'Swallow the Universe' filma gailendu da Animadeban

Nieto zinemagilearen laburrak sari nagusia eta K saria irabazi ditu. 'The Awakening of the Insects' lanak lortu du gidoi onenaren saria

Andoni Imaz
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Animaziozko hamar film labur eman dituzte egunotan Animadeba zinemaldiko Sail Ofizialean, Deban (Gipuzkoa), eta, atzo egin zuten sari banaketa ekitaldian, epaimahaikideek Nieto zinemagilearen Swallow the Universe aukeratu zuten irabazle. Lanaren «obra grafiko, 2D eta 3D animazio eta soinu nahasketa ikusgarriagatik» goraipatu zuten, ohar batean. Epaimahaiaren esanetan, «haur baten eta naturaren indarren arteko topaketa izugarri bat» da filma. Film horrek berak irabazi du Euskal Herriko zenbait zineklubek emandako K saria.

Alberto Vazquez animazio zinemagileak, Lourdes Villagomez animazio ekoizleak eta Cord Dueppe Interfilm zinemaldiko programatzaileek osatu dute epaimahaia, eta Vazquez bera izan da aurtengo jaialdiko gonbidatu berezia; haren film laburrak proiektatu dituzte atzera begirako batean.

Gidoi onenaren saria Stephanie Lansaqueren eta Francois Leroyren The Awakening of the Insects film laburrak irabazi du. Memoria galdu duen gizon heldu baten «bidaia» kontatzen du pelikulak, eta, epaimahaiaren arabera, gidoiaren eta animazioaren tratamenduak gizonaren nahasmendua «sentiarazten» die ikusleei.

«Gerraren absurdoa», irudiz

Epaimahaikideek aipamen berezia egin diote Mate Horesnyiren A Kisebbik Rossz film laburrari, eta argiarekin eta itzalekin egindako zuri-beltzezko lana nabarmendu dute: «Hainbat istorio nahasi ditu, modu oso eraginkorrean». Zuzendari berrien saria, berriz, Jinkyu Jeonek irabazi du, The House of Loss lanarekin. «Gerraren absurdoa» lantzen du filmak, marrazki «birtuoso eta delikatu» baten bidez.

Ikusleen saria, berriz, Marc Riba eta Anna Solanas zinemagileen El matí del señor Xifró lanak irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.