Omenaldi kutsua hartu dute aurtengo Azpeitiko (Gipuzkoa) Euskal Antzerki Topaketek. Herriko bi aktore nabarmen hil dira aurten, Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara Pio, eta horiei aitorpenaegiteko baliatuko dute antolatzaileek gaur hasiko den jaialdia. 34. aldia izango dute topaketek, gaur hasi eta azaroaren 26ra bitartean. Tartean, haur, gazte zein helduentzako emanaldiak izango dira herriko hainbat txokotan, euskara hutsean.
Jaialdiko azken egunerako gorde dute antolatzaileek Odriozola eta Bergararentzako azken agurra. Ahantzitako oroitzapenak izeneko kontzertu antzeztua prestatu dute egun horretarako, hilaren 26rako. Felipe Murillok zuzenduta, Getariako (Gipuzkoa) Elkano abesbatza eta Itziar Aizpuru eta Maialen Urbieta aktoreak ariko dira oholtza gainean, hainbat musikarik lagunduta. Soreasu antzokian izango da emanaldia, 21:30ean hasita.
Tetes de Mules konpainiaren L'entresort ikuskizunarekin abiatuko da gaur 17:00etan jaialdia, Azpeitiko plaza nagusian. Ostiralean Arte Drama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu taldeek batera ekoitzitako Francoren bilobari gutuna lanaren txanda izango da. Hortik aurrera, besteak beste, Koadernoa zuri (Hika Teatroa), Gu ez gaude bakarrik (Borobil Teatroa) eta Bi izarren kalenturak (Txalo produkzioak) izango dira Azpeitian ikusgai.
Leihatilaz gain, Interneten (www.azpeitia.eus) ere eskuratu ahal izango dira emanaldi guztietarako sarrerak. Aurten, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe antolatu dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak; kexu agertu dira erabakiarekin Azpeitiko Udala eta topaketetako partaideak.
Taula gaineko omenaldia
Aurten zendutako Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara 'Pio' aktoreak omenduko dituzte Azpeitiko XXIV. Euskal Antzerki Topaketek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu