«Eta zer, bi bizitza labainduko balira nire izterretan behera?», idatzi zuen Sylvia Plath estatubatuar poetak, amatasunaz hausnarketa bat eginez. Oholtza gainean, oraingoan, bertze bi emakumek emanen diote amatasunari euren erranahi propioa. Oihana Iguaran (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1991) eta Amaiur Luluaga (Anoeta, Gipuzkoa, 1992) egileek taularatuko dute AMAraun pieza, Lanku enpresak ekoiztutako proiektua. Heldu den ortzegunean estreinatuko dute, Villabona-Amasako Gurea Zineman.
Bat bertsolaria eta bertzea dantzaria; baina ez dute bertsoa dantzatuko, ezta dantza bertsora eramanen ere. «Hau bidaia bat da. Bidaia hipotetiko bat amatasunean zehar. Bidean, gorputzak, ahotsak, dantza eta bertsoa gurutzatuko dira», azaldu du Iguaranek.
Esperientzia autobiografikoa jarri dute egileek ikuskizunaren oinarrian. Iguaran bera ama izan berri da, eta amatasunean murgildua da. Luluagak, bertze neurri batean, oso hurbil du gaia; dioenez, adinagatik eta inguruko jendea guraso izaten hasia delako. «Dantzatik nator, eta kezka hori nuen, hain zuzen ere; sarritan pentsatu izan dut: 'Nola jarraituko luke nire bide profesionalak ama izanen banintz?'», galdegin du.
Prozesu sakon eta intimo baten bidez, amatasunaren eredu anitz jorratu dituzte. Ama izatea edo ez izatea, erabakien presioa, ondorio korapilatsuak... «Hainbat ardatz daude amatasunean; islatu nahi genuen hori».
Bi emakume eta subjektu politiko, rol anitz partekatzen, ikuskizunarekin identifika dadin publikoa. «Hasieratik, hautua zen gure mamu pertsonalak oholtzan biluztea, jende asko identifikatzeko mahai gainean jarri ditugun gai hauekin».
Erditu eta berriz sortu
Iguaranen bertsoetatik abiatuta, dantza josi du Luluagak. Gorputzetik hasten da lana, zeren, egileek uste dutenez, «orokorrean, nahiko tabutzat jotzen baitu gizarteak».
Preseski, emakumeen gorputzekin zer gertatzen den erakusteko asmoa dute taula gainean: erditu osteko kondizioa, gizarteak jartzen dituen oztopoak, aldaketa fisikoak sabelean, bularrean, edo baita hankak mugitzeko zailtasunak berak ere. Gorpuzteko modua ondu du dantzariak bien erritmoa errespetatuz: esperientzia entzun eta hortik esperimentatu, mugimendua bilatu arte. Ondotik, Eñaut Zubizarretak ekoitzi du musika.
Galdera erretorikoak eginez, gutxinaka amatasunaren esperientziara hurbiltzen saiatu dira. Edo, gutxienik, definituz joaten dira amatasuna ez dena: ukatzen, deseraikitzen eta desmitifikatzen dutena. «Kontzeptua berrirakurri dugu; ama izatea da emakume izatea beste modu batean. Oso mingarria eta itogarria da eredu bakar bat onartzea, batez ere jakinda askoz eredu posible gehiago ezkutatzen direla», adierazi du Iguaranek.
Oinarri horiek zehaztuta, bertzelako bideak hartu dituzte agertokian, «plazara eraman eta ahotsa eman nahian». Gakoak publiko aurrean baitu zentzua: «Mahaigaineratu dugu bizi duguna. Galdera batzuk eginen dizkiogu publikoari, eta abiapuntu gisa har dezakete». Antzokira doan ikuslearengan «deseraiki» nahi dute utopia bat, fikziotik haratago. Tripetatik eta burutik gogoan piztu zitzaizkien auzi batzuk taularatzeaz gain, elkarrizketa abiatzea dute xede.
Bertzalde, egileek aipatu dute beren lana bat datorrela azkenaldian amatasunari buruz egon den ekoizpenarekin. «Sumatzen dugu euskarazko literaturan gai oparoa izan dela azken urteotan, asko gabiltzala horren bueltan. Emakumeek zaintzen badute, amek are gehiago», erran du Iguaranek. Horrekin lotuta, nabarmendu dute aniztasun handiko iturriak ezinbestekoak izan direla esperientzia plural bihurtzeko. Literatura, kantuak, hitzaldiak... «Mugimendu feministaren ideietatik ere edan dugu». Diotenez, gaia errealitatetik taulara eramatea aukera «aparta» da elkar babesteko.
Bertsoz zein dantzaz, hitzak zorroztu dituzte egileek, euskaraz gaiaz aritzeko hiztegi falta sentitu baitute, baita emozioei espazio gutxi uzten zaiela ere, eta, kontrara, prozesua asko medikalizatzen dela.«Kezkatu nau gaixotasuntzat tratatzeak, eta euskaldunon eskubideak bazterrera uzteak. Hori desjabetzea besterik ez da», salatu du Iguaranek.
50 minutu inguruko piezak uzkurdurak, esne igotzea eta bularra ematea jorratuko ditu besteak beste, tabuetatik urrun. «Hitz horiek berreskuratzen saiatu gara, euskaratik ezagutzeko, eta horiei gorputza eskaini diegu. Egia esan, erronka bat izan da hitz hauek oholtzan gorpuztea».
Apirilaren 7an estreinatuko dute AMAraun, baina izanen da emanaldia ikusteko aukera gehiago aurrerago ere: maiatzaren 7an Igorren (Bizkaia); 14an Zizurkilen (Gipuzkoa); 20an Arrigorriagan (Bizkaia); eta 22an Anoetan (Gipuzkoa). Oraingoz, ekainaren 17an dute azkena, Munitibarren (Bizkaia).