Teselaz jositako bilbeak

Anjel Lertxundiren obran pentsamenduak eta literaturak dituzten loturei buruz hitz egin du Beñat Sarasolak EHUk Lertxundiri eskainitako udako ikastaroan

Beñat Sarasola idazle eta literatur kritikaria, atzo, Donostiako Miramar jauregian, EHUren Udako Ikastaroetan. MIREN MUJIKA TELLERIA.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Fragmentu laburren bidez ondu izan ditu saiakerak, teselak mosaikoetan bezala, eta horiek lotuz bilbatzen ditu testuak». Horiek izan ziren Beñat Sarasola idazle eta literatur kritikariak Anjel Lertxundiren saiakera literarioak aurkezteko erabilitako hitzak. Lertxundiren obra baita egunotan hizpide Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroetan. Idazlearen idazmolde askotarikoez aritu ziren goiz-goizetik, eta, bestelako generoak ere landu dituen arren, hark idatzitako saiakerez jardun zuen Sarasolak, besteak beste. «Lertxundiren fragmentuak hain daude lotuta, fragmenturik gabe ere funtzionatuko bailuke».

Gutun Zuria nazioarteko literatura eta letren jaialdiak saiakeraren gaineko lan bat argitaratu zuen orain bi urte. Hainbat idazlek parte hartu zuten hor; tartean, Lertxundi. Saiakera literarioa esaten diogu. Hala izendatu zuen idazleak bere artikulua. «Nahiko klabe garrantzitsuak agertzen ditu bertan, azaltzen baitu zertan den saiakera literarioa delako hori», Sarasolak.

Euskal literaturaren barruan, bi saiakera mota bereizi zituen hizlariak: akademikoa eta literarioa. «Lertxundik, nolabait, saiakera literarioaren barruan kokatzen du bere idazkera». Sarasolaren arabera, «sekulako espazioa» hartzendu saiakera akademikoak euskal letren munduan, eta, literarioaren kontrara, «oso idazkera zurrun, zehatz eta itxia» daakademikoak eskatzen duena. «Lertxundiren idazkera ez da hainbeste idazkera narratibo, egituratu eta eskolastiko bat. Neurri batean, Anjelek proposatzen duen saiakera estiloa hortik apartatzen da, eta bestelako baliabideak erabiltzen ditu etengabe, akademikoetan inola ere onartzen ez direnak». Izan ere, «nitasun markatu batek» definitzen du Lertxundiren idazkera.«Haren lan gehienak, bereziki azken urteetakoak, idazmolde horren pean kokatzen dira». Nitasun horrek, baina, izan du eboluzio nabarmen bat Sarasolaren ustetan. «Hasieran lotsaz erakusten zuen ni hori, irakurleari barkamena eskatuz kasik». Horren adibide gisara, Mentura dugun artean (2001) liburuko esaldi bat irakurri zuen Sarasolak. Zera dio: «Esan dezadan, bidenabar badarik ere, eta zilegi bazait, nire obrari buruzko iruzkinekin tarteki bat egitea». Sarasola: «Esango nuke idatzi dituen azken saiakeretan barneratuago duela nitasun hori; eta horregatik, bai memoriak eta bai fikzioak lekua daukatela haren saiakeretan».

Hori dela eta, literatur kritikariak poesia traza hartu izan die Lertxundiren lanei: «Haren idazkera halako poesia kutsua duen estilo batekin lotzen da, non hitz bakoitza aukeratzea klabea den». Hain justu, idazketa mota hori bestelako generoetara hedatu duela uste du Sarasolak, eta idazlearen hiru lan jarri zituen horren adibide: Lehorreko koadernoa (1998), Argizariaren egunak (1998)eta Zu (2015).

Erreferentzia literario gisa, idazle ugariren aipuz josi ohi ditu bere lanak Lertxundik, eta horiek «funtzio handia» betetzen dutela azaldu zuen Sarasolak. «Etengabeko hartu-eman bat dago berak idazten duen saiakera molde horren eta irakurtzen dituen lanen artean. Etengabe ari da idazten eta irakurtzen, irakurtzen eta idazten, eta dialogoan jartzen ditu bi jardunak». Horren adierazle gisa, Carla (1989) liburuko paragrafo bat irakurri zuen Sarasolak: «Kartoizko kaxetan hasi da protagonista liburua aurkitu nahi artega, badaki kaxetan behar duela izan, eta liburuarekin topo egin duenean, presaka korritu ditu orrialdeak lapitzez egindako azpimarra doblea aurkitu duen arte». Sarasola: «Hala imajinatzen dut nik ere Lertxundi idazten ari denean; testua osatuko duten askotariko aipuen bila, etengabe».

Tradizioa eta modernitatea

«Modernitateaz asko hitz egin da literaturan eta artean, eta askotan izaten dugu horren gaineko oso irudi estereotipatu bat», azaldu zuen Sarasolak. Hain zuzen ere, horren aldeko aldarri bat egiten du Lertxundiren obrak; «baina aldarrikapen ñabartu bat», zehaztu zuen. «Izan ere, badirudi halako harreman ukatzaile bat duela modernitateak tradizioarekin, baina modernitatean pixka bat hazka eginez gero, berehala ikusten da ez dela hala. Bada, izpiritu hori bera jasotzen du Lertxundiren aldarrikapenak; alegia, modernitatea bai, baina ñabartua».

Sarasolaren arabera, nabarmentzekoa da joera hori idazlearen lanean: bi muturren artean oreka bilatzeko duen joera, alegia. «Auziak jorratzen dituenean, badago halako etika moduko bat. Aristotelesek zioen moduan, bertute etikoa dago erdiko terminoan. Hau da, ez gehiegikeria, ezta gabezia ere». Azkena idatzi duen Desertuan behatxuloa (2022) saiakera liburuko pasarte bat jarri zuen horren adibidetzat: «Bai eta ez dira Montesquieuren aukerak, baina niri ugariago ateratzen zaizkit erdibideko formulak —bai baina ez; ez baina bai; agian; omen da; seguru asko; ezin jakin bezalako lur mugikorren enurak».

Gaur segituko du Lertxundiren gaineko udako ikastaroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.