Xabiroi komiki aldizkariak elkartutakoak ez dira aise urrunduko. Horrela hasi ziren lanean 2006an Iban Zaldua idazlea (Donostia, 1966) eta Julen Ribas ilustratzailea (Arrasate, Gipuzkoa, 1981). Lehenik, aldizkarirako istorio labur bat sortu zuten; ondoren, 2021ean superheroien istorioak kontatzen hasi ziren, atalka. Eta orain, atal horiek guztiak biltzeko ordua heldu da: horren emaitza da Botere handi batek komikia, Ikastolen Elkartearen eskutik argitaratua.
«Zer gertatuko litzateke Euskal Herriko gatazketan supergizakiak egongo balira?», galdetu bezala erantzun du Zalduak Donostian egin duten aurkezpenean: «Euskal Herriaren historia alternatibo bat, eta, ondorioz, literarioa». Galdera hori izan dute abiapuntutzat bikote sortzaileak. 1975. urtean abiatu dute istorioa: Franco hiltzen den urtean. Espainiako armadak laborategi sekretu bat du Bardean (Nafarroa), eta bertan, superboteredun gizakiak lortu nahi dituzte. Horretarako, esperimentuak egiten dabiltza, eta Franco hil osteko nahas-mahas politiko eta sozial horretan, laborategitik ihes egiten dute supergizaki horietako batzuek, eta, denborarekin, euskal gatazkaren protagonistak bihurtuko dira.
«70eko hamarkadaren erdialdetik 90eko amaierarako bitartean kokatzen da kontakizuna, eta ez dio euskal gatazkaren konponketari ekarpenik egin nahi»
IBAN ZALDUAIdazlea
Zalduaren arabera, ez da historia edo kronika liburu bat: «70eko hamarkadaren erdialdetik 90eko amaierarako bitartean kokatzen da kontakizuna, eta ez dio euskal gatazkaren konponketari ekarpenik egin nahi». Egileen helburu nagusietako bat abenturazko komikiaren ezaugarriak baliatuta euskal gizartera «egokitzea» izan da. «Zeren eta, azken finean, zertaz mintzo dira superheroien komikiak?», galdetu du idazleak. «Bada, ari dira posibilitateez, historia kontatzeko bide ezberdinez, aukerez, erantzukizunez, biktimez, albo kalteez eta biolentziaz, besteak beste». Horrenbestez, Zalduarentzat «naturala» izan da komikiaren ezaugarriak euskal gatazkarekin gurutzatzea.
Komiki «dramatikoa»
Zalduaren ustez, euskaraz gutxi jorratu dira superheroien komiki kanonikoak. «Badira umorearen ikuspegitik sortu diren superheroien komikiak, baina nik zerbait serioa egin nahi nuen». Dena den, argitu du horrek ez duela esan nahi argitaratu duten lanak umorerik ez duenik. Haren hitzetan, baditu ironia ukitu batzuk, baina izatez, lan dramatiko bat da. Horiek horrela, superheroien komiki klasikoen multzoan kokatu du idazleak Botere handi batek obra.
Era berean, idazlearen arabera, ez da egia historikoa bilatzen duen komiki bat. «Helburu hori duten liburuek arau zientifiko batzuei egin beharko liekete men, eta, bistan denez, hori ez da gure nahia». Halere, Zaldua ez da kexatuko irakurleari hausnarketarako grina pizten bazaio. Argi azaldu du: «Niretzat lehentasuna istorioak du, eta ez historiak».
Egiturari dagokionez, Ribasek adierazi du ez diotela komikien «zurruntasunari» jarraitzen: «Gure lanean hamabi binetako orrialdeak daude, eta ez ohiko laurak. Baina nik uste dut horrek testuari laguntzen diola». Horrez gain, adierazi du orrialde horietan informazio geruza asko aurki daitezkeela, eta horrek azken emaitza «ahaltsua» egiten duela. Gainera, komikian zehar, marrazkiez gain, badira fitxa didaktiko-historikoak, non gatazkaren nondik norakoak argitzen diren.
«Konfort eremua», bai eta ez
Zalduak odolean darama komikizaletasuna, eta horixe bera transmititu nahi die alabei. Areago, eta beste arrazoien artean, horrek bultzatuta hasi zen lan honen idazketan: «Nire alabei betidanik irakurri izan dizkiet komikiak. Etxean genituenak gazteleraz eta ingelesez zirenez, unean bertan euskaratzen nituen, eta, horri esker, itzulpengintzarako sekulako iaiotasuna eskuratu dut». Hori gutxi ez, eta gaineratu du kontakizun horien eduki sexistaz ohartuta hori ekiditen saiatzen zela.
Ribasen kasuan, berriz, lana gustura egin duen arren, «konfort eremutik at» ibili dela aitortu du, ez baitzuen Zalduak duen bezainbesteko jakintza komikigintzan. 70eko hamarkadako komikietara jo zuen ilustratzaileak iturri bila, hainbat egileren lanak ikertu eta bere sorkuntza elikatzeko. «Marrazkilari batentzat hori oso lan polita da; bestela, beti gauza berdinak marrazten egongo nintzateke. Egindako lan honi esker, mundu berrietara joateko aukera izan dut, baita marrazkilari gisa trebatzeko ere».
«Egindako lan honi esker, mundu berrietara joateko aukera izan dut, baita marrazkilari gisa trebatzeko ere»
JULEN RIBASIlustratzailea
Batera heldu dira idazlearen galdera eta erantzuna. «Baina, zer da, gazteentzako ala nagusientzako komiki bat? Erantzuna da, ba horixe: komiki bat», esan du Zalduak. Gehitu duenez, «14 urteko atso eta agureek» zein «80 urteko neska-mutilek» irakur dezaketena. Bestalde, bi sortzaileak oso eskertuta azaldu dira Xabiroi komiki aldizkariarekin, eta Dani Fano komikigile eta aldizkariko buruaren lana goraipatu dute. Aukera «bikainak» emateaz gain, lan duinetan lan egiteko bermea ahalbidetzen du, Ribasek azpimarratu duenez.