Jaioterrian abestu zuen Miren Amurizak, Berrizen (Bizkaia), eta, hasierako agurrean azaldu zuenez, behin baino gehiagotan egona zen txikitan herriko pilotalekuan. Lagunek, baina, markagailuaren lana egiten jartzen zuten, eta ohartarazi zuen esperientzia hartatik tanto bakar bati ere ez ziola huts egiten utziko; baita lortu ere. 650 bertsozale inguruk bete zuten Berrizko pilotalekua Bizkako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan. Hasieratik bero zegoen giroa; entzuleak gozatzeko eta bertsolariak emateko gogoz. Amurizaren atzetik sailkatu ziren Xabat Galletebeitia, Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Julen Erezuma eta Unai Mendiburu. Horrenbestez, Amuriza zuzenean sailkatu da abenduaren 15ean Bilbon jokatuko den finalerako. Gainerakoek, berriz, datozen bi finalaurrekoen sailkapenen zain gelditu beharko dute.
Zortziko txikian umoretsu eta fresko ibili ziren guztiak, elkarri erantzunez. Amuriza eta Galletebeitia autobusean zeuden, elkarren ondoan eserita, eta, Amurizak sakelako telefonoa atera zuenetik, geroz eta hurbilago sumatzen zuen Galletebeitia. Hala hasi zuen ofizioa Amurizak: «Beste garai batzutan/ hor zabiltzan eran/ polizia zinela/pentsatuko neban». Ez zuela ongi ikusten eta telefonoko hizkien tamaina handituko ote zuen erantzun zion Galletebeitiak, eta fin itxi zuen ofizioa ondoren: «Hain nengoen zahartuta/ta neukan gogoaz/ geltokia pasa zait/ zu noraino zoaz?». Aurreko txapelketako bi finalisten arteko bertsoaldian nabari zen egindako lana, eta saio osoan ibili ziren lanean.
Aitor Bizkarra zen igandeko saioan gazteetan bigarrena —Unai Mendiburu zen gazteena—. Bizkaiko bi txapelketatan hartu du parte, eta Berrizko saioan ere erakutsi zuen badakiela entzulearengana iristen; hamarreko txikian izan zuen hori erakusteko aukera. Bikotea ziren Erezuma eta Bizkarra; Erezuma ingeniaria zen, eta laneko bidaia asko izaten zituen. Etxera iristean espero baino hotzago hartu zuen bikoteak. Erezumak berogailua aipatu zuen, ea itzalita zeukan galdetuz, eta Bizkarrak bikotearen lanari erreferentzia eginez jo zuen goia: «Beheko sua hor dago/ xuabe-xuabe/ ipini nahi baduzu/ San Juan suan pare/ ekiozu hainbeste/ diseinatu gabe».
Sei bertsolari, sei asmo
«Asmo onez egin duzu, baina ez dau ondo hartu». Sei bertsolari eta sei asmo. Igandeko bertsolariek asmatu zuten kartzelako gaia ondo hartzen. Amurizak hain landua duen gaiari tiraka osatu zuen istorioa; lehenengo bertsoan egoera deskribatu zuen: «Hamalau urte daudakaz eta/ bikotean perspektiba/ da joatea lokalera ta/ botatea sofa erdira/ nire gainean jarri da eta/ kuleroak erretira/ sartu atara, atara sartu/ ziostan hau da desira/ amaitu dogu ta oihukatu dau/ 'biba Miren, Miren biba'/ eta ni barriz isil-isilik/ goiko lanparei begira». Bigarrengoan bikoteari ikusteko eta ikasteko esan zion, eta hori ez zuela ondo hartu besteak. Hirugarrenarekin biribildu zuen bertsoaldia: «...'zer uste dozu baina zuk Miren/ ni lerdotzat al naukazu'/ ez, ez maitea, lerdoa ez baina/ nobatotxoa zara zu/ eta esplikau deutsudan dana/ ondiñi argi ez badaukazu/ topau Googlen klitoria ta/ bertan agertuko jatzu».
Imanol Uriak Euskaraldian parte hartuko duen lagunarikantatu zion, euskaraz hasten zenean berriro ez ziola zuzenduko zin eginez. Xabat Galletebeitiak egindako kartzelakoa ere polita izan zen, bai ideia eta baita joskura aldetik ere; izugarrizko txalo zaparrada jaso zuen. Aitak Alzheimerren gaitza duen semearen azalean jarri zen, bigarren bertsoan autokritikoa izanik: «Ze gaizki sentitzen naizen/ ze estuasun ta ze min/ baina zergatik kezkatu/ ta buruari eragin/ ahaztu egin ote zait/ ez duela nahita egin». Azkenekoarekin, berriz, pilotalekua lehertu zen: «...zaindu maite duzun hori/ ohituta gaude kantatzen/baina askoz zailago da/ zaintzen duzuna maitatzen».
Datorren asteburuan jokatuko da txapelketako bigarren finalaurrekoa, Igorren. Han izango dira, kanporaketetan sailkatutakoekin batera, zuzenean finalaurrekoetan sartu diren bertsolariak ere: Beñat Ugartetxea, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita.
Tantoz tanto, finalera
Miren Amurizak irabazi zuen igandean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Berrizen. Xabat Galletebeitia eta Aitor Bizkarra sailkatu ziren haren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu