«Nafarroako bertsolaritza/ nola bizirikan dagon/ ea emoziorik mugitzen den/ denori arratsaldeon», bota zuen lehen agurra Xabier Terrerosek. Emozioak mugitu zituen, eta, saio guztian zehar fin ibili ondotik lehen postua lortuta, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatu zen atzo Etxarri Aranatzen jokatutako bigarren finalaurrekoan. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Julio Soto, Julen Zelaieta, Iker Gorosterrazu, Diego Riaño eta Iban Garro. Alaitz Rekondo aritu zen gai jartzaile lanetan.
Zortziko handiarekin ekin zioten bertsolariek beren lanari. Bikotea ziren Gorosterrazu eta Zelaieta. Bikote izaten jarraitu nahi zuten, baina batera bizitzeari utzita. Bizi hasi zuen saioa Zelaietak: «Nik harremana mantendu nahi dut/ badu bere garrantzia/ batzuk denbora eskatzen dute/guk ordea distantzia». Bizi erantzun zion Gorosterrazuk ere: «Baina harremanak aurrera darrai/ ez eman hainbertze buelta/zure etxean nahi dugunean/ elkartu gaitezke eta». Fin bukatu zuen bertsoaldia Zelaietak: «Ni nirera ta zu zurera/ ta hola bikote formala/ joan aurretik ez zazu ahantzi/ aunitz maite zaitudala».
Ariketa berean, Riaño eta Soto feministekin aliatu ziren. Berriro ere emakumeak gutxiesten dituen bideo bat ailegatu berri zitzaien mugikorrera. Zorrotz hasi zen Soto: «Eta kuadrillako whatsapp hauekin/ ez dakit zer egin/ zeren ez dugu ezer konpontzen/ mutu geratzearekin». Hasi bezain zorrotz bukatu zuen ofizioa gorritiarrak: «Hausnar dezagun alda dezagun/ saia gaitezen ulertzen/ eta horrela gu bestelako/ gizon izan gaitezen».
Zortziko txikiko ariketan umorera jo zuten bertsolariek. Zelaietak eta Riañok osatutako bertsoaldia izan zen denetan txalo gehien lortu zuena. Sagardotegi bateko langilea zen Zelaieta, eta kupelak irekitzeko kontratatu berri zuen langilea Riaño. Lanaldia bukatzean erdi mozkortuta ikusi zuen Zelaietak langilea. Umoretsu ekin zion saioari Zelaietak: «Kapaz ikusten zaitut/ dudarikan gabe/ basoa betetzeko/ kubataren pare». Zorrotz erantzun zion Riañok: «Euskaldunak gara ta/ da tradizioa /beti asko edateko/ ze afizioa/ ta gehio ikasteko/ dut intentzioa/ hargatik egiten dut/ degustazioa».
Hamarreko txikiko lana izan zuten bertsolariek bikoteka osatu zuten azkena, eta ariketa horretan bota zituzten denek ere alerik osoenak eta txalo gehien lortu zutenak. Gazte asanblada bereko kideak ziren Gorosterrazu eta Soto. Gorosterrazu asanbladaren etorkizunari begira ezkor zen; Soto, aldiz, baikor. Goitik beherako saioa egin zuten bi bertsolariek; arrazoi sendoak bota zituzten, eta ale ederrak ekarri zituzten. Gazte asanblada zaharrez beterik zegoela bota zion Gorosterrazuk Sotori, eta fin erantzun zion hark: «Ezin duzu ikusi/begiratu gabe/ botere nahi horrekin/ itsutua zaude». Gorosterrazuk ere zorrotz erantzun zion: «Datorren gazteari/ orain begiratu/ eroso bizi bada/ zertan borrokatu». Indartsu bukatu zuen ariketa Sotok: «Albora emango ditut/ nik pauso zenbaitzuk/ ta zuri gauza bera/ aholkatzen dizut».
Terreros eta Riaño, berriz, gurasoak ziren. Terrerosek haurra eskolaz kanpoko ekintzetara joatea nahi zuen; Riañok, aldiz, beraiekin egotea. Fin hasi zuen Terrerosek bertsoaldia: «Ez dakit doan triste/ edota gustora/ baina nik ere nahi dut/ niretzat denbora». Hirugarren bertsoan borobildu zuen: «Nahiz eta estraeskolarrek/ ez duten deus onik/ hara eramango dut/ ez bainekien nik/ guraso izatea/ horren zaila zenik».
Bide ezberdinak kartzelan
«Diru anitz da; hala ere, aitzinera egin duzu». Horixe zuten bi bertso osatzeko kartzelako lana, eta bertsolari bakoitzak modu ezberdinean josi zuen egitekoa. Familiako baserria erosi duen nekazariaren roletik kantatu zuen Terrerosek, eta lan fresko eta borobila egin zuen. «Lurretik jaso lurretik eman/ hartu eman naturala/ belaunalditik belaunaldira/ ikasi dudan bezala», bukatu zuen lehen bertsoa. Eta bigarren bertsoarekin borobildu zuen bere lana. «Ba segituko dut lana eginez/ baserriaren defentsa/ ta ziur nago ordainduko dut/ izerdiz nire ametsa». Gogor txalotu zuten bertsozaleek.
Puntu erantzunetan, elizako abusuei buruz kantatu zuten bertsolariek, eta Sotok puntu erantzunak bakarkako ariketarekin lotu zituen. Sexu eskandalu baten berri jakin duen kazetariaren rola hartu zuen, eta fin josi zituen bi bertsoak. «Ordea kazetaritzan/ da lehenbiziko erregela/ egia badakizu/ esan egin behar dela», bukatu zuen lehen bertsoa. Bigarrenean zehaztu zuen ezezkoa errango ziola eskainitako diruari, eta lana borobildu zuen.
Gaur jokatuko da txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakako Harriondoa kultur etxean. Bertan ariko dira kantuan Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Saioa amaitzean jakingo da zein zortzi bertsolari sartuko diren martxoaren 23ko Iruñeko finalean. Biharko sarrera guztiak amaituta daude.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Terreros sailkatu da finalerako
Julio Soto eta Julen Zelaieta sailkatu dira ondoren Etxarri Aranazko saioan. Gaur erabakiko da zein zortzi bertsolarik kantatuko duten martxoaren 23an Iruñean, Nafarroako txapelketako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu