Tapakiak aitortutakoa

Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza' japonieratik euskarara itzuli du Iker Alvarezek, eta Igela etxeak eman du argitara oraintsu

Lander Majuelo eta Angel Erro, Donostian, Maskara baten aitortza liburua esku artean dutela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Japonia Inperialean bizi da Kochan mutikoa. Aurrera atera nahian dabil, garaiko gizarteak inposatutako moldeetara egokitzeko etengabeko ahaleginean. Bere gorputza eta sexualitatea estali arren, mutil batenganako maitasunak bidea irekiko dio haren desiren eta betebeharren arteko gatazkari. Horixe du abiapuntu Yukio Mishimak 1949an idatzitako Maskara baten aitortza eleberriak. Euskaraz irakur daiteke orain, Iker Alvarezen itzulpenari esker. Hain zuzen, Igela argitaletxeak oraintsu plazaratu du lana; iragan hilean egin zuten liburuaren aurkezpena, Donostian. Lander Majuelo editore izanik argitaletxeak plazaratutako azken lana izan da.

«Gaztetxo baten loratzea kontatzen du liburuak, protagonistaren gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko kezkak kontatzen baititu», azaldu zuen, hasteko, liburuaren editoreak. «Eleberri autobiografiko bat da, Japoniako gizarte inperialistaren eta Bigarren Mundu Gerraren arrastoen artean kokatua».

Majuelok adierazi zuen Mishimaren heriotzak izandako harrabotsak «itzalpean» utzi zituela idazlearen literatur lan gehienak, baina gogorarazi zuen «arrakasta handiko idazlea» izan zela Japoniako literaturan. «Oso gai biolentoei edo fantasia oso bortitzei buruzko lanak egin zituen, baina nabarmentzekoa da kontakizun horietan erabiltzen zuen idazketa fin eta sotila».

Horregatik, editoreak azaldu zuen Igelak oso garrantzitsutzat daukala Mishimiren eleberria itzuli izana. Izan ere, apenas dagoen zuzeneko itzulpenik japonieratik euskarara. «Uste dut esku bakar bateko hatzekin zenbatu daitezkeela ale horiek. Alde horretatik, bada notizia».

Hain zuzen ere, Hiromi Yoshidak euskaratu zuen azkenekoz Mishimaren liburu bat, eta Ibaizabal etxeak eman zuen argitara: Arratsaldeko atoiuntzia (1994). Majuelo: «Kasik 30 urtez itxaron behar izan dugu bere hitzez euskaraz gozatu ahal izateko. Askotan esaten da gaztetxotan irakurtzekoak direla haren liburuak, baina, era berean, sakon harritzen gaitu bere irakurketak, eta gustura berrartzen da denborarekin».

Angel Errorena da liburuaren gibelsolasa, eta, besteak beste, izenburuari egiten dio erreferentzia hartan: «Maskara eta aitortza. Izenburuak bi hitz itxuraz kontraesankor ekartzen dizkigu, Mishimaren obrara hurbiltzeko bi bide ezinbesteko. Literatura konfesionalaren aurrean gaudela iradokitzen du, batetik, baina antzeratu edo performatutakoa kontrajartzen zaio ondoren. Identitate baten sortzeaz ari zaigu liburu hau, une eta toki jakin batean. Gizartean onartua izateko, maskarak behar ditu norbanakoak; kasu honetan, protagonistak normaltasunaren maskara du janzten».

Errok azaldu zuen, halaber, Mishimaren bizitzak asko zuela liburuan kontatutakoetatik. «Lagunei bere liburuetako ia dena asmatua zela sinetsarazten zien, gizartea probokatzeko trikimailuak zirela, baina haren gertukoek zioten haren bizitzako gertakari asko liburuan kontatu bezala gertatu zirela».

Itzultze prozesua

Alvarezek «erronka» gisa definitu zuen lana itzuli izana. Kontatu zuenez, euskararenaren antzeko sintaxia du japonierak. «Erraza egin zait alde horretatik». Nolanahi ere, zailtasun ugari aurkitu ditu bidean. Esaterako, esaldien luzerak irakurketa korapila ez zezan, horiek laburtzen egin zuen ahalegina: «Hamabost lerroko esaldiak daude jatorrizko liburuan, guztia menpeko perpausez osatuta, eta hori euskarara ekartzea oso zaila da». Halakoetan paragrafo osoak berriz formulatu behar izan dituela azaldu du; «ulergarri egiteko, eta aldi berean, esanahia gal ez zezan».

Edukiari dagokionez, berriz, lan «erraza eta, era berean, gertukoa» iruditu zaiola kontatu zuen itzultzaileak: «Mishimak asko edan zuen literatura klasikotik; erabiltzen zituen esamoldeetan nabarmen sumatzen da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.