Zinema

'Tasio', azalberrituta

Montxo Armendarizen filma zaharberritu du Euskadiko Filmategiak, haren 40. urteurrenean. Cannesen emango dute lehendabizi, eta, ondoren, Donostiako Zinemaldian. Tamasa banatzaileak hurrengo urtean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, gaur, Donostiako Tabakaleran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, gaur, Donostiako Tabakaleran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel lizarralde
Donostia
2024ko apirilaren 29a
14:30
Entzun

«Estreinatu ostean, ez ditut nire filmak ikusten. Pantailan azaltzen denaz gain, irudiek eramaten nautelako filmaketa une hartan inguruan zegoen guztira: unea, pertsonak, lantaldea... Oso zaila da halakoetan objektiboa izatea. Eta Tasio, osorik behintzat, ikusi gabe nuen estreinatu genuenetik». Aitorpena egin du, lehendabizi, Montxo Armendarizek, Euskadiko Filmategiak bere lehenengo fikziozko pelikula izan zena zaharberritu izanak eman dion poztasuna nabarmentzeko segidan. Bolognako L'immagine Ritrovana laborategietan egin dute lan hori, eta Italiako hirian bertan ikusi zuen Armendarizek film zaharberritua: «Lehenengo ikusi nuena fotograma izoztu bat izan zen. Basoaren berdea, eta Tasio dioen izenburua gorriz, ondo delineatua. Kopia zaharretan oso mugituak zeuden tituluak. Eszenak igarotzen ziren heinean, filmaren estreinaldira eraman ninduten».

Armendariz bera egon da zaharberritze prozesuaren atzean, eta haren oniritziarekin egin dituzte lanak. Izan ere, jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik eraman zuten Bolognara joan den urteko irailean. Italian hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, modu digitalean zaharberritu zuten: irudia egonkortu eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten, eta, jarraian, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten. «Niretzat, eta Tasio-n parte hartu genuen guztiontzat, oso pozgarria da filma baldintza duinetan erakutsi ahal izatea».

35 milimetroko zeluloidean filmatu zuten Tasio, eta, orain, berriz, 4K-ko bertsioan ikusi ahalko da. Cannesko Zinemaldian emango dute estreinakoz, jaialdiak klasikoei eskaintzen dien zikloan, maiatzaren 14tik 25era. Bertan, beste hainbat lan klasiko ezagunen ondoan izango da Armendarizen filma: Napoleon (Abel Gance, 1927), Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Shichinin no samurai (Akira Kurosawa, 1954), Les parapluies de Cherbourg (Jacques Demy, 1964), The Sugarland Express (Steven Spielberg, 1974) eta Quatre nuits d'un rêveur (Robert Bresson, 1971). Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak adierazi duenez, Cannestik Tasio-ri buruzko iritzi bikainak jaso ditu. «Cannes Classics zikloak eskaintza asko eta asko jasotzen ditu urtero, eta erabaki dute Tasio ematea. Kurosawaren Dersu Uzala-rekin, Taviani anaien Padre padrone-rekin eta Marcel Pagnolen filmekin alderatu dute. Gu oso pozik eta harro gaude».

«Cannes Classics zikloak eskaintza asko eta asko jasotzen ditu urtero, eta erabaki dute 'Tasio' ematea».

JOXEAN FERNANDEZEuskadiko Filmategiko zuzendaria

Cannesen eman ondoren, irailean Donostiako Zinemaldian izango da Tasio, eta Klasikoak saila zabalduko du, zinemaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen sailak, hain zuzen ere. Euskal Herriko zinema areto komertzialetan ikusi ahalko den galdetuta, Fernandezek azaldu du hori ez dagoela Euskadiko Filmategiaren esku. «Mercury etxeak ditu filmaren eskubideak, eta ikusi beharko da. Nolanahi ere, Tamasa banatzaileak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu. Gu, gure aldetik, klasikoetan ardaztutako zinema jaialdietara eramaten saiatuko gara: Lyon (Frantzia), Bologna, New York...».

Filmaren gaurkotasuna

Anastasio Otxoa Ruiz ikazkin eta ehiztariaren bizitzan (Zuñiga, Nafarroa, 1916-1989) oinarritu zen Armendariz bere fikziozko lehenengo lana egiteko. Carboneros de Navarra dokumentala egiten ari zela egin zuen topo zinemagileak ikazkinarekin, eta «bizitza filosofia partikularra» zuen pertsona bat ezagutu zuen orduan. «Haren ustez, naturak eta basoak bizitzeko beharrezko dugun guztia ematen dute. Esaten zuen besteentzat lan egitea ez dela naturala, aberatsek dirua biltzea besterik ez dutelako nahi».

Tasio filmatu zuenetik igaro diren lau hamarkadek, baina, beste zentzu bat ere eman diote filmari, zinemagilearen iritziz. «Ingurumena izugarri hondatu da: basoak suntsitu, zuhaitzak moztu. Giza espeziearen eta naturaren arteko oreka kolokan jarri dute, eta neoliberalismoarekin dena da merkatu, dena pribatizatzen da. Tasiok hau ikusiko balu, ez dakit zer pentsatuko lukeen». Hain zuzen ere, filmak denborarekin beste balio batzuk bereganatu dituela uste du Armendarizek: «Eta ez naiz balio zinematografikoez ari, horietaz beste batzuek hitz egin beharko dutelako. Baina filmak hitz egiten du balio ekologikoaz eta gaur egun aipatzen ez diren beste balio batzuez».

«[Anastasio Otxoa Ruizek] Esaten zuen besteentzat lan egitea ez dela naturala, aberatsek dirua biltzea besterik ez dutelako nahi». MONTXO ARMENDARIZZinemagilea

Tasioren bizitzak ardazten du filma. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; 8 urterekin hasiko da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da, aita bezala. Bizilagunek esango diote hirira joateko lan bila, baina Tasiok nahiago izango du jaioterrian, menditik gertu geratu. Elias Kerejetak ekoitzi zuen filma, eta Patxi Bisquertek bete zuen protagonistaren rola haren helduaroan. Garikoitz Mendigutxia (Tasio haurra), Isidro Jose Solano (Tasio gaztea), Amaia Lasa (Paulina), Nacho Martinez (Tasioren aita) eta Elena Uriz (Tasioren ama) izan ziren beste aktoreetako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.