Musika

Tatxers, Su Ta Gar, Unidad Alavesa eta Kop ariko dira, besteak beste, Hatortxu Rocken

Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua'n Salsa, Apotheke, Toc eta Arene 6 ere izango dira euskal preso eta iheslarien aldeko festibalaren azkeneko aldian, abenduaren 28an, Atarrabian.

Su Ta Gar Hatortxu Rocken izango da, abenduan. PATXI BELZAITZ
Su Ta Gar Hatortxu Rocken izango da, abenduan. PATXI BELZAITZ
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 26a
08:28
Entzun

Orain dela bi aste jakinarazi zuten Hatortxu Rock elkartasun jaialdia amaierara iritsiko dela datorren urtean. Hain zuzen ere, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan (Nafarroa) egingo den jaialdi handi batekin amaitu nahi dute jaialdiaren zikloa, baina horren aurretik, aurten, abenduaren 28an zehazki, euskal preso eta iheslarien aldeko festibalak bere ohiko formatuko azken ekitaldia izango du Atarrabian (Nafarroa).

Gaur, berriz, abenduan egingo den topaketan parte hartuko duten hamabi talderen berri eman dute antolatzaileek. Honako hauek dira: Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa. Nolanahi ere, aurrerantzean artista gehiago gehituko zaizkiela adierazi dute Hatortxu Rocken arduradunek.

«Bide honetan urte luzez ondoan izan ditugun hainbat talde (Su Ta Gar, Kop edo Lendakaris Muertos) eta gure oholtzara lehen aldiz igoko diren beste hainbat (Tatxers, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Arena 6, Toc eta Unidad Alavesa) elkartuko ditugu, azken gau gogoangarri bat bizi asmoz», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bitartez.

Jaialdiaren amaiera iragarri zutenean, azken bi jaialdietarako salgai jarritako lehen 3.000 bonuak 36 orduren buruan amaitu ziren. Hori dela eta, dagoeneko salgai jarri dituzte beste 2.000 bonu, 105 euroan. Hemen eskuratu daitezke.

Era berean, Atarrabiako jaialdirako sarrerak ere gaur jarri dituzte salgai, 25 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.