatik mundua bera eta bizitza ulertzen ahalegintzen zen Joaquin Salvador Lavado Quino marrazkilaria haur haren bidez. «Mafaldak testuinguru bat dauka, baina gaur eta hemen ere ezar daiteke», adierazi du Edorta Subijanak; testuinguruaz gaindi, komiki zinta haietan sasoi hartan deskribatutako egoerak, erakutsitako pertsonaiak, unibertsalak direla iruditzen zaio. Donostiako Okendo kultur etxean urriaren 18ra bitartean ikusgai egongo den Mafalda 50 urte erakusketa koordinatu du. Hori prestatzeko, Quinorekin berarekin jarri ziren harremanetan, eta, materiala uzteaz gain, nahi izan duten erakusketa osatzeko erabateko askatasuna eman diela nabarmendu du Subijanak.
Mafalda 50 urte erakusketak areto osoa betetzen du. Aretora sartu eta eskuineko paretan, kartoizko lau panel bertikal handi samarrak kokatu dituzte. Lehendabizikoak Quinoren biografiaren berri ematen du — «Asko sufritu nuen. Baldintza eskasetan bizi nintzen, eta ostatu bateko logela bat partekatzen nuen hiruzpalau morroirekin», dio marrazkilariak, Buenos Airesera iritsi berritan, 1954an, bizi izan zuena oroitzerakoan—. 1963tik 1973ra Argentinan eta munduan orokorrean gertatutakoak kontatzen dira bigarrenean, eta hirugarren eta laugarren panelak Quinok egindako autorretratua eta Mafaldarena berarena dira, hurrenez hurren.
Erakusketarako propio sortutako elementuak dira. Antolatzaileek erakutsi nahi zutenaren berri eman zioten Quinori posta elektronikoz, eta hark maketatutako hamalau panel bidali zizkien bueltan; artxibo digital horietan 60 komiki zinta, pertsonaien informazioa eta zenbait ilustrazio ere bildu zituen. «Nahi izan dugun istorioa kontatzeko askatasuna eman digu. Beraz, beste liburu eta argitalpen batzuetako marrazkiak, binetak eta zintak ere erabili ditugu», azaldu zuen Subijanak, atzo, inaugurazioan.
Egileak utzitako 60 komiki zintak baliatu dituzte, eta, panel horizontal bihurtuta, espazioko beste hiru paretak bete dituzte horiekin; sei, 1964 eta 1973 arteko urte bakoitzeko —bineta handi batzuk eta animazio bat ere tartekatu dituzte—. Nabari da garapena, bai marrazkiaren marran, eta bai istorioan kontatzen den horretan ere.
Gunea erdibitzen duen horman, Mafaldaren lagunei eta familiako kideei egin diete tokia. Libertad, Miguelito, Manolito, Susanita eta Felipe adiskideen, Raquel amaren, aitaren, Guille anaiaren eta Burocracia dortokaren kartoizko marrazkiak eta haiei buruzko azalpenak jarri dituzte ikusgai eta irakurgai.
Sabaitik, gainera, Mafaldaren ateraldi «memorableenen» sei bunbuilo zintzilikatu dituzte: hiru gazteleraz eta beste hiru euskaraz. Bestela, datu biografikoak, historikoak eta pertsonaiei buruzko azalpenak bi hizkuntzetan daude. Komiki zinta osoak, berriz, soilik gazteleraz. «Mafalda inoiz ez da euskaraz editatu».
Zuri-beltzean
Subijanak gogoratu du 1973 eta gero, Quinok, noizbait, marraztu izan zuela Mafalda atzera, baina, esaterako, demokrazia eta hezkuntzaren aldeko kanpaina batzuetarako izan zela. «Gu garai batera mugatu gara». Pentsatzen du, gainera, hamarkada hartako Mafaldak eta ondoren, merchandising-aren bidez, «xukadera eta posterretan» koloretan azaldu denak ez dutela zerikusirik; horrek komikia bera «infantilizatu» duela. «Eta infantilizatuta daukagu, baina helduentzako komiki zinta bat da». Zuri-beltzeko panelak dira denak, eta, Susana Bustero Okendo kultur etxearen zuzendariaren iritziz, haur, gazte zein helduentzako aproposa da erakusketa.
Quinok Mafaldaren ahotan orain dela 50 urte jartzen zituenak indarrean daude 2014an ere, Subijanaren hitzetan. «Izan ere, hemengo klase ertaineko familia batek antz handia dauka Mafaldarenarekin». Erakusketan zintzilik dagoen bunbuilo batean zera dio haur konformagaitzak: «Errealitateari aurre egitea erabaki dut; beraz, eder jarri bezain laster jakinaraz iezadazue».
Mafaldaren 50. urteurrena
Testuinguruaz gaindi
'Mafalda 50 urte' erakusketa dago ikusgai Okendo kultur etxean.Quinok prozesuan izandako jarrera nabarmendu dute antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu