SOSLAIA. Clara Montero

Tabakaleraren gidaritza berria

Ainhoa Sarasola.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ane Rodriguezek kargua utziko zuela jakinarazi ostean, Donostiako Tabakalera Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroak kultur zuzendari berria hautatzeko prozesua hasi zuen, otsailean. Zentroaren Administrazio Kontseiluak prozesuak utzitako emaitzaren berri eman zuen atzo, ohar bidez: Clara Montero Telletxea izendatu dute Tabakalerako kultur zuzendari.

Artearekin eta kulturarekin lotutako erakunde eta enpresen sektorean aritua da Montero, eta, kontseiluak oharrean nabarmendu duenez, «eskarmentu handiko ibilbidea du proiektuen diseinuan, estrategian eta exekuzioan», bereziki arte garaikidearen eta ikus- entzunezkoen inguruko jardueretan.Gaur egun, Zurich eta New Yorken egoitza duen Galerie Gmurzynska arte galeriako Garapen eta Ikerketa zuzendaria da, eta estrategiaren definizioaz eta artistak eta erakusketak proposatzeaz arduratzen da.

Erakunde publikoetan ere aritua da Montero, kultur arloan horietan ere. Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen 2013tik 2016ra, eta, gero, Kultur Programazioaren arduraduna izan zen Bilboko Azkuna Zentroan, 2016-2018 epean. Hori baino lehen, ordea, Tabakaleran ere izan zuen ardurarik: zentroko jardueren koordinatzailea izan zen 2008 eta 2011 atean; beraz, barrutik ezagutzen du zentroa. Horrez gain, Tabakalerako Administrazio Kontseiluko kide ere izan zen Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Kulturaren Sustapenerako Zuzendari izan zen garaian.

Urtarrilean onartu zuten Tabakaleraren plan estrategikoa, eta bertan jasotako kultur proiektua zehaztea eta exekutatzea izango du Monterok bere arduren artean. Halaber, sormen prozesuen sustapena lantzea, kultura herritarrengana hurbiltzeko programazioa sortzea eta kulturaren eta industrien garapenean laguntzea ere izango ditu zereginen artean.

Ohar berean jakinarazi dutenez, Montero «aurki» hasiko da lanean Tabakalerako zuzendaritza taldean: Edurne Ormazabal zuzendari orokorrak eta Oihana Zarra kudeaketa zuzendariak osatzen dute taldea. Kultur Zuzendaritzan hiru arduradun izango ditu alboan: Oier Etxeberria —arte garaikideak—, Victor Iriarte —zinema eta ikus-entzunezkoak— eta Arantza Mariskal —sorkuntza laborategia—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.