Durangoko 58. Azoka

Suntsiketaren erdian ere, edertasun bila

Meridiano Moreak sareko kideek nazioarteko topaketa egin dute Durangon. Gatazkez eta zaintzaz mintzatu dira elkarrekin, baita emakume zinemagileen lanaz ere. Aurrera begira, saretzen segitzeko asmoa agertu dute.

DURANGOKO 58. AZOKA
Mira Sidawi zinemagile palestinarra pantailan, emakume zinemagileen nazioarteko topaketetan, Durangon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Durango
2023ko abenduaren 8a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun osoa elkarrekin eman dute, sareari korapilo berriak josten, beste batzuk askatzen, eta are gehiago hedatzen. Zinemaren munduan lanean ari diren hainbat herrialdetako emakumeak Meridiano Moreak proiektuan batu ziren 2021ean, eta orain hiru urte sortu zuten sarea Durangoko Azokaraino iritsi da aurten. Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak lelopean, nazioarteko topaketa egin dute, eta gatazkez, gerraz, zaintzaz eta beren lanaz mintzatu dira.

Orsola Casagrande kazetari, idazle eta gidoilaria bilkuraren prestaketa lanetan aritu da. Azaldu duenez, Europako Kontseiluaren Euroimages programaren saria irabazi ondotik jarri zuten martxan Meridiano Moreak proiektua. «Ideia zen lurralde desberdinetan zinemaren munduan lanean ari diren emakumeak konektatzea; zinemagileak, idazleak, kazetariak...». Lehen urtean, Katalunia, Turkia, Kurdistan eta Italiako hemezortzi zinemagile bildu ziren, eta, pandemia tarteko, online egin zituzten topaketak; Veneziako eta Turingo zinemaldietan ere ekitaldi bana egin zuten.

Iaz, berriz, Greziako kide bat batu zen taldera, eta Kataluniara lekualdatu zuten topagunea. «Han hiru eguneko egonaldi bat egin ahal izan genuen, eta lehen aldiz egon ginen elkarrekin. Aurten, berriz, erabaki genuen proiektua euskal zinemagileei zabaltzea, baita Bruselan bizi diren beste herrialde batzuetako zinemagileei ere, zeinak errefuxiatuak, gatazketatik ihes egindakoak, paperik gabekoak... biltzen dituen kolektibo bat osatu duten». Durangoko bilkuran, beraz, euskal ordezkariak ere izan dira, tartean, Ainhoa Olaso zinemagilea, Itziar Ituño aktorea eta Kristina Berasain kazetaria. Luciana De Mello, Belfasten bizi den idazle, kazetari eta gidoigile argentinarra ere aurten batu da taldera.

Azokaren bueltan elkartzea ez da ausazkoa izan. Izan ere, Durango eta Kurdistango Kobane hiria senidetuta daude, eta, horri lotuta, Suargi elkartea hainbat proiektu lantzen ari da urteotan, eta Rojavako ordezkaritza bat ere izan zen azokan orain bi urte. «Zinemagile askok antzeko arazoak bizi izan dituzte, hizkuntzen inguruko gatazkei dagokienean, esaterako, eta ideia izanik sinergiak sortzea, hiru urteko zikloa hemen ixtea polita izango zela pentsatu genuen», azaldu du Casagrandek. «Eta noski, Palestinan gertatzen ari den guztiarekin, ezin genuen besterik gabe bezala lanean segitu, eta hala, Libanon bizi den zinemagile palestinar bat ere gonbidatu genuen: Mira Sidawi. Berak ireki du goizeko saioa, oso modu gogor eta hunkigarrian». Haren film bat eta Mary Jirmanus Saba zinemagile libanoarraren beste lan bat ikusi dituzte parte hartzaileek goizez.

Sidawiren testigantza

Sidawik pantailaren beste aldetik eman die bere testigantza topaketan bildutako kideei, online. «Bere bizipenak kontatu ditu, oso gogorrak; gaur egungo egoera azaldu du, baina baita iraganekoa ere, nola bere aitak oinutsik ihes egin behar izan zuen... Eta gero, hitz egiten aritu gara prentsaren bidez iristen zaizkigun munduko gatazketako gerra irudiez, irudi horiekin egin beharko genukeenaz, eta, emakume zinemagile bezala, horietara hurbiltzeko moduez», azaldu du Luciana De Mellok. Galdera horiek beste eztabaidagai batzuetarako bideak ireki dizkiete, eta De Mellok garrantzitsutzat jo du auzi horien inguruan mintzatzea. «Feminismoek eta emakumeen mugimenduek gai hauek agendan jartzen hasi behar dute, batez ere gaurko munduan, ze gaur Palestina da eta bihar ere zoritxarrez izango da, baina gerran dagoen mundu batean gaude, non gutxiengoen gatazkak areagotzen joango diren».

«Suntsiketaren erdian arteak duen lekuaz hitz egin dugu batez ere; nola, tarteka, gorputzetik sentitzen dugun ea zein den film bat egitearen zentzua telebistan egunero erakusten diguten genozidio bat egiten ari diren bitartean».

LUCIANA DE MELLO Idazlea, kazetaria eta gidoilaria

Harentzat, beraz, emakumea, gerra, zaintza eta artea gurutzatzen dituen meridianoan dago gakoa. «Hain zuzen, suntsiketaren erdian arteak duen lekuaz hitz egin dugu batez ere; nola, tarteka, gorputzetik sentitzen dugun ea zein den film bat egitearen zentzua, zer ekarpen egin dezakegun guk telebistan egunero erakusten diguten genozidio bat egiten ari diren bitartean. Eta, aldiz, genozidio horien protagonistengandik jasotzen dugun erantzuna da baietz, edertasunaz hitz egiten segitzeko gai izan behar dugula, edertasuna sentitzen segitzeko gai, eta egun, gerra bat bizitzen ari den emakume batentzat, kasik iraultzailea dela ezkutuan dagoen edozein alaitasun tokitxo defendatzea ere. Beraz, guztiak ezetz pentsatzera bagaramatza ere, honek guztiak zentzu handia dauka».

De Mellorekin bat etorri da Casagrande: «Badu zentzua elkartzeak, elkar ezagutzeak, elkarri entzuteak eta elkarri kontatzeak. Ederra izateaz gain, beharrezkoa ere bada, botereak gu zatitzea, banantzea bilatzen baitu». «Bai, eta gaztazka bestearena dela sentiaraztea, ez geurea. Gainera, ez bakarrik gerrez ari garenean, patriarkatuak horixe bera sortzen baitu emakume artisten artean: leiha bat. Beraz, espazio horizontal hau, non ideia den aberastea, konpartitzea eta zabaltzea espazioak, giltzarri da», gehitu du De Mellok. «Horri ere erantzuten diogu sareak sortuz, elkartuz, ekinez, batak bestearen berri emanez... Baina baita ere artearen, filmen nahiz liburuen bidez ere», borobildu du Casagrandek.

«Badu zentzua elkartzeak, elkar ezagutzeak, elkarri entzuteak eta elkarri kontatzeak. Ederra izateaz gain, beharrezkoa ere bada, botereak gu zatitzea, banantzea bilatzen baitu».

ORSOLA CASAGRANDEIdazlea, kazetaria eta gidoilaria

Arratsaldean, batez ere zaintzaz eta dibertsitate funtzionalez aritu dira hizketan; zehazki, «nola zeharkatzen duten zaintzek zinemagileen lana eta ekoizpen artistikoa». Eta iluntzean egindako agerraldian, berriz, bilkurako kideek adierazi dute bat egiten dutela Palestinarako su eten eskaerarekin, eta Gernika-Lumon (Bizkaia) gaurko deituta dagoen mobilizazioan izango direla. Halaber, nahiz eta Meridiano Moreak hiru urterako proiektu gisa jaio zen, jakinarazi dute lanean segitzeko gogotsu daudela. Hala, filmak, topaketak, liburuak, performanceak eta beste bilduko dituen programa ibiltari bat aurkezteko asmoa agertu dute. Euskal Herrian hasiko dute ibilbide hori; bideak esango zein meridianotatik segitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.