Tentsioan, batzeko ahaleginean

Nagore Legarretak kamera estenopeiko bidez eginiko emakumeen argazkiak bildu ditu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran. Giza harremanen gaineko gogoeta egin du 'Hysteron' erakusketan

Kamera estenopeikoaren bitartez eginiko argazkiek emakumeen irudiak erakusten dituzte. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Gorpu bat. Bi. Lau. Edo hamabi. Emakumeak denak. Gorpu zatikatuak. Elkarrekin borrokan edo gerturatzeko ahaleginean. Tentsioan eta elkarri bultzaka. Edo bat eginda. Borrokan edo dantzan. Ikuslearen esku gelditzen da askotan irudian zer ikusten duen erabakitzea. Nagore Legarretak (Hernani, Gipuzkoa, 1981) Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran gaur zabalduko duen Hysteron izeneko erakusketan bildutako argazkiek interakzioan ari diren emakumeak erakusten dituzte. Beti zuri eta beltz, itzalekin jolasean, ilun ageri den hondo beltz batetik atera nahiko balute bezala.

Badu erakusketak ezaugarri bereizgarri oso zehatz bat, Legarretaren lana ezagutzen duenari ezezaguna egingo ez zaiona. Teknologia aurreratu eta digitalaren garaian, kamera estenopeikoa erabiltzen du argazkilariak. Argazkigintza metodo arkaiko horren berrikuspen bat egiten du Legarretak eta lau zulo egiten ditu kamera ilunean. Hala, estenopoak elkarren segidan irekitzean, haietako bakoitzak esposizio gune bat sortzen du paper fotosentikorrean. Horren ondorioz, irudiak elkarren ondoan jartzen dira, subjektuaren erregistro konbinatu bat osatuz. Horregatik irudien arteko jolasa. Interakzioa. «Asko gustatzen zaidan metodoa da. Primitibotasuna ekartzen du gogora, eta akatsak ere agerian uzten ditu. Gauza bat aterako dela pentsatu eta beste zerbait ateratzen da». Nabarmena da irudietan izaera arkaiko hori, eta argazkiak errebelatzerako orduan negatibo gainean jarritako hatz-markak ere ikusten haietako zenbaitetan.

Bere ezaugarri teknikoak direla eta, erakusketak dituen bereizgarriez harantzago, Hysteron-en biltzen diren argazkiek —hamabi dira, metro bat baino zabalera handiagoa dutenak gehienak—, diskurtso bat ere biltzen duten beren barnean. Legarretaren kezka soziologiko eta historiko bat jasotzen dutenak: «Gizarte honek berdin baldintzatu eta berdin antzutu dituen emakumeen artean zer nolako harremanak sortzen diren» islatu nahi izan du Legarretak irudiotan. «Tentsio hori erakutsi nahi izan dut». Hortik Hysteron izenburua ere. Grezierazko hitza da hori, umetokia izendatzeko erabiltzen dena, eta medikuntza aurrezientifikoak histeriaren eragiletzat jotzen zuen. «Proiektu hau mamitzen eta edukiak zehazten nindoan bitartean, asko irakurri nuen, eta besteak beste, Casilda Rodrigañezen bat iritsi zitzaidan». Hor izan zuen Hysteron-en berri, eta analogia asko aurkitu zituen esku artean zuen proiektuarekin. «Gizartera egokitzen ez den pertsonak halako estigma edo marka bat hartzen du. Baina, ziur aski,oso zaila da zure aurka egiten duen gizarte batera egokitzea. Eta horren guztiaren atzean zeuden ideiak islatzeko oso izenburu egokia izan zitekeela pentsatu nuen».

«Poliki-poliki» sortuzjoan den proiektua da Hysteron, «beste sortzaile askok bezala», bestelako lanak ere egin behar dituelako Legarretak. Irudi bat izan zuen abiapuntu, eta atzetik, gaian sakontzen, beste asko etorri ziren. «Argazki asko egin behar dira azken bilduma osatzeko»

Orain Donostian jarriko ditu ikusgai argazkiak, baina PhotoEspaña festibalean izan ziren aurretik eta Londresko Saaatchi galerian ere aukeratu zuten bildumako irudi bat. «Badirudi jendeari gustatu zaiola, eta egindako ahalegin eta lan guztiak ekartzen dituela emaitzak bueltan».

Urriaren 14an itxiko du erakusketa Legarretak, eta egun horretarako eta erakusketarako propio sortutako emanaldia egingo dute hainbat lagunek. Danele Sarriugartek eta Gorka Setienek testuak errezitatuko dituzte, Txaro Untzillak dantzatu egingo du eta musika joko dute Mariano Hurtadok, Aida Torresek eta Beñat Iturriozek. «Berezitasuna da musika tresnak ere kamera estenopeikoak bezala eraikiak egongo direla. Ontziekin. Beraz, disparate zoragarri bat izango da». Emanaldi horretan bilduko diren elementu guztiak argitaratu nahi dituzte ontzi batean bilduta, Legarretak argazkiak egiteko erabiltzen duen kamera bat izango balitz bezala.

Erakusketak berak aukera ematen du kamera estenopeiko bat zer den ere jakiteko, argazkiez gain, bi ontzi ere han jarri baititu argazkilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.