Surrealismoaren papera

Bere bildumaren parte diren 50 bat artelan surrealista jarri ditu ikusgai BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian. Joan Miroren, Salvador Daliren eta Yves Tanguyren lanak daude tartean. Gehienak paperean egindakoak dira.

Emakume bat, Bilboko San Nikolas jauregian, 'Surrealismoak' erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Emakume bat, Bilboko San Nikolas jauregian, 'Surrealismoak' erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko uztailaren 10a
16:07
Entzun

«Munduko lehen poetak baieztatu zuen: ‘zerua urdina da’. Geroago, beste batek aurkikuntza egin zuen: ‘Zure begiak zerua bezain urdinak dira’. Denbora luzera, arriskatu ziren esatera: ‘Zerua duzu begietan’. Egile modernoak idatziko luke: ‘Zeruzko zure begiak!’. Elkarrengandik urrun diren elementuak elkarrengana erarik zuzen eta azkarrenean gerturatzen dituztenak dira irudirik ederrenak». Halako adibideekin aurkeztu zuten Lehen Manifestu Surrealista 1924an, eta arrazoiari izkin egiteko eta subkontzientea esploratzeko egin zuen proposamenak iraultza eragin zuen sorkuntzan. «Beraz, irudia bilakatu da poesia modernoaren ezaugarririk preziatuena. XX. mendearen hasierara arte, belarriak erabakitzen zuen poema baten kalitatea zenbatekoa zen: erritmoak, sonoritateak, kadentziak, aliterazioak, errimak. Dena belarriz. Duela hogei urtetik hona, begiak mendeku hartu du. Zinemaren mendea da. Zeinu bisualen bidez komunikatzen gara». Eta, hain zuzen ere, manifestuaren mendeurrena baliatu du BBVA bankuak aitzakia moduan, bere bilduman dituen 50 lan inguru batzeko, denak ere lehen lerroko  artista surrealistenak.

Valentziako Arte Ederren Museoarekin antolatu zuen erakusketa lehenik, eta erakundeak Bilboko San Nikolas plazan duen jauregian jarri dute ikusgai orain. Surrealismoak. BBVA bildumako obra grafikoa deitu dute, eta, Joan Miro, Salvador Dali, Yves Tanguy, Joan Ponç, Maruja Mallo, Oscar Dominguez eta Benjamin Palenciaren lanak topatuko ditu bisitariak hartan. Irailaren 22ra arte egongo da irekita, eta doakoa izango da sarrera.

Erakusketaren izenburuak iragartzen duen bezala, paper gaineko lanak dira gehientsuenak. Eta, hain zuzen ere, Joan Miro artistak 1973an sortutako Mallorca seriea deitutakoak hartzen ditu lehen bi aretoak. Artistak Herrialde Katalanetan sortutako 37 lan grafikok osatzen dute bilduma, eta, artelan sortari izenburua ematen dion orri solteaz gainera, lauko bederatzi multzotan antolatuta ikusiko ditu bisitariak gainerako 36 lanak.

Salvador Daliren artelanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Salvador Daliren artelanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta, hain zuzen ere, grabatuak egiteko prozesua zehatz erakusten du laukote horietako bakoitzak. Motibo berarekin, lau pieza sortu zituen artistak. Beltzean eginda dago bat beti, beltzaz bestelako koloreak ere gehituta dauzka beste batek, koloreak bakarrik dauzka beste paper batek aldiro, eta irudiaren negatiboa erakusten du laugarren piezak beti. Zezenak, aurpegiak zein txori modukoak ikusi daitezke bertan, guztiak Miroren trazu identifikagarri eta sigi-sagatsuarekin.

Tanguyren paisaia

Bi olio ere badira erakusketan, eta haietako batek balio «kalkulaezina» duela nabarmendu du Pablo Gonzalez Tornel Valentziako Arte Ederren Museoko zuzendariak. Yves Tanguy artistak 1939an margotutako Itzalaren argia da lan hori. Lehen-lehen mailako margolana da, Gonzalez Tornelek nabarmendu duenez: «Parisko Pompidou zentroko aretoko artelan nagusia izan liteke».

Infinituraino hedatzen den paisaia mortu itxurako batean erabat identifikatu ezin diren hainbat elementu ikus daitezke koadroan, baina teknika erabat errealistaz margotuta daude figura guztiz oniriko horiek, eta horrek egiten du artistaren estiloa bereizgarri.

Joan Ponçek 1948an margotutako deabru itxurako figurak ere ikusi daitezke areto berean, bai eta Benjamin Palenciaren natura hil bat eta Oscar Dominguezek 1952an sortutako lerro horizontalen jolasak ere, hegazti itxura hartzen dutenak. Eta gune horretan berean topatu daiteke erakusketako emakumezko artista bakarraren lana ere.

Maruja Mallo artista galiziarra 1902an jaio zen, Lugon, eta, 1936ko gerraren ostean hainbat urtez deserrian bizi eta gero —besteak beste, Argentinan— 1995ean hil zen, Madrilen. Eta haren margolan bat eta hiru argazki ikusi daitezke erakusketan. Argi ikusten da koadernoaren uztaien marka, adibidez, 1950ean margotutako Atletak eta ezpainak obraren ertzetako batean. Kirola egiten ari diren giza irudi bolumetriko batzuekin batera, hiru ezpainen marrazkiak ere ikusiko ditu bisitariak. Eta artistaren hiru argazki ere jarri dituzte ikusgai lan horrekin batera. Hondartza batean, burutik behera alga mordo bat jarrita ikus daiteke Mallo hiruretan, eta Pablo Neruda ere agertzen da irudian haietako bitan, Malloren laguna izan baitzen.

Daliren obsesioak

Salvador Dalik hartzen du erakusketako azken aretoa. Zehazki, Kosmosaren konkista izeneko grabatu seriea ikus daiteke erakusketan, eta lehen kolpean identifikatu ahalko ditu bisitariak artistaren gainerako artelanetan ere maiz agertzen diren irudiak: hanka luze hauskorreko jirafak, erloju bigunak, inurriak, sexuari buruzko erreferentziak, odola, forma galduz doazen luzapenei eusten dieten makuluak, eta infinitura luzatzen diren paisaiak tartean. Formatu handiko hamabi estanpa dira, guztira, 1974an sortutakoak.

Erakusketak 70.000 bisitari hartu ditu Valentzian egindako bi hilabeteko egonaldian, eta Gonzalez Tornelek espero du bildumak «beste hainbesteko arrakasta» izatea Bilbon.

 

6.000

Artelanak. 

Maria Luisa Barrio BBVAko Ondare Artistiko-Historikoaren arduradunak azaldu duenez, 6.000 artelan baino gehiago biltzen ditu guztira erakundearen arte bildumak. Gogoratu duenez, 1857an hasi zuen ibilbidea bankuak, eta, beraz, 167 urteko historia horren berri ere biltzen dute haren funtsek. Bulego handiak edertzeko egin ziren lehen erosketak, zehaztu duenez, eta XX. mendean hasi ziren bildumagile ikuspegia kontuan hartzen. 1970eko hamarkadan bankuen sektorea liberalizatu egin zela ere aipatu du Barriok, eta, horren ondorioz, ugaritu egin zirela herriz herriko bulegoak ere. Horregatik, sasoi hartan ohikoa zen bankuek artista garaikideei karpetak eskatzea, egoitza horiek apaintzen laguntzeko. 1980ko hamarkadan, ordea, espezifikoagoa bilakatu zen erosketen programa. Barriok gogoratu duenez, Arco sortu zenean abiatu zuten, esaterako, artelanak erosteko batzorde propioa; BBVAren bilduma «bildumen bilduma bat» dela gehitu du. «150 bankuren batasuna da hau. Banku bakoitzak bere irizpide propioa izaten zuen erosketak egiteko orduan. Horregatik, bilduma oso heterogeneoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.