Tailerreko heriotzak

'Aita gurea' eleberri beltza kaleratu du Iñaki Irasizabalek, drogak, industria eta gizakien arteko harremanak zutabetzat hartuta

Iñaki Irasizabal idazlea, Donostian, nobela aurkeztu zuen egunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Trokelak, prentsa hidraulikoak, matrizeak... Horiek dira Iñaki Irasizabalen (Durango, 1969) eleberri berriko agertokiko elementuak; lantegi batekoak, alegia. Autogintzarako piezak fabrikatzen dituen gune baten bueltan kokatu du Aita gurea (Elkar) thriller-a. Giro nahasia da nagusi poliziarik, ikerketarik eta ikertzailerik gabeko nobela beltz horretan: etsaitasuna, hilketak, lapurretak... Egungo krisi sozial eta ekonomikoa ardatz hartuta, giza-harremanetan murgiltzen gaitu lanak.

«Iragan iluna» daukan neska baten gorabeherak ekarri ditu gogora egileak. Herentzian fabrika bat jasotzen du emakume gazteak, eta, arazo ekonomikoak direla medio, ezohiko bideak hartzen ditu sosak lortzeko; «bide ez oso zuzenak». Gainera, beste enpresari batek lantegia erosi nahi dio, eta horrek itolarria sortzen dio. Ez da hori izango, ordea, istorioaren hari mutur bakarra. «Mila arazo daude».

Badira dena zipriztintzen duten bi zehar-lerro ere: drogak eta giza harremanak. Protagonistak arazoak eduki izan ditu heroinarekin, bai eta haren bikotekideak ere. «Bikotea atzera eta aurrera dabil, utzi edo ez utzi. Horrek buruhauste franko eragiten dizkie». Neska-mutilez gain, badaude beste pertsonaia batzuk ere.

Gaizki-ulertuz eta gatazkaz beterikoa da denen artean marraztutako giroa. Giro bat eta bakarra. «Eleberri lineala da, kronologikoki gertatzen da. Istorioa bat eta bera da».

Aita gurea izenburua Jacques Prevert poemagilearen olerki batetik dator. «Aita gurea zeruetan zarena, gelditu zaitez bertan, eta gu hemen lurrean geldituko gara, batzuetan hain ederra den lurrean». Pertsonaietako batek paretan zintzilik dauka idazkia. Hala, horren bitartez, beste gai bat mahaigaineratzeko asmoa izan du egileak: gurasoek egindakoek oinordekoengan utzitako aztarna. «Garrantzi handia dute aiten erabaki batzuek seme-alaben bizitzetan; erabat baldintzatzen dituzte». Horiek jorratu ditu.

Aita gurea-k gaurkotasunari erantzuten dio, aurpegi askotariko krisiak jotako gizarte baten lagin bat baita. «Testuinguru sozioekonomikoa oso nabaria da. Azaltzen den fabrikak 25 langile zituen orain hamar urte, eta narrazioa hasten denean, zortzi».

Errazkerian erori gabe

Eta ez da hori bakarrik errealitatetik hartutakoa: Irasizabal bera, kazetaria eta soziologoa izanagatik, industrian aritu izan da urteotan, eta lan giro hori eraman nahi izan du liburura. «Autogintzarako tailer askotan lan egindakoa naiz. Liburuan azaltzen diren gauza asko eta asko benetakoak dira». Bide horretatik, harritu egin da fabrika mundua literaturan maizago azaltzen ez delako. «Oso bitxia iruditzen zait industria inguruan, tailerretan... inork nobelarik ez kokatzea, batez ere hemen hainbesteko industria tradizioa egonda».

Horra kokagunearen azalpena.Droga, berriz, generoari primeran zetorkion, haren aburuz. «Nobela beltzean, droga, ez beti, baina ia beti agertzen da; egun, Euskal Herrian nobela beltz sinesgarria eraikitzekotan, seguru asko droga mundua da biderik zuzenena».

Sinesgarritasuna. Hortxe azken xedea. «Nobela sendoa eman nahi diot irakurleari, irakurterraza, errazkerietan erori gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.