Tarrapata gehiagoren etorkizuna

Astebetean panderoa ikasteko metodoa osatu du Leturiak liburu batean. Ibilbidean bizi izan dituen bizipenak eta pasarteak, eta DVD osagarri bat ere bildu ditu lan berrian

Leturia pandero jotzailea, atzo, liburuaren aurkezpenean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Tarrapatan, pandero baten ibilbidea. Hala du izena Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailearen lan berriak: panderoa jotzen astebetean ikasteko metodoa eta kontakizun ugari biltzen dituen liburua. Atzo aurkeztu zuen; eta idazkuntza inoiz lehenago landu ez duen arlo bat izan arren, gogotsu dago eginiko lana zabaltzeko eta ezagutarazteko.

«Lehenik eta behin, azazkalak, beti motzak». Horiek dira lehenengo ikasgaiaren hitzak, gainerako sei ikasgaien tonu eta izaeraislatzen duten hitzak: «Metodoak laburra eta argia behar zuen izan, luzatu gabe; musikaren munduaz ezer ez dakien edonork ikasteko modukoa», adierazi du. Horrela,zazpi ikasgai horiek, zazpi egun, eta gogo apur bat besterik ez ditu beharko panderoa ganoraz jotzen ikasi nahi duen irakurleak. Horretarako, kolpe mota bi izendatu ditu, hasiberrien ikaskuntza prozesua errazte aldera: «Eskuaren alderdiaren arabera izendatu ditut kolpeak». Hala, bi kolpe mota bereizten dira: ta kolpea, lau hatzekin jotzen denean, eta pa, hatz lodiarekin egiten denean.

Liburua atzo aurkeztu arren, iraganetik dator burutapena. Korrontzirekin batera bira batean zebilela bururatu zitzaion, Quebec inguruan, 2017an; eta udazkena iristean ekin zion jardunari. Ez da, baina, ikasgaiz eta azalpenez harilkatutako lan soila; teknika gehigarriak eta kontakizunak ere bildu ditu: «Gogoratu nintzen nik panderoa ikasi nuenean ez zela soilik ikastea; pasarteak kontatzen zituen irakasleak, bizipenak, txisteak... gozagarria zen». Hori dela-eta txertatu ditu Leturiak ere pandero jotzaile gisa bizi izandakoak; 1977an panderoa jendearen aurrean lehen aldiz jo zuenetik 1984 urtera bitartekoak, hain zuzen: «Denbora mugatu egin dut, halakorik ezean, entziklopedia bat egin beharko genukeelako».

Garaiko bizipenak, ibilerak, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak bildu ditu, abentura xelebre eta pasadizo gogoangarriekin batera. Hitanoz idatzi ditu pasarte horiek guztiak, eta bere bi panderoekin elkarrizketa modura ekarri ditu liburura. Horretarako, pandero kutunak izendatu ditu: Kattun, bat, eta Xarpa, bestea. Hala, musika eta umorea uztartu ditu beste behin Leturiak, panderoarekin egin ohi duen bezala. Hain justu, bereizgarri hori goraipatu du Anjel Valdes Elkar argitaletxeko kideak: «Alde didaktiko bat erakusten du, baina, bestalde, kontakizunak, esperientziak, bizipenak ere kontatzen ditu, eta horien bitartez, garai bateko Euskal Herrira eramaten gaitu, herri txikietako usain horretara».

Idatziak zaharberrituz

Idazkuntzaren alor hori esploratu gabea bazuen ere, nerabezarotik izan du idazteko joera; izan ere, garaian garaiko bizipenak agenda batean idazteko ohitura mantendu zuen: «Pasarte horietako asko idatzita nituen jada, zortzi lerrotan edo; beraz, agenda zaharrak hartu eta liburuan idatzi ditut interesgarrienak». Hala, ikasgaitik ikasgaira eta teknikatik teknikara igarotzean, pasarte bitxiren batekin egingo du topo irakurleak.

Horietako baten adibide da Donibane Lohizunera kontzertu bat ematera joan eta itzultzerakoan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan gertatu zitzaiona: Guardia Zibilak gelditu zituen, autotik jaitsarazi, dena miatu, eta bulegora eraman zituzten. Galderak batetik eta bestetik, musikariak zirela kontatu, eta pasodoble bat jotzeko eskatu zieten agenteek. Azkenean, Manolo Escobarren Que Viva España kantua jotzen amaitu zuten. Kantua amaitzeanutzi zieten joaten, inoiz bertatik berriz ere pasatuko balira beste piezaren bat jotzera sar zitezela eskatuta.

Hori eta beste hamaika pasarte gehiago bildu ditu Leturiak liburuan, eta, ikasgaietan eta teknika gehigarrietan ez bezala, hitanoa erabili du horiek kontatzerakoan. «Pasarte horiek hitanoz idaztea erabaki dut, pandero horiek nire lagun minak direlako eta nire lagunekin ere hitanoz hitz egiten dudalako», esan du. Modu honetan, bestelako harreman bat girotu du pasarteak kontatzerakoan, harreman pertsonalago eta gertukoago bat: «Galderak egiten dizkidate panderoek, nik eurei ere bai. Nirekin haserretzen dira panderoak, ni eurekin ere bai; eta liskarrak sortzen dira, amodioarekin gertatzen den bezala».

Halaber, DVD bat ere gehitu dio lan berriari; hain justu, liburuan azaldutako ikasgai horien ulermena eta jardunbidea irudien bitartez laguntzeko eta errazteko asmoarekin. Hala ere, liburua eta DVDa ez dira material independenteak: DVD hori ikusten duenak ez ditu ikasgaiak irudien bitartez ikasiko; izan ere, irudi horiek liburuaren osagarri dira, eta ez ordezko.

Hala, panderoa jotzeko gogoa duen jendeari zuzendu zaio Leturia, irribarretsu: «Zazpi egunetan jotzen nahi zaituztet, baina kontuz bizilagunekin; eta ikasten ez baduzue, gero ez etorri kexekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.