Gure Artea sariak

Susana Talayero, Nadia Barkate eta Anti liburu denda dira 2023ko Gure Artea saridunak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Talayero; Barkate, berriz, sormen jarduera aitortzeko modalitatean saritu dute; eta Anti liburu denda, ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako San Telmo museoan.

Susana Talayero, Javier Nevado eta Nadia Barkate, gaur goizean, Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko uztailaren 5a
12:20
Entzun

Susana Talayero eta Nadia Barkate artistek eta Anti liburu dendak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak jakinarazi du nor diren aurtengo sarituak, Iñaki Imaz epaimahaiburuaren laguntzaz. Gaur goizean Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian izan dira Talayero, Barkate eta Javier Nevado Anti liburu dendako burua, eta hirurek zinez eskertu dute egindako aitortza. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako San Telmo museoan. Irabazle bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu.

Zupiriak azaldu duenez, hiru helburu dituzte Gure Artea sariek: artearen arloko profesionalei aitortza egitea, batetik; artista horiek gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratzea, bestetik; eta euskal artea munduan zabaltzea, azkenik. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Talayero; sormen jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Barkate; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik Nevado. Imazekin batera, Aimar Arriolak, Nora Aurrekoetxeak, Rakel Esparzak eta Miren Vadillok osatu dute aurtengo epaimahaia.

Hiru sari, hiru errealitate

Artearen munduan 30 bat urteko ibilbidea du egina Talayerok, eta, Imazen arabera, «dedikazioaren eta iraunkortasunaren sinonimoa» da artista. Sortzaile bilbotarrak Erroman egin zituen hasierako urteak, eta haren lan egiteko modua nabarmendu du epaimahaiburuak: «Aurkitutako euskarriekin eta materialekin egindako lana da, ez aurrez pentsatutako edo programatutako gai gisa, baizik eta inguruan duen horretara irekita egotearen ondorio gisa». Era berean, artistaren sorkuntza lana bakarkako lanetik harago doala gaineratu du: «Euskal artearen testuinguruari sekulako ekarpena egin dio lankidetzaren eta esperientzia kolektiboen bitartez».

Barkatek, berriz, duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbide artistikoari. Marrazkia lantzen du batez ere. «Esan daiteke bere lan guztia marrazki bakarra dela. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez». Bereziki, Bilboko Rekalde aretoan eta Carreras Mugica galerian egindako erakusketak nabarmendu ditu epaimahaiak.

Azkenik, duela 20 urte zabaldu zuten Anti liburu denda, Bilboko San Frantzisko auzoan. «Letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusizko artearen topaleku funtsezkoa bihurtu da», esan du Imazek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.