Aldez aurretik, fisikaren inguruko nire ezagutza mugatua dela esatea ere lotsagabe samarra litzatekeela argitu nahi nuke. Hau esanik, tentsioa zer den ulertzen saiatzera noa:
Tentsioa edo tenka bi gorputzen artean sortzen den indarra da. Horretarako, bien artean soka batek behar du egon, edo gisako lotura sendoak. A! Eta norabide baterako trakzioak, ez nadin ahaztu. Adi hemen! Trakzioa esan baitut, ez atrakzioa, erakarpenak ez omen du honekin guztiarekin zer ikusirik... Ez dut erabat argi ikusten puntu hau, baina tira, beste baterako utziko dugu eztabaida hori.
Gorputz bat geldirik egonagatik, nahikoa da besteak mugimendua izatea tenka egon dadin. Egoera honetan, gorputz bakoitzaren azelerazioa —nik ezin dut hau bulkada gisa ulertzea saihestu— ezberdina izango da, baina tentsioa bat eta bera da bientzat.
Kontua da, baina, batzuetan soka ez dagoela agerian. Azalera nare baten azpian ezkutatzen dela —azken hau ez da fisikaren ezaugarri bat, noski, barkatuko didazue atrebentzia—. Tentsioa, sarri, ikusi baino gehiago, sumatu egiten den zerbait dela iruditzen zait niri... gorputz batek zirkinik egin arte, behintzat. Hau da: mugimenduarekin baieztatzen duela begiak lehenago susmo hutsa zen tentsio horixe.
Nire uste guztien kontra, gainera, jakin berri dut tentsioa ez dela gorputz bat bestearengana hurbiltzean sortzen... urruntzean baino. Noraezean uzten du bat horrek. Norantz jo tentsioa lasaitu nahi denean, orduan? Agian batzuetan ez dago geldirik egon beste erremediorik...
Beste kontu labain samar bat: sarri gorputzek ez dute tenka desagertzea nahi. Tentsioekin jolastea tentagarria da. Noraino tira korda ikusezin horri, noraino utzi joaten... Larritasun horren menpeko bihurtzea ere gerta liteke, hala egotera kateatzea: beti tenk.
Barkatu, beste behin. Ez ote naiz tenka laxatu nahian gehiegi korapilatu...
MIRA
Tentsioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu