Tabernak bizitza sozialaren parte gisa. Poteoan ibiltzeko ez ezik, barrenak askatzeko, zer edo zer ospatzeko edo, besterik gabe, hitz egiteko plaza izan dira Euskal Herrian ere. Orain arte. Izan ere, pandemiak erasan egin dio konbentzio horri. Horretaz ari da Beti Berdin komikia. Tabernazaleak ditu protagonista nagusiak. «Pertsonaien harridura, ernegua eta etsipena oinarri hartuta, pandemiaren kronika zorrotza eta umoretsua egiten ahalegindu naiz», azaldu du egileak, Asier Iturralde Gaston-ek (Donostia, 1972).
Komikigilea eta ilustratzailea da Iturralde. Lehen urratsak diseinu estudioetan eta agentzietan eman ondoren, La Machine Factoria sortu zuen 2004an. Hala ere, ilustrazioaren munduan gehiago sakontzeko gogoa izan zuen, eta Studio Gaston enpresa sortu zuen 2017an. «Betidanik marraztu izan ditut komikiak, baina orain hasi naiz abiadura pixka bat hartzen eta modu profesionalago batean lan egiten». 2019an, Etxepare literatura saria jaso zuen Etxe honetan haurrentzako album ilustratuari esker. Aintzane Usandizaga idazlearekin elkarlanean sortu zuen liburua. «Hortaz, esan daiteke Beti berdin dela bakarka argitaratzen dudan lehenengo alea».
Pandemia garaia islatzen dukomikiko istorioak, eta fikziozko Irizar hiriko taberna du gertaleku, «kostaldeko zehaztu gabeko leku batean kokatuta dagoena». Osasun krisiak «ustekabean» harrapatu ditu tabernako ohiko bezeroak, eta haien bizitzak «erabat aztoratuta» utzi ditu gaitzak. «Tabernara hurreratzen direnen egunerokotasuna kontatzen dut komikian, tabernan izaten diren solasaldiak eta gogoetak», laburbildu du Iturraldek. Hasieratik izan zuen «komiki korala» egiteko asmoa, eta horregatik hartu du taberna ardatz gisa: «Pertsonaia guztiak tabernan elkartzen dira, eta horien harremanak ere leku horretan bakarrik gertatzen dira».
Hezur-haragizko pertsonaiak dirudite komikiko protagonistek, dioenez. «Pertsonaien barruan bizitza errealeko pertsona askoren jokabideak, anekdotak... erakusten dira; izan ere, kalean ikusi ditudan gertaeretan oinarritu naiz batez ere komikia egiterakoan». Horrenbestez, irakurleak, kasu askotan, protagonistekin identifikatuta sentituko dira: «Atzera begiratzerakoan, bizi izan ditugun etengabeko aldaketak ikusita, pertsonaien larruan jarriko gara, eta haien gogoetetan, sentimenduetan eta jarreretan islatuta ikusiko dugu geure burua; azken batean, haiek pairatzen ari direna ulertzen eta sentitzen baitugu». Umorea eta puntu zinikoa uztartzen dira testuan, eta kronika eran idatzita dago.
Webgunetik paperera
Iturraldek ez du orain ireki taberna, hala ere. «Aspaldi» hasi zen Beti Berdin-eko bezeroen inguruko gorabeherak ilustrazio bidez kontatzen: «Sare sozialen bitartez, egindako binetak zabaltzen hasi nintzen, eta, jendeari gustatu zitzaizkionez, jarraipena ematea erabaki nuen». Hortaz, sarean argitaratutako zinta guztiak ere bilduta daude paperezko edizioan.
Emaitza, zehazki, «izurrite globalaren egunkaria» da, egilearen esanetan. «Gertatzen ziren aldaketetara moldatuz joan naiz etengabe; hortaz, islatuta daude pandemiaren hasieran genituen pentsamenduak, iritziak... eta haien garapena nolakoa izan den ikus daiteke».
Jasotako harrerarekin «oso pozik» dago komikiaren egilea: «Ustekabe handia hartu dut jendearen erantzunarekin; izan ere, asko dira komikiarengatik zoriontzen nautenak». Horrez gainera, komikietan aditua den Borja Crespok ere honako hau adierazi du: «Tabernarik gabe, zerbait hiltzen da gugan. Horretaz eta askoz gehiagoz dihardu esku artean duzuen komikiak. Bizitzaz, azken finean, umore eta sarkasmo finez. Zaila egiten zaigu pertsonaia hauek ez maitatzea. Topa egin dezagun!».
Momentuz, Bilboko udal liburutegietan eta Euskal Etxeaneskuratu daiteke komikia, doan. Hala ere, laster Euskal Herriko liburutegietan eta gune kulturaletan eskuragarri jartzeko asmoa dutela aurreratu du Iturraldek. Haren webgunean ere badago komikia erosteko aukera (https://www.studiogaston.design/tienda/).
Tabernako kroniken bilduma
Asier Iturraldek 'Beti Berdin' komikia kaleratu du. Pandemia garaiko gogoetak biltzen dira testuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu