Tartalo fantasiazko arteen astea egingo dute Gasteizen bigarren aldiz, azaroaren 4tik 10era

Hitzaldiz, erakusketaz, zineforumez, kontzertuz, dantza ikuskizunez eta abarrez osatu dute egitaraua. 150 artistak baino gehiagok parte hartuko dute jaialdian.

Paul Urkijo, 'Irati' filmaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Paul Urkijo, 'Irati' filmaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko urriaren 23a
14:41
Entzun

Fantasiazko arteen topagune bilakatuko da Gasteiz, azaroan. Izan ere, Tartalo fantasiazko arteen nazioarteko ekitaldiaren bigarren aldia egingo dute azaroaren 4tik 10era, eta dozenaka ekitaldi antolatuko dituzte hiriko txoko ugaritan.

Iaz egin zuten jaialdia lehenengoz, eta, arrakasta ikusita, aurten berriro egingo dute. Egitarauan hitzaldiak, erakusketak, zineforumak, kontzertuak, dantza ikuskizunak, liburu aurkezpenak eta abar antolatu dituzte Gasteizko Udalak eta Tartalo ekitaldiaren antolatzaileek. 150 artistak baino gehiagok parte hartuko dute, eta Gasteizko zazpi tokitan egingo dute: Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, Montehermoso Kulturunean, Ignacio Aldekoa kultur etxean, UNEDen egoitzan, Jesus Guridi musika kontserbatorioan, Artium museoan eta Plaza Berrian.

Azaroaren 4an abiatuko dute fantasiazko astea, Artiumen; Juan Pedro Apariciok, Jose Maria Merinok, Bernardo Atxagak, Karmele Jaiok eta Lucia Jaiok parte hartuko dute inaugurazio ekitaldian, eta, ondoren, Gasteizko Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko kideek ikuskizuna egingo dute. Arratsaldean, berriz, hitzaldiak hasiko dituzte EHUko Letren Fakultatean,The VIII International Conference on Myth in the Arts lelopean (Mitoari buruzko Arteen Nazioarteko VIII. Biltzarra). Besteak beste, Bernardo Atxagaren eta Paul Urkijoren konferentziak entzuteko aukera egongo da.

Azaroaren 5ean, hitzaldi sorta eskainiko dute, besteak beste, Pedro Porcel Torrensek, Reyes Escalerak eta Javier Azanzak, eta, arratsaldean, Jimmy Jazz aretoan film laburren maratoi bat egingo dute, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean izandako pelikulen aukeraketa batekin.

Musika, antzerkia eta mahai inguruak

Azaroaren 6an, goizez eta arratsaldez egongo dira hitzaldiak UNEDeko egoitzan; besteak beste, Maria Santorum, Antonio Altarriba eta Kepa Menendez idazleek hartuko dute parte. Eskema berari eutsiko diote azaroaren 7an, baina Artium museoan. Gainera, Montehermoso Kulturunean antzezlanak, musika eta performancea uztartuko dituzte hainbat saiotan, eta mahai inguru bat egingo dute Sheila Amstrongek, Jan Carsonek, Asier Altunak eta The Jorge’s Brothersek.

Azaroaren 8an, ostiralarekin, Ignacio Aldekoan artisautza azoka bat irekiko dute, Santa Isabel hilerrira bisitak egingo dituzte Marta Extramianaren eskutik, eta kalejirak, bideojokoak, tailerrak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Bide beretik joko dute asteburuan ere. Hala, hilaren 9an, adibidez, Jimmy Jazzen Discharge, Ratzinger eta Sangre taldeen kontzertua egongo da. Eta asteari azaroaren 10ean emango diote amaiera, hainbat artistaren eta kultur eragileren arteko topaketa batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.