Ondo bidean, Tabakalera eraikina2016ko urtarrilean irekiko dute, eta kudeatzaileek hango laborategiak martxan jarriz joateko asmoa daukate hurrengo bi urteetan. Hirikilabs proiektuak, esaterako, berea lagunduko du zeregin horretan. Ekinbide horren barruan, datorren hilabetean hainbat tailer egingo dira suhiltzaileen egoitza zaharrean, Donostia 2016 fundazioarekin elkarlanean, eta helburua da lan dinamikak eskuratzea, funtzionamendu sistemak probatzea, prototipatzea, langileak trebatzea eta proiektuaren inguruan komunitateak sortzea, Ane Rodriguez Armendariz Tabakalerako zuzendariaren esanetan.
«Sortu nahi dugu etorkizunean Tabakalerako laborategiak izango direnaren prototipo bat, programa bat. Prozesu hori jendearekin partekatu nahi dugu, Donostia 2016ren bitartez», jakinarazi zuen Josian Llorente Hirikilabsen koordinatzaileak atzo gunean egindako aurkezpenean. Lehen tailerra, hornidura eraikitzekoa, garatzen, «egosten» ari dira egunotan, eraikineko sukaldea zegoen lekuan, hain zuzen. Horretarako altzari birziklagarriak eta «garbiguneetan» aurkitutako materiala baliatu dute.
Proiektuaren aurreneko fasean, ekaina eta abuztua artean, gunearen hornidura eraikiko dute elkarlanean, eta irailetik aurrera, «programazio egonkor bat» eskaini nahi dute. Lehendabizi, baina, tailerrak garatuko dituzte. Gaur eta bihar artean egingo da bigarrena, eta «argazki kameretako kode askean oinarritutako kontrolagailu elektroniko bat» eraikiko dute. Edozeinek parte har dezake ekintzetan. «Tailer hauetarako ez da aurretiko ezagutzarik behar. Jende guztiarentzat prestatuta daude», argitu zuen Llorentek.
Uztail osoan egingo da gunea diseinatzeko lantegia, bederatzi saiotan. «Analisi eta diseinuaren inguruan egindako hausnarketa kolektibo baten bidez eraldatuko dugu, era honetako ikerkuntza guneetan sortzen diren beharrei buruz gogoeta egin ondoren». Uztailaren 4an eta 5ean jolas makinak eraikitzeko tailerra proposatu dute, eta 12an «puxikak, kometak eta hegan egiten duten bestelako objektu batzuk erabiliz, airetik egindako argazkigintzarekin esperimentatzeko tailerra» eskainiko dute Hirikilabsen. 15ean eta 16an,«orriak eskuz pasatzen diren liburuen eskaner bat» muntatzen, konektatzen eta martxan jartzen ikasiko dute parte hartzaileek, «hainbat diseinu eta konponbide aztertuz». 18an, 19an, 22an eta 23an 3D inprimigailu bat eraikiko dute, eta 29an eta 30ean, azkeneko tailerrean, fresatzeko makina bat osatuko dute. «Egurra, kortxoa, poliespana eta halako materialak lantzeko balio du tresna horrek». Tailerrak doakoak dira.
Tabakalerako laborategiak eraikitzen lagunduko du Hirikilabs proiektuak
Hainbat tailer egingo dituzte uztailean suhiltzaileen egoitza zaharrean, Donostia 2016rekin elkarlanean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu