Oihanederreko lur azpiko erakusketa espazioetara gerturatzean, eta beheranzko bidea egiten dudan heinean, arkitekturaren berezitasunak harrapatzen nau askotan. Beheranzko bide horretan soinuak desagertzen dira, eta jada erakusketa espaziora gerturatzen naizen heinean, eraikinaren soinua da mostra musikatzen duena: hodiak zeharkatzen dituzten ur jarioak, oinkadek lurren markatzen dituzten erritmoak, hormen atzean entzuten diren krak ezezagunak…
Hala, espaziora bertaratzen naizen momentuan kontrasteak ez dira areagotzen, eta mostra musikatzen duena eraikina bera da. Leyre Arraizaren x0x0, zu toles, ni bihur mostra dugu hau, eta bertan artistak egituratutako pieza eskultorikoak aurkezten dira. Erakusketaren izenak igortzen duen bezala, tentsioak, tolesturak eta egunerokotasuneko iruditerien parte diren materialen arteko elkarrizketak dira espazioan barneratzen garenean ikus-eremuan sartuko zaizkigunak.
Esaterako, gelan sartzean maindire baten formak gogorarazten dizkidan pieza batek egiten dit harrera. Eskegita dago, eta diagonal bat marrazten du espazioan, lurretik, hormarantz zuzentzen dena, alegia. Plastiko beltzez osatutako maindire zulatua da. Zuloetatik argia sartzen da eta horman proiektatzen dira horietatik sartzen diren argi izpiak. Tamaina ezberdineko zirkuluak dira eta erritmoa ematen diote plastikoari, eta, aldi berean, instalazioa tenkatzen duen horma zuriari ere bai.
Espazioaren perimetro handi bat akotatzen duen horretatik begirada altxatu eta sabaitik zintzilik dauden piezak sumatzen ditut. Materialen arteko kontrastean zentratzen naiz, bai eta haien plastizitatean ere. Aluminiozko hari bat da pieza sabaiarekin lotzen duena, eta guztiz uzkurtua dagoen plastikozko eskultura beltz batekin fusionatzen da, nolabait. Bada, bestelako luzapen bat esleitzen zaio piezari, era berean, forma borobildu eta organikoekin harrizko forma geometriko bat gogora ekartzen didan zerbaitekin amaitzen baita pieza. Forma bigun eta hauskorrek haien kontrako ezaugarriak dituztenekin bat egiten dute, eta kontrasteetan oinarritutako osotasun bat sortzen dutela sentitzen dut.
Aurrera egiten dut, eta bestelako forma zintzilikariak agertzen zaizkit erakusketa espazioak sortzen duen ibilbide karratuan. Badirudi artistak material berdinak bideratuz haren gaitasunen azterketari ireki dizkiola ateak. Pieza bakoitzean bestearen oihartzunak proiektatzen dira, baina bata bestearengandik aldentzen da: luzeagoak, kiribilduagoak… eta orain, horiekin batera, deigarria suertatzen zaidana itzala da, formei bestelako bizitza bat ematen baitie.
Jolas berari eutsirik, pareko hormatik zerbait irteten da, eta materialen arteko talka igortzen da: burdina eta goma. Bada, burdina da gomazko piezaren ibilbidea pautatzen duena. Aldi berean, gomazko materialak burdinaren izaera uzkurtzen du, estutzen du, eta haren irmotasunari bizitasun puntu bat eskaintzen dio. Halaber, horman proiektatzen den itzalak estutze horiek bateratzen ditu, eta haien materialtasuna atzean uzten du, materialen arteko tentsioa leunduz.
Oihartzunek lurrera egiten dute salto, eta oraingoan materiala bakarra da, tentsioa desagertzen da ondorioz, eta nolabaiteko errepikapen leuna sartzen zaigu begietatik. Goma beltzek zoruaren gainazala ukitzen dute, besterik gabe, eta batak besteari heltzen dio. Hain zuzen, eskulturek espazioaren arkitekturarekin bat egiten dute, eta bateratasun horretan, uzkurtzeetan eta material ezberdinen arteko tentsioetan, espazioa horren parte bihurtzen da. Heltze horrek ematen die batasuna erakusketa konposatzen duten piezei, aretoko hainbat lekutan kokatzen diren arren elkarren artean ehuntzen baitira.
x0x0, zu toles, ni bihur
Artista: Leyre Arraiza.
Non: Oihaneder Euskararen Etxean, Gasteizen.
Noiz arte: Martxoaren 10era arte.