teofilo chantre
'Emocionalmente'
Diskoetxea: Lusafrica
Badira ahots jakintsuak, ez bakarrik kantaerari dagokionez, eta horietako bat da Teofilo Chantrerena. Cabo Verdeko kantaria ezaguna egin zen besteentzat idatzitako kantuengatik (Cesaria Evora...), baina 1990eko hamarkada erdialdetik, tur-tur, ibilbide propio interesgarria osatu du. Hauxe du bakarkako zortzigarren diskoa: mornaz eta coladeraz betetako lan gozo/mikatza. Ongi ezagutzen dituen herri-musikaren iturrietatik edaten duten kantuak dira, geldotasunaren munduan mugitzen direnak, espezialak kantariaren ahots keztatuarentzat, eta onena, batere ahaleginik egin gabe kantatzen duela dirudi. Hain erraza dirudi!