Bertsolaritza

Sustrai Colina: "Ederrena berdinketa litzateke"

Ipar Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketa hasiko da gaur, Donibane Garazin. 17:00etan abiatuko da saioa, Vauban zineman.

Ainara Gorostitzu.
2008ko urriaren 18a
15:57
Entzun
Begiak itxi eta Ipar Euskal Herriko finalean kantatzen ikusten du bere burua. «Finaletan ondo sentitzen naiz. Tentsio eta zorabio hori gustatu egiten zaizkit. Ez nuke egunero egingo, baina tarteka bizitzeko, sentsazio atsegina zait». Ez du amesten ondorenarekin: «Saio ona edo txarra egin, berdin-berdin argituko du hurrengo eguna».

Baina, finalean egoteko, bidea egin behar da. Eta gaur hasiko den txapelketa, Ipar Euskal Herriko lehen txapelketa, bidearen segida da. Baina ez helburua. Jende askoren lan eta ilusio handiaren emaitza. Eta horri erantzuteko presioa dute denek, baina batez ere Sustrai Colinak gaur, esperientziagatik. «Gauzak ondo egin behar ditudalako presioa sentitzen dut, baina hamar urte daramatzagu horrekin: hasieran, atera egin behar genuelako; gero, mantendu egin behar genuelako; Txapelketa Nagusirako...». Baina, era berean, lasai dago: «Hemendik ezin da ezer txarrik atera, ez niretzat, ez inorentzat».

Sosegatua dago. «Baina horrek ere kezkatu nau. Gaur [atzo] ikusten dut hobeto nagoela, txapelketa presenteago dudala». Lasai hitz egiten du. Bare dago Urruña. Hilerriaren ondotik paseatu eta egin ditu argazkiak. Hori zuen atzoko asmoa: lanik ez, saiorik ez, kilometrorik ez. «Ni gai naiz finalaurrekoaren bezperan 400 kilometro egiteko, baina, ahal dela, fresko egon nahi dut». Gaurko. Ohi bezala, goiz jaikiko da; ohi bezala, egunkariak begiratuko ditu; ohi bezala, familiarekin eta lagunekin egongo da; eta gero, Garazira.

Baina gaurkoa egun historikoa izango da. Bertsolaritzaren ikuspegitik historikoa izango da, Ipar Euskal Herriko tradizio zaharreko belaunaldiak eta bertso eskoletatik ateratakoak bat egingo dutelako oholtzan, eta indarra hartu, eta sendotu eta bidean aurrera egiteko mugarria ezarriko dutelako. Helburu kolektibo bat da txapelketa, baina ez dago txapela bakarrik jokoan. «Lehen txapelketak arrakasta izatea garrantzitsua izango da jarraipena izan dezan; baina, oker joanda ere, bigarrena etor liteke. Hau luzera begirako apustua da».

Txapelketa ikuspegi soziologikotik ere interesgarria izango da, batez ere finala: «Egun nazionala izango da; batzuk Iparraldeko anaia txikia laguntzera etorriko dira, besteak bertsoak entzutera... etorriko den jende denaren beharra dugu. Herri Urratsen antza izango du, eta hori gustatzen zait. Bertsozalea izan ez den Iparraldeko jendea ere etorriko da. Indar erakustaldi bat ere izan daiteke egoera politikoa dagoen bezala egonda, eta klabea izan liteke 'hemen gaude!' esateko».

Ez galtzea helburu

Helburu kolektibo bat da txapelketa, baina helburu pertsonalak ditu bere baitan. Eta Sustrai Colinak «gauzak ondo egitea» du xede. «Ez dut uste nire bizi proiektuan txapelketak eraginik izango duenik. Egon naiz txapelarekin aurten nagoen baino dezente obsesionatuagoa; oraingoan ez nago batere». Beldur bat badu, baina: gauzak gaizki egiteari dio beldur: «Nik baino hobeto eginda irabazten badit bihar [gaur] Kristiñek [Txoperena], poztuko naiz, baina gaizki egiteak arduratzen nau». Eta poza du, eta ilusioa, eta motibazioa. «Ilusioa bertso eskolan ikasle izan ditudanekin kantatzekoa, eta Mixel [Aire] bezalako jendearekin proiektu bat konpartitzeak motibatzen nau».

Izen guztiak propio, txapelari begira Amets Arzallusena nabarmentzen da Colinaren izenarekin batera. Nahiz eta bera ez egon ados. «Argi dut nire aurretik gera daitekeen jendea badagoela: ikusi besterik ez dago Gipuzkoako txapelketan Gaztelumendik egin zuena. Eta beti gertatzen da hori». Baina faboritoak faborito dira. «Ez Ametsi eta ez niri ez zaigu gustatzen galtzea. Baina nik argi dut: ederrena berdinketa litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.