Sustrai Colina gailendu da Baigorrin, Xilabako lehen finalaurrekoan

Saioan, Odei Barroso geratu da bigarren. Izturitzen izango da hurrengo saioa, hilaren 15ean

Aitor Servier eta Sustrai Colina, atzo, Baigorriko Plaza Xoko aretoan kantuan, Xilaba txapelketako lehen finalaurreko saioan. BOB EDME.
Ane Zuazubiskar Iñarra.
Baigorri
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Finalaurrekoen fasea abiatu zuen atzo Xilabak, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketak. Zaleek bete egin zuten Baigorriko (Nafarroa Beherea) Plaza Xoko aretoa, finalaurrekoen lehen itzuliko lehen saioa entzuteko. Saio bizi eta arina osatu zuten oholtzaratu ziren sei bertsolariek. Sustrai Colinak irabazi zuen, eta hura bezain ongi aritu ziren beste bostak ere: Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Egoitz Zelaia eta Aitor Servier. Guztien lana gogotsu hartu zuen publikoak.

Hasierako agurrean kantatu zuen Colinak «etxera itzultzea» modukoa zela harentzat Xilaban aritzea, eta hala aritu zen, etxean bertsotan ari denaren erosotasunarekin. 388,5 puntu lortu zituen Colinak, eta, haren atzetik, Odei Barrosok lortu zuen puntu gehien (361 puntu), Artetxe hurbil izan bazuen ere (358,5 puntu); Murua, Zelaia eta Servier izan ziren hurrengoak atzoko sailkapenean.

Gustura ziren entzuleak, eta epeletik epelera egin zuen giroak saioan. Zortziko handiko ofizioek umorea beste hausnarketa utzi zuten. Euskal Herrian bizi diren bi kolonbiarren azalean jarri zituen Bixente Hirigaraigai-emaileak Artetxe eta Zelaia, eta gogoetarako ale politak utzi zituzten. Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuak parekatu zituen Zelaiak: «Mahaia jarrita ta aukeratzen/ ez dugu bide berbera,/ Euskal Herritik Kolonbiara,/ eta gerratik bakera».

Zortziko txikian bizi aritu ziren sei bertsolariak, eta barrez eskertu zituzten entzuleek haien ateraldiak. Ostatura haiek bakarrik hurbildu zirela eta, beste lagunez kexaka aritu ziren Colina eta Murua. Inor ez agertzearen arrazoi moduan ezkontza eta haur kontuak aipatuta, ariketako unerik politenetakoa osatu zuen Colinak: «Nik bi txupete baino/ nahio bi txupito./ Bihar ezkonduko naiz, agian betiko,/ ta hurrengo astean/ ez naiz etorriko».

Sei gai, eta sei bertsolari. Bakarkako lanean abiapuntu desberdin batetik jardun zen bertsolari bakoitza. Neurri txikian zorrotz, gorputzak ezetz eta buruak baietz esaten zion kirolari baten ahotik kantatu zuen Barrosok bere bakarkako lana: «Ene barrenak zaizkit garrazten/ momentu onik ez dut marrazten.../ Gorputza hontara eramateak zinez al nau aberasten?/ Zer da bukatzen, zer hasten?/ Kezkak ez ditut ahazten,/ erori naiz berriz azken./ Mugak hautsita, baina berdin du/ hasia bainaiz ikasten:/ galtzera etortzen den horrek ez du/ inoiz ezer irabazten».

Baigorrin hartutako azken errefuxiatua agurtzen jarri zuen gaiak Colina: «Orain euskaraz hitz batzuk daude/ zure aho ta hiztegian./ Aritu gara biok musean,/ aritu mozkorkerian.../ Ta azken eguna,/ heldu da jada/ muxu batekin agurtu gara./ Zu irria aurpegian,/ta nik malko bat begian».

Elkarrekin, umorez

Kartzelako ariketan, hamarreko txikian aritu ziren bertsolariak, hegazkinetik jauzi egin eta paraxuta irekitzea lortzen ez zuten bi lagunen ahotik. Elkarri adarra jotzeko baliatu zuten gaia bertsolariek. Lanak amaituta, esker oneko mezuak izan ziren nagusi azken agurretan.

Azaroaren 12ko finalera bitarte, astez asteko bidean segituko du Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketak. Izturitzen (Nafarroa Beherea) jokatuko da bigarren finalaurrekoa, datorren larunbatean. Amets Arzallus, Maddi Sarasua, Nahia Sasco, Ramuntxo Christy, Maddalen Arzallus eta Eneritz Zabaleta arituko dira kantuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.