Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Teresa Catalanek jasoko du Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria

Gazteei zuzendutako deialdian, Imanol Zubiauzek eskuratu du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria

Teresa Catalan. BERRIA
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 5a
12:49
Entzun

Teresa Catalan (Iruñea, 1951) konpositore eta musika irakasleak jaso du 2022. urteko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria. Hala ebatzi dute sariaren epaimahaia osatzen dutenek: Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek ere. «Catalan konposizio garaikideko egile ospetsu eta garrantzitsuenetako bat da gure herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferente da etikan eta irakaspenean. Sortzaile gisa, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa lortu du», adierazi du epaimahaiak.

Catalan konposizioko lehenengo emakume katedraduna izan da Euskal Herriko musika hezkuntzaren historian, eta hainbat musikari belaunaldi trebatu ditu etengabeko bilaketan, hobekuntzan eta lanbidearen zehaztasunean. «Hori dela eta, haren katedra erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat».

Sarituak konposizioan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin duen ibilbide luzea azpimarratu du epaimahaiak, eta adierazi du «eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua» eman diola, kulturak eta zehazki musikak hazkunde pertsonalerako eta bizi-kalitate kolektiborako duten garrantziari dagokionez. «Nafarroako Kulturaren Kontseiluko partaide izanik, agerikoa da Teresa Catalanentzat kulturarekiko konpromisoa gure gizartearekiko konpromisoa dela».

Gazte Saria, Imanol Zubiauzentzat

Imanol Zubiauzek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1989) lortu du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria, Pidgin proiektuarekin. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta dago lana, eta euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu. Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da Pidgin; izan ere, hala esaten zaio harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.

Elkarren arteko merkataritzari bide emateko, euskararen eta islandieraren arteko protohizkuntza bat sortu zuten. «Horren adierazle, 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude», argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berria eta itsas kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak, eta ikerketak, antzinako dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreprodukzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu, eta berariaz sortutako euskarrietan zabalduko dira. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman ekarriko du gogora. Sariari esker, lana egiteko 6.000 euroko ordainsaria jasoko du Zubiauzek.

Arte Ederretan doktore da Zubiauz, eta goi mailako ikasketak ditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Epaimahaiak azpimarratu du formakuntza handia eta ibilbide artistiko oparoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.