Suntsipenetik sinfoniara

Francisco Escuderoren 'Gernika' operako zatiak interpretatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Gasteizen eta Iruñean izan dira jada; gaur, Bilbon joko dute, eta ostegun eta ostiralean, Donostian

Francisco Escudero konpositorearen Gernika operan oinarritutako Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuaren aurkezpena, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Grafia berriak bilatu behar izan ditut, eta perkusio tresna berriak asmatu, badakizu zenbat kostatu zaidan hau?». Alkimiarik zailena izan zuen helburu Gernika opera sortzerakoan Francisco Escudero konpositoreak (Zarautz, Gipuzkoa, 1912-Donostia, 2002): sinfonia bilakatu nahi izan zuen suntsipena, eta horregatik nabarmendu zituen neke eta zailtasunak, obra bukatu berri-berritan Jose Agustin Zubikarai kazetariari eskainitako elkarrizketan. Bilboko Koral Elkarteak egin zion enkargua, eta 1987ko apirilaren 25ean estreinatu zuten lehenengoz, bonbardaketaren50. urteurrenaren aurreko egunean, alegia. Eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak berreskuratu egin nahi izan du berriz ere orain Escuderoren lana, hain zuzen ere, Kondor Legioaren erasotik 80 urte bete direnean. «Herriak bizi zuen egoera kulturalaren berri ere ematen du obrak», azaldu du Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari orokorrak. Astelehenean eskaini zuten kontzertua Gasteizen; atzo, Iruñean izan ziren; gaur, Bilbon izango dira, eta ostegun eta ostiralean Donostian joko dute.

Berez, Escuderok ez zuen Gernikako bonbardaketari buruzko lan bat egiteko asmorik. Herriaren izen bera duen eta herriaren alegoria bat irudikatzen duen emakume bat da obrako protagonista nagusia, eta iragan urrun eta mitiko batean dago trama kokatuta. Baina, halere, ezinbestekoa egin zitzaion bonbardaketaren oihartzuna konpositoreari, eta pasarte hori sortzean etorri ziren, bereziki, Zubikarai kazetariari kontatutako nekeak. Gaia ez zitzaion batere arrotza: Eusko Gudarostearekin aritu zen gerran lehenik, eta EAJren Aralar batailoian ere aritu zen gero. Urteak eman zituen Frantzian errefuxiaturik ondoren; naziak indarra hartzen ari zirela ikustean, sorterrira bidean jarri, eta hamabost hilabete eman zituen kontzentrazio esparru frankista batean 1940an.

Aski ezagun zuen sinfonian txertatutako mina konpositoreak. Eta garrantzitsua da xehetasun hori, Jose Ramon Escudero semearen ustez. «Ez zuen fikzioko sufrimendurik asmatu behar izan; bizi egin zuen hori». Konpositorearen seme izateaz gainera, musikaren historiaren eta estetikaren irakasle ere bada Jose Ramon Escudero, eta bere aitaren lanaren kalitatea ere nabarmendu du horregatik. «Herri hau irudikatzen du lan honek».

Emanaldi bereziak

Aurrez Zigor opera sortu zuen Escuderok, eta gisa horretako bigarren lana izan zuen Gernika. Baina, oraingoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ez du lan osoa eskainiko. Esanguratsuenak iruditu zaizkion zatiak hautatu ditu Jose Ramon Encinar zuzendariak, baina kontakizuna errespetatzen saiatu da, betiere. «Aukeraketak koherentzia narratiboa du, modu autonomoan zentzua izan dezan, eta baita maila dramatikoan ere».

Encinar arituko da emanaldi guztietan zuzendari lanetan, eta orkestrako musikariekin batera Bilboko Koral Elkarteko abeslariak eta bost kantari izango ditu ondoan: Carmen Solis sopranoa, Federico Gallar baritonoa, Gustavo Peña tenorra, eta Fernando Latorre eta Miguel Angel Arias baxuak. Haiek jokatuko dituzte Escuderoren operako pertsonaia nagusien rolak.

Gernika-ren eszenak eskaini aurretik, Stravinskik sortutako Suzko txoria pieza interpretatuko du orkestrak.

Denboraldi arruntaren barruan antolatu dute kontzertua berez, baina bereziak dira emanaldiak, halere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa izan du egitasmoak, esaterako, eta garrantzi berezia eman nahi izan diote horregatik kontzertuaren aurkezpenari Orkestrako eta Bilboko Koral Elkarteko ordezkariek ere. Bilbon egindako prentsaurrekoa da horren froga, han izan baitira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua, eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua. «Mahai honek irudikatzen du EOS zertarako sortu zen», laburbildu du orkestrako zuzendari orokorrak.

Erakundeen lankidetza nabarmendu du Zupiriak, eta halako proiektuek memoria historikoa sustatzeko duten garrantzia azpimarratu dute bi kultura diputatuek, Bilbaok eta Itxasok. «Gure historiaren benetako transmisioa da bermatu nahi duguna», azaldu du Bizkaiko Kultura diputatuak. Eta ildo beretik jo du Gipuzkoakoak ere: «Herri honen alde mintzo da Bilboko Koral Elkarteak Escuderori opera hau egiteko enkargua egin izana. Herri honen alde mintzo da lan hura taulara eramatea lortu izana. Eta herri honen alde mintzo da erakundeak eskutik lan egitea obra hori berriz ere entzun ahal izan dezagun, gogoratu, eta gaur egun ere oraindik munduan gertatzen denaz gogoeta egiteko».

Euskal konpositoreen lana goratu du EOS orkestrako zuzendari orokorrak. Roch: «Aspalditik datorren konpositore talde garrantzitsu bat daukagu Euskadin, eta Escudero da horren frogarik argienetariko bat. Kontzertu hau egitea gure betebeharra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.