DONOSTIA. Kultur ikuskizunetako dozenaka teknikarik elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, Donostian, Kursaaleko zabalgunean. «Alarma egoeran jarraitzen dugu» zioen pankarta zabaldu zuten, eta lanean erabili ohi dituzten kutxa zenbait ere eraman zituzten eurekin. «Sektorearentzako ekintza plan bat exijitzen dugu» eta «Gure amorrua elikatzen ari zarete» irakur zitekeen zituzten afixetan.
Teknikariok sindikatuak deitu zuen atzoko elkarretaratzera, eta sektorearen inguruko datuak eman zituzten: langileen %20k ez dute inolako diru sarrerarik; %30ek 600 euro besterik ez dute jasotzen hilean. Langileoi 1.200 euroko soldata bermatuko dien laguntza osagarria eskatu zuen sindikatuak elkarretaratzean.
Uda izan ohi dute lan gehieneko garaia sektoreko beharginek, baina koronabirusak eten egin du hori, eta, Teknikariok-ek salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du horri aurre egiteko plan egokirik. «Laguntzek ez gaituzte laguntzen: ez gaituzte guztiak kontuan hartzen; eta ez dira nahikoak», esan zuen sindikatuko eledun Gorka Agirrek. «Babes neurriak behar ditugu. Kultur ikuskizunak kolokan daude. Obra eta zerbitzu bakoitzeko alta ematen duten langileen behin-behinekotasuna onartzea eskatzen dugu», gaineratu zuen.
Teknikariok: «Laguntzek ez gaituzte laguntzen»
Kultur arloko teknikarien sindikatuak elkarretaratzea egin du Donostian, egoera larrian daudela salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu