Testuinguruak bustitako lanak

Zazpi sortzaile Donostiako sei museotan aritu dira beren proiektuak garatzen, Labore egitasmoaren harira. Gaurtik aurrera hasiko dira aurkezten prozesu bakoitzaren emaitzak

Ainara Legardon eta Jaime de los Rios  RAFA RODRIGO.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Porlana, ama birjinak, kostaldeko hotsak eta aurpegiak, futbola eta iragan mendeetako margolanak. Askotariko eraginak eta inspirazio iturriak izan dituzte Labore proiektuan parte hartu duten zazpi artistek. Zuhar Iruretagoiena, Nerea de Diego, Iñigo Salaberria, Eduardo Hurtado, Edu Comelles, eta Ainara LeGardon eta Jaime de los Rios (azken biak elkarlanean) Donostiako sei museotan aritu dira lanean urtarriletik hona, nor bere proiektua garatzen. Museoarekin interakzioan, jardun duten lekuarekin eta bere ingurunearekin elkarreraginean. Hain zuzen, artisten, museoen eta ikusleen arteko loturak sustatzeko asmoz jarri zuen martxan egitasmoa Donostia 2016 kultur hiriburutzak, Iker Tolosa Hazitegiak Kaiko arduradunak azaldu duenez. «Aurrera begirako hausnarketan ari dira museoak, haien jardunaz, publikoarekiko nahiz artistekiko harremanez... eta berriro pentsatze horretan, ekarpentxoa egin nahi du Laborek, sortzaileak museoekin sorkuntza prozesu espezifikoen bidez harremanetan jarriz». Artista bakoitza testuinguru zehatz batean aritu da lanean, eta publikoari hainbat modutan iritsiko zaio sortutakoa.

Metodologia horren ondorioz, askotarikoa da sortutako obren uzta ere, sortu den testuinguruari lotua baitago bakoitza. Artistei beren prozesuaren emaitza erakusteko txanda iritsi zaie orain. LeGardon eta De los Rios izango dira lehenak, Añorgako Museum Cemento Rezolan, gaur bertan. Haien prozesuen eta obren berri eman diote guztiek BERRIAri.

1. AINARA LEGARDON ETA JAIME DE LOS RIOS

Añorgako Museum Cemento Rezola eta inguruetan hainbat astez jardun dute lanean Ainara LeGardonek eta Jaime de los Riosek, eta Caementum da lan horren emaitza. LeGardonen hitzetan, «bisitariak, entzun eta ikusteaz harago, sentitu» egin dezakeen obra. Musika-tresna-instalazio bat da sortu dutena, zementua eta beste zenbait material erabilita. «Bisitaria izango da, artefaktuak ukitu eta manipulatzean, haiek dardararaziz hotsa aterako diena, anplifikatzaile batzuei konektatutako sentsore batzuen bitartez». Sortzen duen soinua beste mikrofono batek jasoko du, eta ordenagailu batera igorriko du seinalea. Bada, seinale hori irudi bihurtuko du algoritmo batek, eta irudia argia pasatzen uzten duen betoizko bloke baten bidez ikusi ahalko da.

Museoaren inguruko materialak baliatu, eta beste erabilera bat eman diete bi artistek obra sortzeko. «Museoa inguratzen duen industria produkzioaren testuinguruak geure prozesu artistikoa elikatu du, piezaren estetikan eta soinuetan ikusiko den bezala». Lantokiko zein museoko langileekin eta inguruko bizilagunekin izan duten harremana ere «oso aberasgarria» izan dela dio.

Obrak eskaintzen dituen «mugagabeko aukeren» lagin bat erakutsiko dute gaurko aurkezpenean, LeGardonek aurreratu duenez. «Pieza baten interpretazioa museora etorri eta beren zentzumen guztiak irekitzeko prest daudenek bizi ahal izango duten balizko esperientzietako bat baino ez da izango».

2. ZUHAR IRURETAGOIENA

San Telmo museoan gauzatu du Absentia. Marra urdina, triangelu gorria lana Zuhar Iruretagoienak. Museoaren bildumako margolanak hartu ditu oinarri gisara, XVIII. eta XIX. mendeetakoak. «Obra garaikidea gehiago interesatzen zait normalean, eta horregatik, museoaren ondaretik arreta jarri izan ez diedan lanak interesatzen zitzaizkidan. Pentsatu nuen bazegoela aukera lan horiei egungo begiradatik berriro ere balioa emateko, zeren iruditzen zait lan horiek aldenduta daudela gugandik estetikoki zaharkituak geratzen direlako, baina aldi berean, artelan moduan, egungoen balio bera dutela». Hala, konposaketa aldetik interesgarrien iruditu zitzaizkion obrak aukeratu zituen, eta haien hainbat alderdi aztertu: pisua eta gorputzak nola dituzten antolatuta, ihespuntuak eta kontaktu puntuak.

Analisi horietatik abiatuta, artistak «artefaktu batzuk» sortu ditu, gero mediazio lan baten bidez ikasleek haiek ulertu, aztertu eta beren interpretazioa egin dezaten. Asteon bi eskolatako ikasleekin horretan aritu da Iruretagoiena museoan bertan. Foku gorri eta laser urdin batzuen bidez, ikasleak beren gorputzekin konposaketa horiek berriro osatzen aritu dira jardunaldi horietan.

Hori zen proiektuaz aurreikusten zuen emaitza, baina paraleloki, beste interesgune batzuk piztu zaizkio artistari sortze prozesuan, eta fruitu gehiago ere utzi ditu azkenean. Besteak beste, aurreko mendeetako margolanetan emakumeen eskuen posturak ere aztertu ditu, eta zementuzko eskultura txiki batzuk osatu ditu haiek irudikatzeko. Alde horretatik, azken emaitzak uste baino askotarikoagoak izan direla uste du, «baina denek dute lotura museoaren ondarearekin». Sortze prozesua bera azaldu, eta emaitza horien adibide batzuk erakutsiko ditu datorren asteko aurkezpenean.

3. EDUARDO HURTADO

Zerikusirik ba ote dute arteak eta futbolak? Eduardo Hurtadoren sortze prozesuan bai, behintzat. Bost aste eman ditu Anoetako estadioan Realaren nondik norakoak ezagutzen, eta leku berean erakutsiko du bere egonaldi artistikoaren emaitza, Aipatu ezin dena izeneko proiektua.

Futbol klubaren barne egitura, Zubieta, entrenamenduak eta lan prozesuak, langileak..., «ikusten ez diren klubaren alderdiak eta Realaren egunerokoa» ezagutu ditu Hurtadok. Horietatik abiatuta, hainbat jarduera proposatuz joan da, «klubaren errealitatea eta normalean han gertatzen ez diren beste egoera batzuk konektatzeko asmoz». Beste egoera horien adibide dira, besteak beste, estadioan bertan dantza garaikideko dantzari bat edo biola jotzaile bat aritu izana. Testuinguru berean produkzio materialagoko lanak ere egin ditu sortzaileak. Eta Realaren barrunbeetan sartzeko, egunerokoa aztertzeaz gain, bertako kideekin ere hitz egin du.

Horrekin guztiarekin, «nolabaiteko klubaren erretratu bat» osatu du. «Eta haiek hitzen bidez azal ezin ditzaketen gauzen eremuko hainbat gauza detektatu ditut», dio artistak. Metaforen bidez Reala zer den, kide izatea nolakoa den azaltzeko eskatzen zien Hurtadok elkarrizketetan kideei, «batzuetan fabulekin errazago azaltzen baitira gauzak».

Prozesuaren ondorioz, hainbat emaitza jaso ditu artistak. Materialagoak dira batzuk; klubaren barruan egindako lanari lotutakoak dira beste batzuk —horiek ez ditu erakutsiko—; eta espazioarekin harremana duten lan performatiboagoak dira beste batzuk. Azken horiek dira datorren astean aurkeztuko dituenak.

4. EDU COMELLES

Hainbat artistak maiz ikusgai jarri izan dutena, entzungai jartzea erabaki du Edu Comellesek Donostiako Aquariumeko publikoaren aurrean. Itsasoa hartu du oinarri Waves proiektua garatzeko. Euskal kostaldean zehar, portu, hondartza eta itsaslabarretako hotsak grabatzen aritu da artista hainbat astez. Bertan bildutakoekin soinu instalazio bat sortu du, sei bozgorailurekin osatua. «Soinu paisaia horiek aleatorioki nahastuz, euskal kostaldearen paisaiaren nolabaiteko ikuspegi sonikoa sortu nahi izan dut».

«Itsasoaren eta lurraren arteko edo, gizakiaren eta naturaren arteko elkarrizketa horiek ditu ardatz piezak, eta askotariko geografia ezaugarriak dituzten lekuetako hotsak bildu ditut, izan gizakiak sortutakoak, izan naturak sortuak». Eremu zabalagoa jaso nahi bazuen ere, Gipuzkoako kostaldean jardun du, batez ere, grabazio lanetan. «Aquariumaren ingurunearen pareko edo hurbileko paisaia jasotzea izan da asmoa». Eta museoarekin elkarlanean, «sintonia onean» aritu da prozesuan. «Dibulgaziora emana dago Aquariuma, jendeari itsasoaren mundua ezagutaraztera oso zuzendua, eta uste dut nirea bezalako proiektu bat, alderdi artistikotik datorrena baina oin bat giza zientzietan jarria duena eta inguruneari begiratzen diona, oso ongi lotzen zaiola haiek duten jarduteko moduarekin, itsasora entzumenaren bitartez hurbiltzearekin».

Datorren astean aurkeztuko du pieza Aquariumean, eta «ezohiko» aurkezpena izango dela aurreratu du. «Egia esan, kontzertu bat da egingo dudana, instalazioa bera soinu-tresna moduan baliatuta. Grabatutako materiala oinarri hartuta, haren zuzeneko nahasketa bat eskainiko dut».

5. IÑIGO SALABERRIA

Aspalditik buruan zuen proiektu bat gauzatu du Iñigo Salaberriak.Orain urtebete inguru, Euskadiko Filmategiak Carlos de los Llanosen Gente de Mar (1957) filma berreskuratu eta sarean ikusgai jarri zuela jakin zuen. Donostiako kaiko arrantzaleei buruzkoa zen lana, eta atentzioa eman zion urtetan Donostiako Parte Zaharrean bizi izandako artistari. Pieza bat sortzeko bidea ematen ziola jabetu zen, eta gerora, Labore egitasmora aurkeztu zuen. Untzi Museoko arduradunen laguntzaz, informazioa biltzen hasi zen film hartako hainbat protagonistarekin lanbidegatik edo familia harremanengatik lotura izan zezaketen lagunei buruz. «Zazpi pertsona elkarrizketatzeko aukera izan nuen, denak itsasoari oso lotutakoak». Elkarrizketak eta 1957ko irudi haiek oinarri hartuta, Kaia / El Muelle filma muntatzen ari da, eta hilaren 19an lehen bertsio bat aurkeztuko du Untzi Museoan.

1950-60ko urteetako arrantzaleen eta kaiaren eguneroko jarduna agertzen ditu 1957ko filmak, eta egungo kaian enkoadratze berak grabatu ditu artistak lan berrirako. «Modu horretan, bi garaiak gainjartzea izan da asmoa, jarduera oso aktiboa zen garaia eta ia desagertu egin den egungo egoera parekatzea». Dioenez, lan prozesuan itsasoari lotutako jendearen «izaera gogorrak» piztu dio arreta gehien.

Lehen aurkezpenaren ondotik, uda partean Untzi Museoaren fatxadan maindire batzuk zintzilikatu eta filma bertan proiektatu nahi du artistak.

6. NEREA DE DIEGO

Orain dela hogei urte hasi zen Nerea de Diego «ama birjina herrikoien aldareen bilduma propioa» osatzen, «era inkontziente batean», Italian ikasle zebilela. «Kalean aldare piloa zeuden, eta haiei argazkiak hartzen hasi nintzen». Dioenez, «lilura berezia» eragin zioten. «Erakartzen naute, bereziki, eskaintza asko pilatzen direlako haietan, loreak, argizariak, janaria, dirua... eta nolabait instalazio anonimoak dira, ez dakizu nork eta zergatik utzi dituen hor gauza horiek, baina hor daude».

Objektuak biltzen hasi zen geroago, «oroigarri moduko irudi merkeak, plastikozkoak...», eta 200dik gora ditu orain. Bitxiak dira batzuk, «esaterako, Lourdesko ura gordetzeko Ama Birjina itxurako plastikozko botila bat, oso merkea, sailean egina...». Horiekin osatu du Donostiako Elizbarrutiaren museo berrian ikusgai egongo den Bildumaren eszenaratzea. Museoaren ondareko lanekin «elkarrizketan» jarri ditu bere bildumako objektuak, kontrastea sortuz XV. mendeko ama birjinen irudien eta berak bildutakoen artean. «Museoaren bilduma ondaretzat hartzen da, balio bat du, katalogatua dago... Nirea, berriz, baliorik gabekoa da. Baina bietan erlijioa da gaia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.