Tanxugueiras eta Maria Arnal i Marcel Bages Getxoko 38. Folk Jaialdian

Emakumeak izango dira protagonistak aurten, eta. Algortako Portu Zaharrean eta Muxikebarrin egingo dituzte emanaldiak, irailean

Maria Arnal i Marcel Bages. LLUIS TUDELA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Irailaren 14tik 18ra egingo da Getxoko (Bizkaia) Folk Jaialdiaren 38. aldia, eta emakumeek garrantzi berezia izango dute aurten. Ane Pikazak egin du aurtengo kartelaren diseinua, eta aurtengo aldiaren nortasuna islatzen saiatu dela azaldu du, «emakumearen begirada islatuz eta baita itsasoari begiratuz ere». Orotara, hamabost taldek joko dute aurtengo jaialdian: hamar emanaldi doan izango dira, Algortako Portu Zaharrean, eta bost, ordainpekoak,Muxikebarri zentroan.

Irantzu Uriarte Getxoko kultur etxeko presidenteak nabarmendu du «normaltasunera bueltatzeak markatutako ibilbide berri bati» ekingo diola jaialdiak, eta horrek aukera emango duela kanpoko espazioak berreskuratzeko». Horretaz gain, aurtengoa «kalitatezko eskaintza aberatsa» dela azpimarratu du, baita mota guztietako ikusleei irekitako emanaldiak izango direla ere.

Emakume bat egunero

Kontzertu nagusien helburua folkera beste soinu batzuetatik hurbiltzea izango da, eta belaunaldi ezberdinen aldeko apustua egingo dute horretarako. Xabier Paya kultur etxeko zuzendariak, bestalde, folkaren transmisioan emakumeak duen garrantzia seinalatu du, eta egunero Muxikebarriko agertokian emakume bat izango dela zehaztu du. 20:00etan izango dira kontzertu horiek.

Irailaren 15ean, ostegunez, Tanxugueiras taldea ariko da; hiru emakume galiziar dira, eta aurtengo Eurovisioneko hautagaiak izan dira. Galiziako soinu tradizionalak traparen edo musika elektronikoaren moduko erritmo eta joerekin nahastuz, berrikuntza eta abangoardia irudikatzen dituzte.

Hilaren 16an, Enredadasen txanda izango da. Horiek ere tradiziozko herri generoak beste estilo batzuekin elkartzen dituzte, eta lau pertsonak osatzen dute taldea. Getxon, Coplas e alalás ikuskizuna aurkeztuko dute, hainbat genero batzeko.

Hilaren 17an, berriz, Muxikebarrin Maria Arnal i Marcel Bages bikote katalan entzutetsuaren emanaldia izango da. Clamor da haien lanik berriena, iazkoa.

Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira, jai giroa sustatzeko asmoz. Familientzako kontzertuak, berriz, 12:00etan izango dira.

Aurtengo proposamen musikala Nor da Maurizia hezkuntza proiektuarekin eta Getxoko Musika Eskolarekin elkarlanean osatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.