Tanxugueiras eta Neomak elkarrekin ariko dira aurtengo Atlantikaldian

Datorren astean, 30 emanalditik gora egingo dituzte Errenterian, IX. Atlantikaldian. Zenbait artista elkarlanean jarriko dituzte bost saiotan

Tanxugueiras taldea, joan den apirilean, Zeinen Ederra Izango Den jaialdian, Barakaldon (Bizkaia). RAUL BOGAJO / FOKU.
Andoni Imaz
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Irailaren 15etik 18ra egingo dute IX. Atlantikaldia jaialdia, Errenterian (Gipuzkoa), Itsas kodeak lelopean. Kontzertuak eta askotariko ikuskizunak antolatu dituzte herriko lau gunetan, eta Itsas Elkarrizketa proiektuak hartuko ditu iluntzeetako emanaldi nagusiak: Euskal Herriko taldeak eta kanpokoak elkarlanean jarriko dituzte agertokian aurten ere. Atzo aurkeztu zuten jaialdia, Donostian, Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Errenteriako Kultura zinegotziak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak eta Goiatz Dutto Moonshine Wagon taldeko kideak —bi kontzertu emango dituzte hilaren 17an—.

Honako hauek izango dira jaialdiko lau gune nagusiak: Itsasargi Nagusia izenekoa Lehendakari Agirre plazan egongo da, eta han jarriko dute agertoki nagusia; Panier orubeko Kalekaian, artista urbanoak arituko dira; Herriko Plazan, musika eskaintza intimoago bat antolatu dute; eta Foru Plazako Herrixkan, berriz, herritarrek parte hartzeko tailerrak eta bestelako ekitaldiak izango dira.

Itsasargi Nagusian izango dira Itsas Elkarrizketak kontzertuak. Ostegunean, Baionako Kolinga taldeak Iker Lauroba eta Leire Letu izango ditu aldamenean; ostiralean, Las Karamba taldearen erritmo latinoek Amaia Elizaran dantzariaren gorputza gidatuko dute, eta Tanxugueiras galiziarrek Neomak taldeko zazpi emakumeekin batera kantatuko dute beren herri musika; larunbatean, Les Amazones D'Afrique musikari afrikar aktibistak Tony Viser dantzariarekin arituko dira, eta España Circo Este talde italiarrari Moonshine Wagon laukotea batuko zaio.

Gainontzean, Intza, Palmerita Coco Blue, Ralphie Choo, Hofe x 4:40, Hijas de la Cumbia, Ak Kwanto, Julen, Teko Maisin, Albany eta Mikel Moreno musikariak ariko dira Atlantikaldian, besteak beste.

Musikaz gain, beste diziplinetan ere bilatuko dituzte «elkarrizketak». Nongoa zara? bertso saio musikatua egingo dute hilaren 15ean: jatorri aniztasuna abiapuntutzat hartuta, Errenteriako ikastetxe guztietako haurrekin prestatutako emanaldia. Han parte hartuko dute Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek, Gari Otamendi musikariak eta Unai Gaztelumendi marrazkilariak.

Trukea Katalunian

Hilaren 18an, Kataluniar konexioa: rumba eta beste! izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute jaialdian. Errenteriako Herri Arte eskolak El Prat de Llobregateko (Herrialde Katalanak) Escola d'Arts en Viurekin egindako hilabeteko trukearen ostean sortu dute musika eta dantza ikuskizuna, eta Kataluniako eta Euskal Herriko doinuak taularatuko dituzte.

Ekitaldi batzuetara joateko, ikusleek izena eman beharko dute aurretik. Emanaldi guztien ordutegiak eta xehetasunak atlantikaldia.errenteria.eus webgunean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.