«Bertakoa ezagutzen duen begirada bat da, urruntasunetik; barnean nituen bizipenak, esperientziak, paisaiak. Bada landa eremuko bizitzari, usaindutako horri egindako gorazarre egite bat, omenaldi bat». Horixe da Atakak (Alberdania), Hasier Larretxearen (Arraioz, Nafarroa, 1982) azken poema liburua. «Denborarekin irekitako bertze ataka bat da», idazlearen arabera.
Arraioz eta Madril. Lehena, haurtzaroaren eta nerabezaroaren sehaska; bigarrena, egungo bizitoki. Herritik hirira salto egin badu ere, Baztango landa eremuari hertsiki lotuta jarraitzen du. «Nahiz eta fisikoki ez naizen bertan bizi, honako liburu hau bertan egoteko modu bat bada; iraganari, memoriari atxikirik egon ahal izateko tresna da».
Identitate pertsonala eta eraikuntza poetikoa osatzeko jo zuen Madril aldera. Hautu pertsonala izan zen, behartu gabea. Bidean,«Baztango basoetara ihes egiteko aitzakia» aurkitu du poesiaren bidez: «Euskaraz poesia idaztea non jaio, non hazi eta non hezi naizen eta nondik natorren oroitarazten didan zutabea da». Sortze prozesuan, urruntasun geografikoa eta emozionala zein modutan garatzen diren aztertu du. «Zein elementu botatzen diren faltan, zein paraje, zein ilunabar, ahots, haize, hizkuntza; gurasoen etxeko usain eta esapideak, landa eremuaren magizismoa, Baztango parajeen fotosintesia».
Faltan sumatu dituenak ez ezik,gogoan izan ditu iraganean etxekoengandik jasotakoak ere: «Txikitan aizkorak nituen eskuan, baita harriak ere. Hori zen nire heziketa, eta gero joan naiz zinema, musika eta literatura garatzen, modu autonomoan. Hein batean, bada horri eginiko omenaldi bat ere, bizimodu hori ere irakatsi didatelako». Poemen sakontasunean nostalgia apur bat badagoela aitortu du Larretxeak.
Poesia «norberaren istorio partikularra kontatzeko asmakizun gisa» hartu du Larretxeak, liburuan jaso duen Charles Simic idazlearen aipuari erreferentzia eginez. Larretxearen arabera, «hasieran kontrajarriak izan daitezkeen irudi eta esamoldeak parez pare jarri, eta bizitzaren mugaldean diren erranahi eta erramoldeetatik edaten du liburu honek». Iragana gogora ekartzearekin batera, «hiriko bizimodutik desintoxikatzeko modua» ere bada.
Lau ataletan banatuta
Atakak horri lau arrakala zabaldu dizkio Larretxeak, liburua lau ataletan banatuz. Lehenak Larretxearen «lurralde eta biztanleen sufrimendu eta ezinegona biltzen du, poesia bizi garen garaiaren erreflexua baino gehiago erreakzioa izan dadin». Bigarren ataleko poemak, berriz, mugimenduan diren poemak dira, Baztango landa eremu batean kokatzen direnak, naturari eta landa bizimoduari atxikiak.
Hirugarrena atala poema labur eta zehatzagoez osatuta dago. Horretan, gizakiaren inperfekzioak«ironia apur batekin» azaleratu ditu. Azken atalean, bertze egileekin dituen «elkarrizketa poetikoak» daude jasota. Artisten obratik abiaturik elkarrizketa izaten saiatu da; horietan, «ahanztura, isiluneak, bizitzaren aldarrikapena eta bizitza duin baten testigantza daude agerian, bizitza eta heriotza».
Sustraiek bizirik diraute
Hasier Larretxeak 'Atakak' poema liburua kaleratu du, «iraganari atxikirik egon ahal izateko tresna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu