Suntsitutakoa birsortzeaz

Mugak Arkitektura Bienalak 'Aldaketa bizi' erakusketa zabaldu du Donostian. Munduko hainbat arkitektoren hamar lan bildu dituzte bertan; tartean, Wang Shu eta Lu Wenyurenak

Amid.cero9 estudioaren Gran Vía Toxic lana. G. RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Berreraiki, berpiztu, berrasmatu. Horixe du lelo Mugak Euskadiko Arkitektura Bienalaren laugarren aldiak. Atzo hasi zen, Donostian. Bertan jarri dute, hain justu, aurtengo erakusketa nagusia, Donostiako Arkitektura Institutuan. Aldaketa bizi izendatu dute bilduma, eta arkitekturaren eta artearen munduko hainbat sortzaileren hamar lan bildu dituzte bertan. 2024ko otsailaren 25era arte egongo dira ikusgai lanok.

2012an Pritzker saria irabazitako Wang Shu eta haren emazte Lu Wenyu arkitektoen eta Txinako Amateur Architecture Studio gunearen sortzaileen lanak dira erakusketako protagonista nagusiak. Nolanahi ere, beste arkitekto batzuen proiektuak ere biltzen ditu: Isaac Cordalen Follow The Leaders; Amid.cero9 estudioaren Gran Vía Toxic eta Worlding; Acha Zaballaren Loft Study House; Takk taldearen Biharamuneko etxea; Marina Oteroren, Katia Truijenen, Rene Boerren eta Maria Mazzantiren Jabetzaren arkitektura; Jose Maria Torresen Arkitektura bizkarrean eramateko motxilak eta Arkitektura... New Yorkeko delirioa gorabehera; eta Beatriz Colomina, Ignacio G. Galan, Evangelos Kotsioris eta Anna Maria Meisterren Radical Pedagogies.

Hiru aretotan banatu dute erakusketa. Hain zuzen ere, areto bana eskaini diote aurtengo leloaren kontzeptu bakoitzari—Berreraiki, berpiztu, berrasmatu—.

Ningboko (Txina) Museo Historikoaren irudiak eta eraikinaren material originalak ageri dira, besteak beste, aurreneko aretoan. Berreraikitze prozesuari egiten dio erreferentzia. Shuk eta Wenyuk 2008an material birziklatuekin egindako lana da. Egileek azaldu dutenez, «Txinako hirien suntsipen azkarra eta hazkunde geldiezina ikusirik, tradizioa zaintzeko aldarria» egiten du obrak. Hala, Txinako Zhejiang probintziako eraikinen eraispenean sortutako hondakinekin, Ninboko Museo Historikoaren fatxada irudikatu dute lanean.

Isaac Cordalen Follow The Leaders obra du alboan Shu eta Wenyurenak. Eraikin suntsituak ageri dira bertan. Hala azaldu du Maria Arana komisarioak: « Suntsiketaren inpaktua du oinarrian lanak. Kapitalismoaren erorketaren eta aurrerapenaren nahi gabeko ondorioen metafora bat da». Eskuetan maleta bat dutengizon gorbatadunen figurak jarri ditu egileak eraikin suntsitu horien inguruan.

Bigarren aretoan kokatu dituzten piezek, berriz, eraikinen «berpizte» bat irudikatzen dute. Arana: «Etxeko arkitekturari egiten diote erreferentzia. Izan ere, uste dugu arkitekturak bizitza babesteko eta eraikitzeko balio duela. Funtsean, leku xumeagoetan bizi ote daitekeen hausnartzera bultzatuko du areto honek ikuslea». Areto horretan dago Acha Zaballa euskal estudioaren Loft Study House lana. Hutsik dauden merkataritza lokalak etxebizitza sozial bihurtzea planteatzen du. Takk taldeak, berriz, 110 metro koadroko etxebizitza eraberritu baten proiektua prestatu du erakusketarako. Komisarioaren hitzetan,«ahalik eta energia kontsumo txikiena lortzea» du lanak helburu. Horretarako, 60 metro koadroko etxe bat irudikatu du, «isolatutako gela komunal bat», inguruan terraza bat duela.

Shu eta Wenyu arkitektoek, aldiz, Txinako bost etxebizitza tradizionalen maketak eraman dituzte bigarren areto horretara. «Proiektu honek proposatzen du etxe tradizionalaren eredua hartzea eta hiriaren erdigunerako etxebizitza modernoen sail batera eramatea», azaldu du Shuk berak.

Eraikuntzen «berrasmatzea»

Diziplina arkitektonikoaren funtzio pedagogikoaren gainean hausnartzea du helburu hirugarren aretoak. Hala egin du Aranak areto horren argazkia: «Gogoeta gune honek diziplina poliedriko bat birpentsatzera eraman nahi du ikuslea, beste mundu posible batzuk imajinatzera gonbidatuko du».

Txinako Arteen Akademiako ikasleek eskuz egindako proiektuak biltzen ditu azken areto horrek; komisarioaren arabera, «eraiki daitezkeen gauzak sortu ahal izateko, eskuekin diseinatu behar direlako aurrez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.