Donostiako 72. Zinemaldia

'Tasio'-rekin batera, beste bost filmek osatuko dute Zinemaldiko Klasikoak saila

Montxo Armendarizen film zaharberrituak irekiko du emanaldi sorta, irailaren 21ean. Jane Campionen, Tseng Chuang-Hsiangen, Bigas Lunaren, Jose Antonio Nieves Conderen eta Niki de Saint Phalleren lan klasikoak ere programatu ditu jaialdiak.

Montxo Armendarizek zuzendutako 'Tasio' filmak emango dio hasiera Klasikoak sailari. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Montxo Armendarizek zuzendutako 'Tasio' filmak emango dio hasiera Klasikoak sailari. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 13a
14:07
Entzun

Montxo Armendariz zinemagilearen Tasio (1984) filmak emango dio hasiera, irailaren 21ean, Donostiako 72. Zinemaldiko Klasikoak sailari, Viktoria Eugenia antzokian. Haren ondotik etorriko dira Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho (Bigas Luna, 1978), Sha Fu (Tseng Chuang-hsiang, 1984), Surcos (Jose Antonio Nieves Conde, 1951), The Piano (Jane Campion, 1993) eta Un rêve plus long que la nuit (Niki de Saint Phalle, 1976).

Zinemaldian estreinatu eta 40 urtera, bueltan izango da, beraz, Armendarizen Tasio, Euskadiko Filmategiak zaharberritutako bertsioa egin ostean. Filmategiak munta horretako lehen zaharberritze lana du, eta Bolognako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategiaren bidez egin du, jatorrizko negatibotik abiatuta, eta Armendarizen ikuskaritzapean. Cannesko festibalak film klasikoei eskaintzen dien sailean eman zuten estreinakoz, maiatzean, zuzendaria bertan zela. Era berean, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumiere jaialdirako ere hautatu dute pelikula. Patxi Bisquert aktoreak hezurmamitutako ikazkin bat da protagonista, eta Urbasa mendilerroko herri batean kokatua dago istorioa.

Luna zuzendari katalanaren Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho filmak, berriz, amaiera emango dio Klasikoak sailari. Kataluniako Filmategiarekin lankidetzari esker berreskuratu dute Lunaren lehen film luzea, Manuel Vazquez Montalban idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dagoena —egileak filmaren gidoian parte hartu zuen, zuzendariarekin eta Josep Ulloarekin batera—. Bartzelonako hondartza batean agertu den gizon gazte baten heriotza argitu beharko du Carvalho detektibeak. Carlos Ballesteros, Pilar Velazquez eta Monica Randall ditu protagonista intrigazko film horrek.

Jane Campion zinegilearen 'The Piano' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIAZinemaldia Klasikoak
Jane Campion zinemagilearen 'The Piano' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Jane Campion zinemagilearen The Piano lana ere saileko programazioaren parte da. 1990eko hamarkadan zeresana eman zuen filmak: lehen aldia izan baitzen emakume batek zuzendutako lan batek Urrezko Palma jaso zuela Cannesko zinemaldian. Horrez gain, hiru Oscar sari bereganatu zituen —gidoi onenari, emakumezko aktore onenari eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenari emanak—. Alabarekin batera Eskoziatik Zeelanda Berrira joan den piano jotzaile mutu baten istorioa du abiapuntu.

Tseng Chuang-Hsiang zinemagilearen Sha Fu pelikula ere hautatu dute sailaren programatzaileek. 1980ko hamarkadako zinema taiwandarraren olatu berriaren ordezkari da filma, gaur egun klasikotzat hartua jada; Li Ang idazlearen The Butcher’s Wife (1991) eleberriaren egokitzapena da, eta benetako jazoeretan inspiratua dago. Japoniak Taiwan okupatu zueneko garaian girotua dago, eta emakume gazte umezurtz baten egoera salatzen du; amak bere buruaz beste egin ondoren, harakin batekin ezkontzera behartuko dute protagonista.

Surcos Espainiako zinemaren klasiko bat da, Jose Antonio Nieves Condek 1951n zuzendutako lana. Madrilen kokatzen da filma, 1940ko hamarkadaren amaieran, eta bizitza hobetzeko itxaropenarekin landa eremutik hirira migratu duen familia baten istorioa kontatzen du.

Niki de Saint Phalle margolari, eskultore eta zinemagile frantziarraren bigarren eta azken filma ere, Un rêve plus long que la nuit (1976), sailaren barruan proiektatuko dute. Printzesa batek helduen bizitzara egindako bidea azaltzen du, testuinguru fantasmagoriko eta surrealista batean.

'Sha Fu' (Tseng Chuang-Hsiang, 1984) filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Sha Fu' (Tseng Chuang-Hsiang, 1984) filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Lau film lehiatuko dira WIP Europan

Bestalde, WIP Europan lehiatuko diren filmen berri ere eman du jaialdiak. Lau dira: Memento Non Mori (Seyhmus Altun), Usier Tevrshi / In a Grove (Nino Akhvlediani), China Sea (Jurgis Matulevicius) eta Blaue Flecken / Blue Marks —behin-behineko izena— (Sarah Miro Fischer). Alemania, Georgia, Lituania eta Turkiatik datoz, hurrenez hurren, postprodukzioan dauden ekoizpen horiek, eta irailaren 23tik 25era aurkeztuko dituzte jaialdian, industriari lotutako jardueren esparruan.

Irabazleak, WIP Europa Industria saria ez ezik, WIP Europa saria ere eskuratuko du. Lehenak bermatu egiten ditu hautatuko filmaren postprodukzio zerbitzuak —ingelesez zein gaztelaniaz azpititulaturiko fitxategi digitala egin arte— eta Espainian banatzeko aukera. Bigarren saria, berriz, 10.000 eurokoa da, eta lan irabazlearen ekoizleak jasoko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.