«Talentuaren» hamazortzi lagin

Ertibil Bizkaia erakusketaren 38. edizioa ikusgai dago Bilboko Rekalde aretoan, urriaren 12ra arte; handik Igorrera, Basaurira eta Ermura bidaiatuko du. Beren lana Bizkaian garatu duten hamazortzi gazteren obrak biltzen ditu

Andre bat Maite Leiunen Kitty & Co obrari begira. Lan horrek 2020ko Ertibil Bizkaiaren bigarren saria jaso du. RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Rekalde aretoak hartu du Ertibil Bizkaia erakusketaren 38. edizioa. 1985. urtean edo geroago jaio eta beren lana Bizkaian garatzen duten artistei zuzendutako lehiaketa da; aurten aurkeztutako 160 lanetatik hamazortzi saritu dituzte. Lehen saria Helena Goñi bizkaitarraren Dos retratos de Gabe en el tren obrarentzat izan da, eta bigarren saria Maite Leiun nafarraren Kitty & Co lanarentzat. Lekualdatu aurretik, urriaren 12ra arte izango dira ikusgai Rekalden.

Goñik 2017an egindako bidaia batean du oinarria haren obrak. Kanada, txikitako bizilekua, trenez zeharkatu zuen, bakarrik. Bi hilabeteetan hartutako trenetako batean ume hiperaktibo bat ezagutu zuen: Gabe, lau eguneko bidaiaren ondorioz deseroso zegoena. Hura lasaitzeko, Goñik proposatu zion elkarri erretratuak egitea. Bidaian bildutako materiala aztertzen eta lantzen, ordea, bi urte geroago hasi zen, bidaiatikbehar adina urrundu ondoren, «esperientzia bizia» izan zela azaldu baitu Goñik. Gaberen bi erretratu hautatu zituen: bietan gaztearen plano motz bat ageri da, baina lehenengoan aurpegia eskuekin ezkutatzen du, begi urdin bat soilik agerian utziz; eta bigarrenean bisaia osoa erakusten du. Umea «bidaiaren giltzarria» izan zela aldarrikatu du artistak, eta Rekalde aretoko artelan horretan ere beste horrenbeste bihurtu du.

Bigarren sarituak, Maite Leiunek, zeramika aukeratu du bere obra ontzeko. Material horrek «prozesu oso finkatua» duela azaldu du artistak, moldeak betetzeko erabiltzen baita. Berak, ordea, «esperimentatu» egin zuen zuzenean material likidoarekin lan egitean. Taiwanera eraman zuen beka bati esker egin zuen Kitty & Co, eta han ikasi zuen zeramika erabiltzeko ezohiko modu hori. Bertan ikasi zuen, halaber, mundu mailan oso ezagunak diren marrazki bizidunetako zenbait pertsonaiak Mendebaldean baino konnotazio serioagoa dutela Taiwanen. Beraz, materiala ez ezik, «iruditegi birtuala» ere landu duela azaldu du Leiunek: emaitza argia da Mendebaldeko biztanle batentzat ere, panpinen figurak errazak baitira antzematen; hala ere, bitxia da zeharo: pertsonaien siluetak baino ez daude hormetan itsatsiak, buruz behera, bestelako detailerik gabe, eta kolore bakarrez margotuak.

Bai lehenengo bi sailkatuekbaita gainontzeko hautatu guztiek ere «talentu eztabaidaezina» dutela azpimarratu du Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak. Baina erakusketa askotarikoa ere bada: obrek koloreekin zein piezen altuerekin jokatzen dute, eta euskarriak ere hainbat daude, mihise klasikoetatik hasi eta irudi proiektore modernoetara arte. Hamazortziek epaimahai profesional baten oniritzia jaso dute, hauek osatua: Alicia Fernandez Lopez Rekalde aretoko zuzendariak, Arantza Lauzirika Morea EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Mikel Onandia Garate EHUko Artearen Historiako irakasleak.

Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria izanik, hamazortzi obra sarituak Bilbon ez ezik Bizkaiko beste hainbat lekutan ere ikusi ahal izango dira; hain zuzen, Igorreko kultur etxean erakutsiko dira urriaren 14tik azaroaren 8ra, Basauriko Ariz dorrean azaroaren 10etik 29ra, eta, azkenik, Ermuko Lobiano kulturgunean abenduaren 1etik 29ra.

Kultura «segurua» da

38 edizio bete ditu aurten Ertibil Bizkaia erakusketak, eta, Bilbaok esan duenez, proiektua «finkatua» dago jada eremu artistikoan. Pisuzko arrazoi horiek gorabehera, 2020ko erakusketa koronabirusak egiten du berezi. Gainetik kendu ezin diren gaiak dira pandemia eta itxialdia, eta are gutxiago kultura arloan, «aurretik ere egoera prekarioan» zegoen sektore bat delako, Leiunen hitzetan.

Bilbaok ere hitzok berretsi ditu, eta «oso garai zailak» direla gogorarazi du. Hala, Ertibil Bizkaia bezalako egitasmoak aurrera egin dezaten «konpromisoa» erakutsi dutenei eskerrak eman dizkie foru diputatuak: «Museoek, aretoek eta kultur ondareek izugarrizko lana egin dute egoera honetara egokitzeko».

Ertibil Bizkaia 2020 abian da, eta luzerako du, birusaren agerraldiek oztopatzen ez badute. Oraingoz, segurtasun neurriak betez gero kultura guneak «seguruak» direla azpimarratu du Bilbaok. Gogorarazi du «bakoitzaren ardura» dela neurriok betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.