Denbora kontua zen. Azkenean, superheroien dream team-a pantailaratzeko ordua ailegatu dela erabaki du Marvel etxeak. Azken hamarkadan, superheroien generoak izugarrizko loraldia izan du, eta film mota horiek eman diote Hollywoodi poz bakanetakoak. Klase guztietako superheroiak erreskatatu dituzte komikietako orrialde maiztuetatik, eta banan-banako desfilearen ostean, denak talde berean elkartzeko momentua da.
Marvelekoek ez dute burua askorik estutu behar izan, egina baitzuten neurriko jantzia bere produktu berrirako. 1963. urtean, lehen aldiz, argitara eman zuten The Avengers izeneko komiki sorta, berehala izugarrizko arrakasta izan zuena AEBetan. Stan Lee eta Jack Kirby izan ziren sailaren sortzaileak.
Azken urteotako dinamikari erreparatuta, pantaila handira eramateko urratsa logikoa zirudien. Marvelen iturri ofizialen arabera, ideia lehen Iron Man filmatzen ari zirenean hasi zen mamitzen, baina ia bost urte behar izan dute ideia hori pelikula bihurtzeko.
Denbora ez dute alferrik galdu, bitarte hori pertsonaia nagusietako batzuk banan-banan aurkezteko baliatu dute. Horietatik pantailaratzerik onena ezagutu duena Iron Man bera izan da. Jon Favreauk 2008an zuzendu zuen sailaren lehena, Robert Downey Jr. eta Gwyneth Paltrowekin. Film ona eta komertzialki arrakastatsua lortu zuen Favreauk; horren ondorioz, logikoa zirudien bigarrena egitea. Hura 2010ean ailegatu zen, eta aurrekoaren maila eman ez bazuen ere, errentagarria izan zen oso. Kateak ez du etenik, hurrengo urterako dago iragarria hirugarrena.
Thorek eta Amerika Kapitainak ere pelikula bana izan dute The Avengers baino lehen. Biak iaz estreinatu ziren. Askoren harridurarako Kenneth Branaghek filmatu zuen Thor, pertsonaiaren alde mitologikoan sakonduz. Joe Johnstonek, berriz, Captain America: The First Avenger egin zuen, AEBetatik kanpo oso oharkabean pasatu zen filma. Horiez gain, 2000tik hona bi pelikula propio izan ditu Hulk harrigarriak.
Mundua salbatu
Lau pertsonaia horiek —Iron Man, Thor, Hulk eta Captain America— The Avengers-eko taldean daude. Baina beste bi falta ziren talde osatzeko, Hawkeye eta Alargun Beltza. Horiek guztiak dira The Avengers-eko seikote titularra, haien eskutan dago mundua salbatzea.
Horretarako, Nick Furyk taldea elkarrekin lan egiten hastea lortu beharko du. Fury S.H.I.E.L.D. izeneko erakundearen burua da, ustez munduan bakea lortzeko lan egiten duen erakunde misteriotsua. Izan ere, Loki boteretsuak ahalmen ia mugagabea eta guztiz arriskutsua lortu du Kubo Kosmikoa eskuratu duenean. Mundu osoa arriskutan da, eta soil-soilik superheroien aliantza batek aurre egiten ahal dio hondamendiari.
Pertsonaia horien atzean oso aktore ezagunak daude, eta horiek guztiak elkarrekin ikustea da filmak duen amu nagusietakoa: Robert Downey Jr., Mark Ruffalo, Scarlett Johansson, Jeremy Renner eta Samuel L. Jackson dira The Avengers-en parte hartzen duten aktore ezagunetako batzuk.
Zuzendari lanetan, berriz, zinema arloan nahiko ezezaguna den zuzendari bat, Josh Whedon. Orain arte pantaila handirako egin dituen filmek ez dute apenas oihartzunik izan. Batez ere, telebistarako egin dituen lanengatik da ezaguna Whedon; besteak beste, Buffy, Firefly eta Dollhouse telesail ezagunen sortzailea izan baita.
'THE AVENGERS'
Zuzendaria: Joss Whedon.
Aktoreak: Robert Downey Jr., Chris Evans, Mark Ruffalo, Chris Hemsworth, Scarlett Johansson, Jeremy Renner, Tom Hiddleston, Samuel L. Jackson.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 135 minutu.
Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Superheroien 'dream team'-a
Aurretik film propioa izan duten izen ezagun batzuk elkartu dira 'The Avengers' ekoizpen erraldoian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu