Tabakalerak ikus-entzunezkoen sormen laborategi bat hartuko du

Sektoreko eragileekin egindako parte-hartze prozesuaren emaitza da aurkeztu duten proiektua

Amaia Pavola agertokiaren erdian, eta Ibai Arantzabal atzeko ilunpean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Nola bihurtu euskarazko ikus-entzunezko sektorea berritzaileago eta sortzaileago?». Horren gaineko gogoeta gidatzen aritu dira Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavon ikerlaria eta Iban Arantzabal Goiena komunikazio taldeko zuzendaria azken urtean. Eta emaitza aurkeztu berri dute: euskarazko ikus-entzunezko sormena sustatzeko laborategi bat jarriko dute martxan Donostiako Tabakaleran, datorren urtetik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz proiektuaren barruan landu da.

Laborategiko jardunak erantzun nahi lituzkeen helburuak zerrendatu ditu Arantzabalek: euskara sustatzea ikus-entzuneko produktuen kontsumoa ugarituz; irismena handitzeko sormena bultzatzea; pantailaz haragoko ekoizpen formatu berrietan esperimentatzea; sektorean onura eragitea; eta zabalkunde kanalak biderkatzea.

Laborategi berria «sormena sustatzera» bideratuko dela azpimarratu du Pavonek. «Beraz, ezinbestean sektorearen behar zuzen-zuzena izango du», zehaztu du. Hasieratik hartu du parte sektoreak proiektuaren diseinuan. Guztira, 80 pertsonatik gora elkarrizketatu dituzte; gidoilariak, zuzendariak, ekoizleak, ETBko profesionalak, soinu teknikariak, arlo publikoko arduradunak... Parte-hartze prozesua sei urratsetan oinarritu dela azaldu du Pavonek. Bat, «sektoreari pultsua hartzeko» elkarrizketa ugariak. Bi, prozesu guztian jardun duen kontraste taldearen lana. Hiru, interbentzioen bidezko esperimentazioa. Lau, EHUk egin duen ikerketa; 12-16 urteko gazteen artean 2.500 inkesta egin dituzte euren ikus-entzunezko kontsumo ohiturak neurtzeko. Bost, zirriborroak kontrastatzeko jardunaldiak. Eta sei, guztia berriz kontrastatzeko elkarrizketak.

Marka propioa: '2deo'

Proiektuarekin lotutako marka ere aurkeztu du Arantzabalek: 2deo. «Marka horrekin gure laborategitik pasatzen diren lanak hobetuta ateratzea nahi genuke, zeren ideiak badaude eta balio beharko luke laborategitik pasatzen den lanak markatua ateratzeko, arrakastarako gako batzuekin batera».

Bidean agertutako hainbat proiektu ez dira azken txostenean sartu; azpidatziak eta bideo jokoak lantzeko proiektuak, esaterako. Egon da «maila teorikoan» geratu denik ere. Baina, batez ere, idatzitik harago, martxan jarritako «esperimentu errealak» nabarmendu ditu Arantzabalek. Websailen lehiaketa, kasurako. «Jada bazegoen esperientzia bat identifikatu, eta, nolabait, eredu batera heltzeko bidean jarri dugu». Hainbat jendek eman du izena websaila egiteko, eta 2018 erdi inguruan euskarazko horietako baten zortzi-hamar kapitulu ikusi ahal izango direla aurreratu du. Go!azen transmedia proiektua garatzen hasteko aplikazio bat ere sortu dute, baita euskarazko ikus-entzunezkoak batuko dituen JarriONaplikazioa ere.

Laborategi proposamena «blindatuta» dator, Arantzabalen hitzetan. Batik bat, kontraste talde batek «zorrotz» egin duelako jarraipena. Aholkulari batzuei eskatutako txosten bat izan zitekeen, baina, berezitasuna, Arantzabalentzat, zera da: sektoreak berak marraztutakoaren gainean eraiki dutela proiektua. «Sektoreak daki ondoen norantz joan behar den, eta, bereziki, zer gabezia dituen. Topatu dugu sektore bat, ez zintzilik, baina bai iraupenean dena, eta gogoz dagoena hortik ateratzeko. Eta hori ere bada garantia bat laborategiak funtziona dezan».

Tabakalerako ekosisteman integratuta egongo da laborategia, eta «espazio ireki eta informal» gisara planteatu dute; coworking espazioak, edizio gela «txiki eta moderno bat» eta proiektuak erakusteko gela bat barnebilduko ditu, besteak beste.

Egindako jardunaldietako batean Garazi Goiak ateratako ideia berreskuratu du Arantzabalek: «Berrikuntza bai, baina garapenerako dirua ere bai». Hala, laborategiak izango duen aurrekontua «esperimentazioa laguntzeko» erabiliko dela nabarmendu du Goienako zuzendariak, «ez merkatuan lehiatzeko».

Goia, Olano eta Zupiria

Tabakaleran aurkeztu zuten atzo laborategiaren proposamena. Eta Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arteko mahai ingurua izan zen aurkezpenaren ostean, Vanessa Sanchez kazetariak gidatuta. Elkarlanaren irudia eman zuten, eta euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena hauspotzeko Tabakalera «erreferentziazko gunea» dela esan zuten.

Urte hasieran aurkeztuko dute Tabakalerako «zuzendari nagusia» —figura berria izango da—, eta, batik bat, harengan jarri zuten hiru agintariek sormen laborategia martxan jartzeko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.