1984an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Tasio filma, eta, urteurrenaren karira, zaharberritu egin du Euskadiko Filmategiak. Jantzi berriaz, Cannesko festibalean emango dute estreinakoz, eta Montxo Armendariz bera ere han izango da. Hain zuzen, Frantziako zinemaldiak film klasikoei eskaintzen dien sailean proiektatuko dute, maiatzean.
Euskadiko Filmategiak munta horretako lehen zaharberritze lana du Tasio filmarena, eta Bolognako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategiaren bidez egin du, jatorrizko negatibotik abiatuta, eta Armendarizen ikuskaritzapean.
Montxo Armendariz zinemagileak (Leotz, Nafarroa, 1949) egindako lehen film luzea izan zen Tasio, baina, estreinakoa izanagatik ere, zedarri bat ipini zuen euskal zinemagintzan, duela 40 urte. Pelikulak ikazkin bat du protagonista nagusia, Patxi Bisquert aktoreak hezurmamitua.
Cannesko Zinemaldiko saioaren ostean, Donostiako Zinemaldian emango dute, Klasikoak ekinaldiari esker.