Teknikariek alarma egoeran daudela berretsi dute Bilbon
PROTESTA. Kultur arloko teknikariek protestan jarraitzen dute COVID-19aren ondorioz duten lan egoeragatik. Asteak daramatzate sektorearen egoera larriaz ohartarazten, eta manifestazio baten bidez atera zuten salaketa kalera, atzo, Bilbon. Teknikariok sindikatuak deituta egin zuten protesta, Alarma egoeran jarraitzen dugu lelopean. Aurretik egin bezala, beltzez jantzita joateko deia egin zuten bultzatzaileek, eta lanean erabiltzen duten mahai teknikoen kutxak ere garraiatu zituzten. Sindikatuak emandako datuen arabera, ikuskizun eta emanaldietako langileen %20k ez dute inolako diru sarrerarik koronabirusaren krisia hasi eta kultur ekitaldiak kolpean murriztu direnetik. Uda izaten da, gainera, teknikariek lan gehien izaten duten sasoia. Hala, beren egoera aintzat hartuko duen plan bat eskatu diete berriz instituzioei, «gutxiengo soldata duin bat» bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu