Bakarka plazaratu zuen Zuri, aurreko lana, 2016an, pianoaren laguntza soilarekin. «Intimista eta barrura begirakoa» zen hura. Mikel Azpirozi (Donostia, 1971) bestelako bulkada bat sartu zitzaion hura sortu eta aurkeztu ondoren, bestelako musika oldarraldi bat askatzeko beharra, eta bera gidari duen Elkano Browning Cream taldearen bidez eman dio erantzuna apeta horri. «Oso proiektu eta musika desberdinak dira; bakarkakoan, asko jolasten dut tempoaren malgutasunarekin; Elkanorekin, erritmoa eta indarra dira oinarrian. Biak dira osagarriak niretzat».
Musika indartsuago bat askatzeko beharra sentitu zuen, eta irakiten zeukan behar horri erantzun dio Elkano Browning Creamen lan berriarekin. Ez du alferrik Bor bor izenburua. «Barrutik kanporako zerbait izatea nahi genuen; komunikatzeko beharra izaten da batzuetan. Izan zedila zerbait zuzena eta gordina». Eta hala eskatu zien bi taldekideei ere, Dave Wilkinsoni (gitarra) eta Franck Mantegariri (bateria). «Utz zezatela perfekzionismorako joera, eta joka zezatela libre eta gordin».
Grabaketa egin baino hamar egun lehenago bidali zizkien «zirriborro batzuk» bi kideei. «Hartara, ez zuten denbora askorik izango prestatzeko edo kantuak gehiegi barneratzeko, eta horrek freskotasuna emango zien kantuei». Grabaketa ere hiru egunetan egin zuten, urtarrilaren hondarrean, Donostiako Tabakaleran, Azpirozek berak daukan estudio mugikorrean. «Badakit biek dutela musikarekin bat-batekoan oso ondo jarduteko gaitasuna, bertsolariek hitzarekin bezala, eta gaitasun hori zukutu genuen grabaketa saioetan. Grabaketa arin egin behar genuen, eta arintasun horrek behartzen zaitu erne egotera». Elkar ongi ezagutzen dute hiru musikariek, nahiz eta bakoitza hiri desberdin batean bizi. Paristarra da Mantengari, eta han bizi da; musikari ingelesa da, berriz, Wilkinson, eta Bartzelonan bizi da. Elkano Browning Creamen bosgarren diskoa da Bor bor, eta hirukote berak parte hartu du azken hiruetan. «Gure artean komunikazio handia dago musikalki ere, eta hori nabaritu egiten da, pertsonen arteko harremanetan nabaritzen den moduan: konfiantza dagoenean, gauzak errazago ateratzen dira, eta emaitza indartsuagoa izaten da».
Elkar ezagutzetik
Askatasunez eta malgutasunez aritu dira, hortaz, baina horretarako ezinbestekoa da «urte askotako eskarmentua eta oinarrian teknika izatea», Azpirozek nabarmendu duenez:«Hiru egunetan grabatua da, baina ez da hiru egunetan egindako diskoa. Urte askotako lana dago atzean, urte askotako esperientziak eta ikasketak; bestela, ez litzateke posible izango». Eta Azpirozekez du «batere asmorik» urte horietan guztietan lortutako batasuna eta elkar ulertze hori galtzeko. «Lau urte igaro dira Uh Eh aurreko diskoa [2014] kaleratu genuenetik; denbora igaro egiten da, eta ez nuen nahi proiektua itzal zedin, edo urtu zedin. Horregatik, nire buruari erronka jarri nion: urte hasierarako zerbait egin behar nuen. Horrela sortu ziren kantuak».
Azaleko ilustrazio deigarrian azaltzen den modura, sutan irakindako zazpi kantuk osatzen dute diskoa. Eta, akaso gutxien prestatua izan zelako, edo «batere prestatu gabea», Egan Jam izeneko kantak —diskoko azkena— laburbil dezake diskoaren esentzia, freskoa eta beroa aldi berean. «Hutsetik sortutako abestia da. Estudioan sartu eta jotzen hasi ziren Dave eta Franck. Ez genuen batere hitzik egin, baina badaezpada ere grabatu egin nuen, eta gero, entzutean, ezustekoa hartu genuen, gustatu egin baitzitzaigun bere horretan».
Eta zegoen horretan dago diskoan ere. 70eko hamarkadaren psikodelia oihartzunak dakartzan jazz-rock ukituko pieza da, jam saio batean emana. «Diskoarentzat nahi genuen filosofia islatzen du, muturrera emana; freskotasuna, inprobisazioa, askatasuna, malgutasuna...». Era berean, kantuak bi keinu berezi egiten ditu, ustez elkarrengandik urrun dauden bi talderi egindako keinuak. The Allman Brothersi, batetik: «Asko gustatu izan zait talde hori. Duela bi urte hil zen Butch Trucks, taldeko bateria jotzailea, eta hari irakurri nion, emandako azken elkarrizketetako batean, faltan sumatu zituela ondorengo lanetan taldeak lehen bi diskoetan izandako freskotasuna eta askatasuna. Eta jam saioen moldearen ezaugarri hori goraipatzen zuen». Bestetik, Egan Euskal Herriko taldeari egindako keinua ere badakar: «Egan izan zen entzun nuen lehen talde elektrifikatua; herriko festetan entzuten nuen. Hammonda ere lehen aldiz Egani entzun nion». Azpirozek Hammond C3a, pianoa, sintetizadorea, txalaparta eta melodika ere jo ditu diskoan.
Diskoko lehen kantuak Bethany du izenburua, eta eliza kantu bat du oinarrian. «Beti gustatu izan zait gospela. Doinu hori ere umetatik ezagutzen nuen, eta gustukoa nuen. Euskal kantu bat zela uste nuen, baina arakatzen hasi eta jakin nuen XIX. mendeko kantu bat dela, AEBetakoa, Lowel Mason konpositoreak idatzia. Guk gure esparrura ekarri dugu».
Bi kantutan soilik sartu dute ahotsa, Trains Speeding eta Bor bor izenekoetan, hain zuzen ere. «Elkanoren ibilbidean ahotsa ez da lehen planoko elementu bat izan; izatekotan, beste musika tresnen mailan egon da». Hain zuzen ere, hastapenetan taldeko kide izan zen Matt Hardingek(Azpirozen aspaldiko laguna) kantatu egin du Trains Speeding-en. Blues eta jazzetik abiatuta, eta erritmoaren groove hipnotikoa ardatz izanik, Elkano Browning Creamek rockerantz zein psikodeliarantz jotzen duen diskoa ondu du; Euskal Herrian aurkeztuko dute bihar eta etzi, hiru kontzertutan.
Sutan egositako 'groove'-a
Elkano Browning Creamek haizea eman dio bat-batekotasunari eta gordintasunari 'Bor bor' bosgarren diskoan. Tolosan, Bilbon eta Donostian aurkeztuko dute asteburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu