marilyn manson
'One Assassination Under God - Chapter 1'
Diskoetxea: Nuclear Blast.
Arazo pertsonalak, epaiketak, drogak, erdipurdiko kontzertuak eta diskoak... Badirudi Brian Warner edo Mr. Manson putzutik irteten hasi dela azken hogeita bost urteetan atera duen diskorik onenetako batekin. Lurperatuta ikusi nahi zutenek jai daukate, bada, grabatu duen lana entzutera ausartzen badira. Garai zaharretako boterea eta atmosfera beldurgarriak errekuperatu ditu, aspaldian egiten ez zuen moduan. One Assassination Under God kantua geldoa da, baina behar bezain bizarroa eta iluna. No Funeral without Applause ere ez da abiadura aldetik azkarrena, baina jenioa dauka eta atmosferen bortxaketek erabat erakargarria egiten dute.
Nod if You Understand garai zaharretako biolentziaren adierazgarria dugu: destroyerra, intentzio txarrekoa, Antichrist Superstar diskoko piezarik basatienak gogora ekarri dizkigu. Kontzertuetarako gasolina hutsa. As Sick as the Secrets within kantua, dentsoa den arren mamitsua da eta melodia berezi baten jabe da, beldurrezko film baterako aproposa bada ere. Sacrilegious-ek eta haren glam rock erritmoak Mechanical Animals diskoa ekartzen dute gogora: jostagarria, dantzagarria, txalogarria (txaloekin erritmoari jarraitzeko gonbita den heinean). Manson berriz ere bere garai onenak gogora ekartzen!
Death Is Not a Costume kantuak azken Turbonegroren aire bat dauka, hau da, Rock’N’Roll Machine diskoko Turbonegro aztoragarriena, baita Judas Priesten Turbo diskoko soinuaren zertzelada batzuk ere. Kantuen sekuentzia bikaina izaten ari da, eta entzulea oraindik headbanging-a egiten hasi ez bada, Meet Me in a Purgatory-rekin egingo du, ziur. Zikina, itzela, errepika eder baten jabea... Horrek ere Rob Halforden Turbo diskoko ahotsaren ukitu bat daukan arren, guztiz pertsonala da, edo hobeto esanda: % 100 Marilyn Manson da.
Diskoa amaitzen ari da, baina bortxakeriarekin jarraitzeko asmoa dauka Mansonek: Raise the Red Flag erasokorra da oso, jarraitzaile berriak sortzeko modukoa. Riff kutsakorra dauka, berriz ere baxu distortsionatua... erabateko kantua da, nolabait nu metalaren garaiak ere biziarazten dituena, nahiz eta unibertso propioa duten giro kitzikagarriek bere lekua ezin hobeto egiten duten. Eta amaitzeko, diskoko luzeena: sei minututik gorako Sacrifice of the Mass, zenbaitentzat grabazioko onena eta desberdinena. Outro asaldatzailea, ikara sortzen duena, bere dramatismoak beldurrezko film bat gogora ekar diezaguke. Melodia polit horrek pieza bakarra egiten du, eta edozein kontzertu agurtzeko perfektua eta era berean beldurgarria da. Lilura sortzeko intentzio horretan sakonduta, bukaera partean datorren gitarra solo/punteoak azken zati melodramatikoari egiten dio lekua;epilogo gozagarria.
Mansonen zale zenbaitek, urte askoan ia bizkarra eman diogun arren, fedea berreskuratu dugu lan harrigarri honekin, eta hori gutxi balitz bezala, badirudi kontzertuetan garai bateko indarra berreskuratzen hasia dela. Momentuz, Europako birako sarrera guztiak saldu ditu. Hamaika ikusteko jaioak gara.