Batetik, arte eredu bat. «Brasilgo modernotasunari lotutako lengoaia propio bat sortu zuen». Bestetik, artista eredu bat. «Bere garaian existitzen ez zen emakumezko abangoardiako artista modernoaren irudia eraiki behar izan zuen». Eta, azkenik, nortasun eredu bat ere proposatu zuen Tarsila do Amaral artista brasildarrak (Capivari, Brasil, 1886-Sao Paulo, 1973). «Mestizajea ipar harturik, eta idealizazio handiarekin, Brasilen inguruko iruditeria propio bat asmatu zuen, herrialdearen kontraesanak eta gatazkak gainditu nahi zituena». Eta, hiru ekarpen nagusi horiek eginda ere, eta herrialdeko mugimendu modernistako pintore nagusia izanda ere, haren figura Europan oso ezezaguna dela ohartarazi du Cecilia Braschi komisarioak. Geaninne Gutierrez-Guimaraes komisarioarekin batera, hark antolatu du artistaren 147 artelan biltzen dituen erakusketa, eta aitortu du ezjakintasun horren ondorioz «erronka» izan dela Tarsilaren obra —izenez sinatzen zituen bere koadroak— Europan erakustea. Bilboko Guggenheim museoak eta Frantziako Grand Palais Rmn erakundeak elkarlanean sustatu dute proiektua, eta iaz Parisko Luxenburgoko Museotik pasatu ondoren, Bilbora heldu da orain bilduma. Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz deitu dute erakusketa, eta ekainaren 1era arte egongo da ikusgai.
Ikusi gehiago
1918an hasi eta 1960ko hamarkadara arteko lanak biltzen ditu ibilbideak, eta, kronologikoki ez ezik, tematikoki ere antolatu dute. Bilbon, esaterako, bigarren solairuko sei areto hartzen ditu bildumak, baina, komisarioak azaldu duenez, orain oraindik ere bizi-bizi dauden hainbat debateren lekukotza ematen dute Tarsilaren lanek. Braschi: «Brasilgo gaur egungo arteari buruzko eztabaida askoren erdigunean dago. Gaur egungo artista garaikideek ezberdin bizi baitute hark proposatutako arte modernista; arte hori goi-goiko klaseko emakume zuri oso eurofilo batek sortua baita». Eta, hain zuzen ere, apropiazio kulturalaz, ikuspegi primitibistaren erro kolonialez eta klase gatazkaz gogoeta egiteko abiapuntua ere eskaintzen du erakusketak.
«Mestizajea ipar harturik, eta idealizazio handiarekin, Brasilen inguruko iruditeria propio bat asmatu zuen Tarsila do Amaralek, herrialdearen kontraesanak eta gatazkak gainditu nahi zituena»
CECILIA BRASCHIKomisarioa
Brasilen hainbat landa lurren jabe zen artistaren familia, eta umetatik izan zuen oso hezkuntza europazalea. Parisera heltzerako, horregatik, aski ezagun zituen bertako XX. mendearen hasierako joera artistiko nagusiak, eta horren froga dira Bilboko erakusketa zabaltzen duten koadroak.

Baina, komisarioak dioenez, badago artistaren ibilbidea eraldatu zuen gertakari funtsezko bat ere: 1922ko Sao Paoloko Arte Modernoaren Astea, hain zuzen ere. Herrialdearen izaerari lotutako abangoardia baten sorrera irudikatu nahi izan zuten bertan zenbait artista, idazle eta musikarik, eta mugimendua bertatik bertara ezagutzeko itzuli zen Brasilera Tarsila ere. Anita Malfatti margolariarekin eta Paulo Menotti del Picchia, Mario de Andrade eta Oswald de Andrade idazleekin batera, Bostak Taldea osatu zuen. Eta izpiritu berri horrekin itzuli zen berriz ere Parisera, 1923an, hark esan bezala, kubismoaren «zerbitzu militarra egin» eta han ikasitakoekin Brasilgo errealitateari itsatsiago egon zitezkeen adierazpideak sortzeko.
Sobietar esperientzia
Ordura arte ia ezezaguna zitzaion sorterria berriz deskubritzera eraman zuen horrek artista, eta, komisarioak azaldutakoaren arabera, garai hartan Frantziako hiriburuan modan zeuden kubismoaren eta primitibismoaren galbahetik pasatuta sortu zuen bere unibertso ikonografikoa. Brasil ideal eta koloretsu bat erakusten dute erakusketako lehen aretoek, eta, jatorrizkotasun horren bilaketan, Oswald Andraderekin batera garatutako mugimendu antropofagikoaren eraginpean sortutako margolanak ere aurki daitezke hurrengo geletan.
Giltzarria izan zen 1929. urtea ere margolariarentzat. New Yorkeko burtsaren krisiak nabarmen apaldu zuen haren estatusa, eta langile munduaren inguruko interesa piztu zitzaion. SESBera ere bidaiatu zuen, eta Brasilera itzulitakoan kartzelan ere sartu zuten, eredu sobietarraren alde egindako hitzaldi eta ekintzengatik. Eragin handia izan zuen horrek guztiak haren margolanetan ere, eta horren erakusgarri dira langileen irudiz betetako bosgarren aretoko hormak. Besteak beste, bisitariak bertan topatuko du 1933ko Langileak margolana, ia-ia arte mural baten itxura duena.

Normalean Tarsilari buruzko erakusketak koadro horrekin eten ohi direla azaldu du Braschi komisarioak. Baina, gogorarazi duenez, sortzaileak 1960ko hamarkadara arte jarraitu zuen lanean, eta bere ibilbideko azken fase horren garrantzia nabarmendu nahi izan du erakusketan. Hain zuzen ere, haren azken urteetako lana biltzen du azken aretoak. Besteak beste, etxe orratz urdinez betetako hiri paisaia geometriko baten koadro ederra ikus daiteke bertan, landaretzaren arrasto berde batzuek zipriztinduta.
Belztasuna eta bortizkeria
Erakusketari buruzko katalogoa ere kaleratu du museoak, euskaraz eta gazteleraz. Koadroen irudiak eta artistaren bizitzari buruzko kronologia bat ez ezik, Braschi eta Gutierrez-Guimaraes komisarioen testu bana ere biltzen du argitalpenak. Eta, horrez gainera, artistaren lanetan egiten den arraza irudikapena ere aztertu du bertan Rafael Cardosok; idazlea, komisarioa eta Artearen Historiako doktorea da egilea, eta Tarsilaren lanik ezagunenetako batek gaur egun sortzen duen debatearen lekukotza emanez abiatu du bere testua.
Artistak Parisen pintatutako Emakume beltza margolana da pieza hori, 1923koa. Metro bete luze eta 81 zentimetro zabal den olio lan bat da. Bular bat bistara duen ezpain erraldoidun emakumezko biluz baten erretratua. Eta, Cardosok gogorarazten duenez, Sao Pauloko Arte Garaikideko Museoaren horma nagusietako batean dago ikusgai gaur egun. Ez eztabaidarik gabe, ordea. Ikerlariak dioenez, gaur egun ere etengabeak baitira koadroa kentzeko eskariak, zeren eta, argudiatzen dutenez, artista zuri batek egindako gorputz beltz horren irudikapenak betikotu egiten baitu Brasilgo emakume beltzen ondorengoek jasandako bortizkeria historikoa. Horrekin kontraste eginez, ordea, Cardosok gogora dakarrenez, Sao Pauloko museoak etengabe jasotzen ditu artelan hori beste museo batzuetan erakutsi ahal izateko eskariak.
Bilboko museoak ere egin zion eskaria Brasilgo museoari. Alferrik, ordea. Eta azken margolanaren faltan, artistak hura sortzeko erabilitako bi marrazki jarri ditu ikusgai.