Xabier Soubelet. Margolaria, idazlea eta musikaria

«Teknikak menperatu behar dira emozioen morroi izateko»

Sormenaren munduan 40 urte daramatza Soubeletek. Bakarrik ikasi zuen, inguruari begira. Gazte zelarik hasi zen musikan eta idazten. Pixka bat geroago ekin zion margolaritzari. Irakasle ere izan da.

BOB EDME.
Bidatz Villanueva
Donibane Lohizune
2016ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Margotuz ala idatziz, barneko emozioak azaleratzen ditu bere lanetan Xabier Soubeletek (Ziburu, Lapurdi, 1953). Gero eta gehiago jo du abstrakturantz. Forma eta kolore biziko koadroak margotzen ditu, baina azaldu duenez, guztietan antzeman daiteke elementu bat artistaren erroak islatzen dituena. Sortzearen eztandak eleberria eta Gure bazterrak haren margolanen bilduma kaleratu berri ditu Soubeletek.

Argitaratu dituzun liburuek eta margoek ba al dute loturarik?

Bi gauza desberdin direla esanen nuke. Duela bi urte, neure buruari apustu bat egin nion, ikusteko gai nintzen bi arlotan liburu bat idazteko. Hau da, olerkian eta eleberrian. Ildo nagusia munduaren sortzea da. Alderantzizko bidaia bat dago, Big-Bangeraino joaten dena. Adam eta Eva hainbat arotan atzera kokatzen dira. Bestalde, orain, Donibane Lohizunen erakusketa bat dut. Azken koadro horietan pintatzeko era da liburu horietan agertzen den modua: espresionismoa. Bost axola forma. Funtsa hartu eta pintzelkada handiz marrazturiko koadroak dira, laster emanak. Liburua ere horrela idatzita dago. Hori da bien arteko lotura.

Eleberrian erlijioaren gaia hartu duzu ardatz. Zergatik?

Duela urte batzuk Izotzetik izanera [2008an] eleberria idatzi nuen. Hor ere bazen alderantzizko bidaia bat euskararen bila. Ez baita mintzairarik gizakirik gabe, eta gizakirik hizkuntzarik gabe. Bigarren eleberria ildo beretik segitu dut. Zergatik erlijioari ostiko bat? Horrela esan daiteke pixka bat. 40 urte bizi izan ditut irakaskuntzan, eskola pribatu katolikoetan, eta orain, erretiroa hartu dudanean, libre nago errateko nahi ditudanak. Beti izan dut gogoan Adam eta Evaren lehenbiziko ituna. Itun bat baizik ez da, ezin daitezke izan lehenbiziko emaztea eta gizona. Pinturarekin lotu dut. Atzera doaz argiaren bila. Nire pinturan argia da elementu nagusia. Ez da erlijioenganako eraso bat. Historiako gertakizunetan atzera joan naiz, ikusteko ere nolakoak ziren Homo erectus, Homo habilis...

Umorez kontatu duzu, ez?

Nik uste dut nahiko umoretsua dela. Umore bitxia. Baina, bai, umorez hartzeko liburua.

Ba al duzu denetarako denbora?

Orain, erretiroarekin, bai. Bestalde, eskaintzen diodan denbora aroaren araberakoa da. Aroak eta eguraldiak argia bere baitan daukanean, Eguberritik udazkenera, margotu egiten dut, goizeko seietatik hamabiak arte. Gelditu gabe. Neguan ez dut pintzel bat hartzen, eta hiru hilabete ditut idazteko. Jarduna ere lekuaren araberakoa da. Beti Arizkunen margotzen dut, nire tailerrean.

Zer margotzen duzu, argazkietan ikusten duzuna? Paisaiari begira? Buruan duzuna?

Lehen, kanpoan marrazten nuen. Duela hogei urte ez naizela ateratzen. Hastapenean, argazkiak atera, eta hori oinarri harturik egiten nuen margo bat. Orain, zerbait ikusten dudanean, buruan dut, eta badakit nola egin gainera. Berdin zait ez egitea ikusten dudana, baizik eta nire baitan sentitzen dudana. Errealitatea bost axola.

Hori da zuretzako margolaritza?

Bai. Gero eta gehiago abstrakturantz jotzen ari naiz. Kanpoan dauden zuhaitzak ikusten ditudanean, bolumenak ikusten ditut, zein forma, zein kolore, zein argi izanen duten badakit.

Hainbat margotze estilo ukitu dituzu zure bizitzan. Nola gertatu da eboluzio hori?

Hasi nintzenean, 22 urterekin, ikusten nuena margotzen nuen. Nire lehenbiziko koadroak inpresionistak dira guztiak. Gero [Paul] Cezanne margolaria ezagutu nuen. 40 urteren buruan, gaurko margoetan jendeak erraten du sumatzen dituela Cezannen ezaugarriak. Baina, nire irudiz, argia falta zaio Cezanneri. Faubistek ere eragin dute nire lanetan. Kolore biziak ditut gustuko. Espresionismo alemanaz interesatu nintzen ere bai, eta hortik espresionismo abstraktura igaro naiz. 40 urte irakaskuntzan igaro ditut, 10 eta 11 urteko ikasleekin. Udaberri aldean Dukontenia parkera eramaten nituen margotzera. Hemen dena da orlegia. Hor hasi nintzen pixka bat ohartu gabe espresionismoaren bide horretan sartzen. Ikasleei debekatzen nien orlegia. Denek erraten zuten «baina dena dago orlegi». Orduan hasten ziren bere barneko funtsa ateratzen. Batek gorria hartzen bazuen, sentitzen zuelako hartzen zuen, barrutik ateratzen zitzaiolako. Nire margoetan hori agertzen da, sentitzen dudana. Argiaren bila joaten dena.

Zergatik eragin zizun hainbeste Cezannek?

Cezanne maisua dela uste dut. Hura gabe ez legoke kubismorik, ez pintura modernorik, ez ezer. Egia da [Jose Mari] Apezetxeak erakutsi zidala zein garrantzi duen koadro batean, osaketan batez ere. Hark eragin handia izan zuen niregan.

Gehienbat paisaia eta natura marrazten dituzu?

Bai, baina aitzakia bat besterik ez da. Euskalduna naizelako eta nire erroak hemen ditudalako, Baztanen eta Euskal Herri osoan, barnetik ateratzen zait hori marraztea. Baina paisaiatik nahi dut urrundu. Margo asko ditut. Absrootismdeitzen dira. Root ingelesezko hitzak erroa erran nahi du. Abstraktuaren barnean nire erroak nolabait islatzen ditut. Etxe txiki batekin edota ataka txiki batekin. Horrek bilakatzen du abstraktua paisaia. Aski dira bizpahiru toke figuratibo bilakatzeko. Abstraktuaren barnean erroa bilatzen dut, eta erroaren bitartez, abstraktua paisaia bilakatzen. Ez dut uste paisajista naizenik, liburuan jartzen duen bezala.

Asko bidaiatua zara.

Munduan zehar erakusketak egin ditut; denetarikoak. Garrantzitsuena margolari batentzat hemendik kanpo doanean formakolore argi berriak ikustea da. Hiruzpalau alditan nire bizitzan buruari erran diot ez nuela gehiago margotuko, aspertuta nengoela. Bidaiatuz, ordea, berriz arnasa hartu eta margotzen hasi nintzen.

Arteak zer eskaintzen dizu?

Literatura eta margolaritza puzzle baten bi zati direla uste dut, musikarekin batera osatzen direnak. Espresionismoa barnean duzun zerbait ateratzea da. Emozio izugarria dago maite duzun margo baten aurrean, egin berria den margo baten aurrean. Teknikak ere menperatu behar dira emozioaren morroi izateko, eta emozioaren morroi baldin badago teknika... Emoziorik gabe edo gogorik gabe ez du balio ezer egiteak. Beraz, emozioekin maiteminduta egotea da niretzat ere artea.

Zein motatako emozioekin? Zoriona, tristura...?

Ez dakit horrelako emozioek eramaten nauten margotzera. Definitu gabeko emozio bat da. Tristura, poztasuna... horiek dira gizakiak kokatzen dituenak, bere baitan dituenak. Bestea, nola esan... maitemindua izatea bezala da, burua galdu eta hala ateratzen zaizu. Eta pozik zaude, dardaraz.

Ba al dago lanen bat samurtasunez gordetzen duzuna?

Badira asko: etxean ditudanak eta erakusketara eramaten ez ditudanak. Aro bat bukatu, eta berriaren lehen margoa etxean daukat. Hiru edo lau aro igaro ditut. Horregatik ditut hor. Lehenbiziko margoak ere niretzako gordetzen ditut. Nire oroitzapenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.